431 Zenbakia 2008-03-07 / 2008-03-14

Euskonews Gaztea

Gaiak: Emakume gazteak: ekimen bi, adibide bi

IRIGOIEN, Haizea

Argazkiak: Arrate Arin



Datorren martxoaren 8an Nazioarteko Emakume Langilearen Eguna ospatuko da. Asko dira mundu mailan abian jartzen diren ekimenak, baita gurean ere egingo direnak, ziur. Gazteek ere, batez ere emakume gazteek, badute egun feminitate honen kontzientzia eta bertatik, hainbat ekimen garatzeko nahia eta gogoa nabaria da. Ekintza batzuk bidean geldituko dira baina beste batzuek argia ikusiko dute, eta ikusten ari dira jada. Besteak beste, aipagarria da Andresare ekimena, iragan den otsailean plazaratu den web gunea. Usue Arbe eta Edurne Larraza Andresareko aurkezpenean.

Andresarek emakumearen, feminismoaren eta generoaren alorretan egindako lanen erreferentzia bibliografikoak biltzen ditu, baldin eta lanok Euskadiko errealitatea badute mintzagai eta gure inguruan ikertzen duten edo beste edozein leku, interes nahiz egoeratatik gure testuingurua hobetzen lagundu duten pertsonek egin badituzte. Atari honetan, besteak beste, Usue Arbe gazteak hartu du parte, proiektua 2002 urtean martxan jarri zenetik. Arbek hasieratik ikusi zuen proiektu

honen interesa eta buru belarri sartu zen lan taldean. 30 urte bete berri dituen gaztearen hitzetan “edukiak bilatzea eta garatzea izan da bereziki nire lan lerro nagusia eta Euskal Herrian, Estatuan eta Europa mailan ere informazio andana topatu dugu”.

Bestalde, hainbat harreman egiteko eta garatzeko aukera izan du Usuek eta bere aburuz, harrigarriena, mundu mailan, ikerketan, nahiz lanean ari den emakume kopurua da. “Ez nuen uste hainbeste emakume zegoenik ikerketa munduan lanean eta sarritan oso zaila da pertsona guzti hauek ezagutzea, izan ere, argitaratzen ez diren lanen atzean dagoen jendea itzalean gelditzen baita”, dio Usuek.

Lanerako gogoa eta interesa duten emakumezko asko badira ere, ukaezina da, harresi ikusezin batzuen esistentzia sumatzen dela non edo non. Izan ere, hainbat lan lerro edota lan eremutan ez da emakumezkorik ikusten. Edurne Larrazak gertutik bizi izan du gabezia hau, izan ere, Ingeniaritza Informatikan egin zituen ikasketa eta ikasgeletan emakumeen presentziaren beherakada nabarmena izan da azken urteetan. Egoera honen aurrean, irakasle zein ikaslez osatutako e–makumeak izeneko taldea martxan jarri dute; euren helburu nagusiak fenomenoaren egoera aztertzea eta neurriak hartzea dira. Lan lerro honi jarraiki, DVD bat prestatu dute 14–18 urte bitarteko ikasleei zuzendua. Bertan, informatika zer den eta zer nolako ikasketetan banatzen den azaltzen dute lehen kapituluan. Jarraian, informatikan eta historian zehar emakumezkoek izan duten zeresana azaltzen da eta gaur egungo emakume informatikarien argazkiak eta etorkizunean izango direnen iritziak jasotzen dira. Azken kapituluan lan munduan esperientzia duten emakume informatikariei egindako hainbat elkarrizketetatik jasotako iritzietan oinarrituta, gizarteak sinestarazten dizkigun aurreiritziak eta emakumeak barneratuta dauzkan ideiak laburbildu dituzte. Ekimen interesgarria da zalantzarik gabe, informatikaren lan lerroa du ildo nagusi, baina ziur, beste hainbat lan lerrotan ere, zer aztertu eta zer behatu badela.