431 Zenbakia 2008-03-07 / 2008-03-14

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Ione Agirre. (Ingeniaria): Txinan ikusten ditugu emakumeak hemen ikustera ohituta ez gauden lanak egiten; eraikuntza lan asko egiten dute

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Argazkiak: Ione Agirre

Azken bi urteetan Txinan ari da lanean Ione Agirre arrasatearra. Hala ere, ez da denbora guztian han egoten, tarteka, hilabete eta erdi igarotzera joaten da. Gaztea eta emakumea delako eta Emakumeen Nazioarteko Eguna aitzakia hartuta egin diogu elkarrizketa.

Zer ikasi duzu?

Ingeniaritza ikasketak egin nituen Donostian. Ondoren, kanpora joan nintzen zazpi hilabetez, Frantziako Tolosara hain zuzen ere, eta oso esperientzia aberasgarria izan zen. Ordutik eraman dudan bizitza eta hartu ditudan erabakietan eragina izan du zalantzarik gabe. Handik, Danimarkara joan nintzen karrera amaierako proiektua egitera eta harrezkero lanean ari naiz.

Hori ere toki desberdinetan egin duzu...

Bai. Lehenengo ASMOBI enpresan aritu nintzen urtebetez eta orain Fagorren dihardut lanean eta haren bitartez Txinara bidaiatzen dut, Taiyuan herrira, hain zuzen ere.

Urruti samar...

Egia esan ez da bila joan nintzen zerbait. Lan elkarrizketa bat egin nuen eta esan zidaten Txinan proiektu bat aurrera eramateko aukera bazegoela eta, denboraldi batzuk bertan igarotzea eskatzen zuen. Interesgarria iruditu zitzaidan eta han nago orain.

Nongo jendearekin zabiltza lanean?

Gu lanean gabiltzan enpresa Txina iparraldean dago, 60.000 pertsona dabiltza lanean eta 25 kilometro karratu ditu. Siderurgia Handia bezala deiturikoaren barruan sartzen da. Ez da bezero arrunt bat, oso garrantzitsua da guretzako. Prozesu dena egiten dute, arrabiotik hasita bukaerara arte. Mundu guztiko jendea gabiltza txinatarrez gain: euskaldunak, italiarrak, estatubatuarrak, alemaniarrak... Eta nahiz eta konpetentziakoak izan elkarbizitza bat daukagu: hotel berean bizi gara, eta asteburutan–eta, batera irteten gara sarri, esaterako. Ione eta Iera Txinako lantegian.

Zenbat denbora daramazu han?

Bi urte gutxi gorabehera, eta hilabete eta erdiko estantziak egiten ditut. Orokorrean, orain arteko esperientziaren balorazio bat eginez gero, positiboa izan dela esan dezaket, bai arlo profesional eta baita pertsonalean ere. Baina ez da erraza izan, momentu gogorrak egon dira, dena bertan behera uzteko moduan.

Baina momentuz ez duzu egin.

Ez, konturatu bainaiz pertsona bakoitzak barruan indar asko dugula eta horrelako uneei aurre egiteko energia biltzen dugu. Gainera, horrelako kasuetan lankideak ia–ia familia bihurtzen dira, eta nik gainera pertsona klabe bat izan dut proiektuan nirekin lanean, Iera. Ia hasieratik bizi izan dugu esperientzia batera eta momentu zailetan sostengua izan da niretzako, eta badakizu, gauzak konpainia onean egiten direnean errazago eramaten dira.

Kulturalki gainera desberdina da tokia...

Halaxe da. Nire ingurukoek badakite gorabehera asko izan ditudala eta kultura berri horretara eta lan egiteko modura moldatzea ez da erraza.

Nola definituko zenituzke txinatarrak?

Orokorrean oso jende jatorra eta gainera gehienetan laguntza emateko prest daudenak dira. Negozio mailan...zailak.

Zer da egonalditik okerren eraman duzuna?

Niretzako janaria eta garbitasunarekiko duten kontzeptu desberdina.

Eta gehien gustatu zaizuna?

Esperientzia bera. Kultura desberdin batetan lan egiteak asko irakatsi dit: ikasi dut beste bizitzeko modu bat ulertzen, nire burua horretara moldatzen, pazientzia izaten...

Nola ikusten duzu emakumearen egoera Txinan?

Arreta deitu didan zerbait da. Alde batetik familia kontuan mendeko emakumea da, gizonaren beldur dela dirudi, bigarren mailan egongo balitz bezala. Bestalde, lan munduari begiratuz gero, ikusten ditugu emakumeak hemen ikustera ohituta ez gauden lanak egiten: soldatzen, kaleetatik area ateratzen, hormigoi–makinetan... eraikuntza lan asko egiten dute. Kargu altuetan ere badaude emakumeak eta ondo baloratuta gainera. Tibet, 5.000 metroko altueran.

Emakumea eta Txinan.

Lanean nabilen enpresan lehenengo emakume kanpotarra izan naiz (kontutan hartu behar da 15–20 urte daramatela atzerritarrekin lanean). Baina ni sartu ostetik, geroz eta presentzia handiagoa daukagu. Zer nolako jarrera izan duten nirekiko? Nik uste txinatarren aldetik harrera ona izan dela eta baita euskaldunen aldetik ere, baina beti dago salbuespenen bat.

Nola bizi duzu zuk emakume izatea?

Industria mailan oraindik asko dago egiteko. Baina egia da ateak poliki–poliki zabaltzen ari direla eta aurrera egiteko aukerak ikusten ditut. Hala ere, mesfidantza badago, gizonek baino gehiago erakutsi behar dugu, esaterako. Beti da zailagoa emakumearentzat eta urte askotan izango da horrela; bide luzea dago egiteko oraindik.

Baina aldi berean, nik ez dut igarri diskriminazio handirik. Hori bai, emakumea eta gainera gazte izateak baldintzatu egiten nau, esperientzia askorik ez dudala jakin badakite eta. Txinan tratuak egiten ditudan pertsonak gizonezkoak dira eta gainera ni baino zaharragoak, esaterako.

Gaiz aldatuta, herrialde komunista da Txina. Nola ikusten duzu hori?

Oso nabarmenak diren bi klase sozial daude: gobernuko jendeak osatutakoa lehena, eta herritarrena bestea. Pobreak dira azken hauek, baina desberdin bizi dute txirotasun hori. Esaterako, nire laneko txinatar batekin askotan hitz egin dut horri buruz. Berari esaten diot Euskal Herrian jende gehiena erdi mailakoa dela. Eta berak esaten du horrela dela baita ere Txinan. Maila estandarra desberdin ikusten dute.

Pekin 2008. Olinpiadak Txinan.

Herrialde guztia hankaz gora dago, eta Pekinen bereziki izugarri nabaritzen da hori. Hala ere, esan behar dut, inoiz ikusi ditudan aireporturik onenak han daudela esaterako, berriak eta azken momentuko teknologiez hornituta... Oporrak Txinan igarotzeko aprobetxatu dut eta herrialde guztian asko nabaritzen da “eraikuntzan” dagoen herria dela. Adibidez, egun batetan jatetxe batetara afaltzera joan eta hurrengo egunean eraikina botata dago berri bat egiteko. Baina kontutan hartu behar da nola egiten duten lan: hiru errelebotan ordu pila bat sartuz, barrakoietan lo egiten... Lan baldintzak penagarriak dira.

Txinako gauei buruz hitz egin dezagun...

Oso desberdinak dira. Atentzioa deitzen du beraien bizi modurako zein garestia den eta diskoteketan daudenak aberatsak izaten dira normalean. Afaltzen joatea merkea da, baina hortik irtetea beraientzat oso garestia da. Musika aldetik, txineraz abestutako musika dantzagarria nonahi, ikuskizunak...

Eta karaokea.

Bai. Oso ospetsuak dira karaokeak. Negozio bazkarietan–eta, karaokera joaten dira. Gainera txinatarrek orokorrean ongi abesten dutela esango nuke. Eta ausartak dira edozer egiteko: antzezteko...

Amaitzeko, esaguzu han egonda zer duzun faltan.

Dena. Nahiz eta tokira ohitu eta gustura egon, beti sumatzen dituzu faltan familia eta lagunak, janaria... Herrimin puntu bat egoten da beti. Ione Agirre (Arrasate, 1981) Arrasaten ikasi zuen harik eta Donostian Ingeniaritza egiten hasi zenera arte. Azken urtean, Frantziara joan zen zazpi hilabetetarako ikasketak amaitzera, eta ondoren, karrera amaierako proiektua Danimarkan egin zuen. Lan munduan sartu zenetik hortik hara dabil, eta egun, Txinan dihardu beharrean.