432 Zenbakia 2008-03-14 / 2008-03-28

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ipar Euskal Herrian... euskaraz?

BIDEGAIN, Amaia

Baionako fakultateko ikaslea



Euskal Autonomia Erkidegoan, euskara hizkuntza ofiziala da. Nahiz eta tokiaren arabera estatutu ezberdinak ukan, Nafarroan ere lekuka ofizialtasuna badu. Ipar Euskal Herrian aldiz, ez du ezagupen ofizialik, ez du estatuturik eta gizartean nabaritzen da. Hain zuzen ere, 2004 eta 2005 urteen artean Soziolinguistika Klusterrak Iparraldean eraman inkestaren emaitzak esanguratsuak dira. Euskal Herri osoan, eta besteak beste iparraldean, nortasunari eta kulturari lotuak dira, eta praktika eta jarreren identifikatzea zuen helburua, lau gai ezberdin uztartuz: lurraldea, nortasuna, hizkuntza eta kultura.

Gu, Ipar Euskal Herriari dagozkion hizkuntzari buruzko emaitzez arituko gira, euskararen erabilpena aztertzeko balioko baitigu.

Euskarak biziraun dezan modu zuzenena, belaunaldiz belaunaldi hizkuntza helaraztea da. Hain zuzen, ama hizkuntza euskara duenak euskal hiztuna izateko aukera handia du. Alta, zenbakiak begiratuz ohartzen gira euskara gibelka doala ama hizkuntza bakar bezala eta frantsesak garrantzia hartzen duela. Izan ere, galdekatuak izan diren 65 urtez gaineko pertsonen ia %40ak euskara zuen ama hizkuntza; aldiz, 16–29 urte artekoetan %20ra ez dira iristen. Beraz, urteetan zehar transmisioa apaldu egin da, euskaldun zahar kopurua beheitituz. Hori dela eta, euskal hiztun kopurua ez da garrantzitsua eta euskararako gaitasuna xumea da gizartean: %27ak euskaraz ongi edo aski ongi daki, %8ak pixka bat daki eta %65ak batere ez edo hitz batzuk baizik ez.

Hori dela eta, erran behar da ikastolak garatzen ari direla. Ipar Euskal Herriko 24 ikastolak (lehen mailako 20 ikastola, hiru kolegio eta lizeoa) SEASKA federazioaren kide dira. Ikastolak Hezkunde Ministerioari lotuak dira, elkarte kontratupeko eskola pribatuko estatutuaren bidez. Bi mila ikasle baino gehiago eskolatuak dira ikastoletan, ama eskolatik terminalera. Jakin behar da ere, IKAS BI sortu dela, elebidun sailek euskara eta frantsesa erakasten dute.

Baina horren ondoan, eskola eredutik ateratzean gazteak gehiengotan erdarara lerratzen dira eta erran behar da ingurumenak ez dituela laguntzen. Kasik herri guzietan erosketak ezin dira euskaraz egin adibidez, eta egia erran, batzuk ez dira entseatzen ere, hain frantsesa gure eguneroko bizian sartu den .

Horretarako, denek indar bat egin behar dugu, herria hizkuntzarik gabe ez baita bizitzen ahal.

Herria bihotzetan, hizkuntza ezpainetan!