432 Zenbakia 2008-03-14 / 2008-03-28

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Jakes Sarraillet. (Erakaslea): Gazteek dute euskararen lekukoa hartu behar

BIDEGAIN, Amaia ETCHEVERRY, Laure

Baionako fakultateko ikasleak

Euskarazko ikuskaritza karguduna da xiberutar hau. Iparraldean gure hizkuntzak zer nolako egoera bizi duen ondo daki eta horri buruzko datu gehiago jakin nahian jo dugu berarengana. Hona hemen hark esandakoak:

Zure lanaren arabera, zonbat gaztek euskara mintzatzen dute?

Ez ditut kopuru zehatzak eta denak ber zakuan sartzen ditut : ikastolak , eskola publikoak eta pribatuak. Beraz, elebidun sailetan diren haur kopuruak gutti gorabehera horiek dira: - ama eskolan % 40a - lehen mailan % 30a - kolegioan % 17a - lizeoan % 7a

Ohartzen ahal gira haurrak handituz kopurua apaltzen dela, zeri lotua da?

Egia da ikusten dela apaltze bat haurrak handitzean, baina jakin behar da hirugarrenaren ondotik, kolegioan, gazte aunitzek bide profesionala hautatzen dutela eta lizeo horietan euskarak ez duela tokirik ere. Dena den, urteak aitzina eta ama ikastoletan kopurua emendatzen ari da, beraz beste kopuruak ere emendatuko dira berantago.

Desberdintasun bat ba ote da, eskola elebidun eta ikastolen artean?

Desberdintasuna oso nabarmena da, bai. Ikastoletan murgiltze eredua erabiltzen dute, haurrek ttipitatik euskara entzuten eta mintzatzen dute beti, frantsesa berantago heldu da, erran dezakegu haien ama hizkuntza euskara dela, nahiz eta familian frantsesez aritu. Elebidun sailetan euskara ordu guttiago bada, ondorioz bien artean euskarako kalitatea desberdina izanen da.

Eskoletik ateratzean , ez ote dira arazoak kanpoan?

Kanpoan parada gutti dira, familia, kalea... oso desberdina da tokien arabera; hiri handietan parada gutti izanen dira, baserrietan aldiz aunitz gehiago. Hala ere, ohartzen ahal gira gazteak gero eta gehiago euskaraz ari direla. Gaur egun, kalean norbait entzuten baduzu euskaraz mintzatzen, santza gehiago badituzu gazte bat izaitea zahar bat baino.

Zure ustez , zoin da euskararen egoera Iparraldean gaur egun?

Egoera kezkagarria da, bereziki erabilpenaren aldetik, parada gehiago ukan behar ginituzke euskaraz aritzeko. Unesco-ren arabera, XXI. mendean munduko hizkuntzen erdia desagertuko dira, hizkuntza bat salbatzeko haurren %30ak hizkuntza eskolan ikasi behar du. Alde horretatik, gauzak hobetzen dira Ipar Euskal Herrian, laster ama ikastoletan %35a lortuko baita. Baina euskararen maila, kalitatea hobetzeko gero eta gehiago praktikatu behar da eta hor indar egitekoak dira.

Frantses estatuak ez luke euskara laguntzen ahal?

Gehiago egin daiteke beti. Indarrak eginak dira euskal erakundea eta irakaskuntzarekin. Baina gero , lanbideen aldetik , kanpo bizian ez da deus egina. Politikoki indar gehiago ukan behar luke eta dudarik gabe ofizialtasuna balitz, euskararen egoeran lagunduko luke.

Zoin da zure ustez , euskal kulturaren egoera Iparraldean gaur egun?

Barnealdean oso bizia da , ni xiberutarra naiz eta euskal kultura nabaritzen da. Kostaldean aldiz, oso arraroa da, Baiona, Angelu eta xuxtut Miarritzeko hirietan bezala. Baina ez da ahantzi behar hizkuntza eta kultura oso lotuak direla, euskararen tokia inportantea baldin bada, kultura nabarituko da.

Azken hitz bat gazteei:

Gazteek dute euskara erabili behar gaur egun , lekukoa hartu behar dute eta konbentzitu behar dira euskararen geroa haien gain dela. Jakes Sarraillet (Maule, 1959) Xiberutarra da Jakes. Alor desberdinetan aritu da lanean. Irakaslea, euskara ikuskaria, politikaria... Behin baino gehiagotan hartu du parte hauteskundeetan, besteak beste, Abertzaleen Batasunarekin 1998ko martxoaren 15 eta 22an.