Euskonews Gaztea
Gaiak: Asier Hormaza
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Aurpegi ezaguna du Asier Hormazak. Deustun jaio zen (Bilbo), 1970eko martxoaren 21ean, hain zuzen ere. Euskal aktorea dugu, eta bere lanbideari dagokionez, arlo ezberdinak jorratu ditu.
Algortan ikasi zuen, Geroa eta San Nikolas ikastoletan, hain zuzen ere, eta ondoren, herriko institutuan osatu zituen ikasketak. Antzeztea gustuko zuela jakin bazekien gaztetatik, eta horregatik animatu zen antzerki tailerrean izena ematen; halaxe ekin zion zeukan afizio horretan trebatzeari. Hala ere, Publizitatean lizentziatu zen 1993an Euskal Herriko Unibertsitatean; hori bai, antzerkigintza alboratu gabe.
Modalitate denak probatu ditu Asierrek eta antzerkia da horietariko bat. Hala, pertsonaia ugariren azalean sartu da makina bat obratan. Horien artean, eta besteak beste, Mundopolis (1996), Todo Shakespeare, o casi (1997), Katiuska (1999), Muerte accidental de un anarquista (2001), Toda la biblia, o casi (2002) eta Erase una vez...o casi (2003) aipa genitzake.
Baina esan bezala, esparru ezberdinak jorratu ditu Hormazak eta telebistari dagokionez, Hau Komeria (1998), Sorginen Laratza (1999), Metropoli (2001), Made in China (2005) edota Pilotari (2007) saioetan ikusi dugu zer nolako iaioa den aukeratu duen ogibide horretan.
Filmak ere grabatu ditu, laburrak eta luzeak. Esate baterako, Requiem (1998), Clara (1999), Kutsidazu bidea, Ixabel (2006) edota Eutsi! (2007) pelikuletan bere tokia izan du. Helena Taberna zuzendari nafarraren azken lanean ere aritu da, La buena nueva deiturikoan hain zuzen ere. Berarekin, Unax Ugalde gasteiztarrak egin du lan.
Afizioa ofizio bihurtu zuen aspaldi bizkaitarrak, eta lan horretan geroz eta abilagoa dela erakusten du. Beti zerbait berria probatzeko irrikan egoten den horietarikoa izanik ez du baztertzen etorkizunean zerbait idaztera animatzea. Bitartean, dekoratuen artean segituko du pertsonaia ezberdinak interpretatuz.
