429 Zenbakia 2008-02-22 / 2008-02-29
Jean Haritschelhar euskal gizartean pertsona oso ezaguna dugu. Baigorrin jaio zen 1923ko maiatzaren 13an. Bere ibilbide profesionala ez da arlo bakarrera mugatzen eta euskaltzain ohia, politikaria eta literatura ikerlaria izan dela esan dezakegu.
Txikitan, bere herriko eskola publikora joaten zen, baina bertan ezin jarraitu eta Baionara abiatu zen bere heziketari aukera berria emateko. Ikasketetan aurrera egin eta Mont–de–Marsane eta Frantziako Tolosan ikasi zuen baxenafarrak.
Ikasle izatetik irakasle izatera igaro zen, 1952. urtetik 1959ra lan horretan aritu baitzen Ageneko lizeoan. Baina ez zen eskola–emaile zereginean aritutako azken aldia izango, 1962tik 1986ra bitartean Bordeleko Unibertsitatean Euskal Hizkuntza eta Literaturako katedradun izan baitzen. Doktoretza Bordelen zegoela eskuratu zuen, 1969. urtean hain zuzen ere; tesiak, baina, Parisen aurkeztu zituen, Sorbonneko Unibertsitatean. Etxahun poetari buruzko bi lan izan zituen ardatz, bietan ala bietan.
Baionako Euskal Museoko buru izendatu zuten 1962an eta urte hartan bertan beste izendapen bat ere jaso zuen, Euskaltzain oso izateko aukeratua izan zen eta. Euskaltzainburu–orde ere izan zen 1966tik 1988ra bitartean, eta azkenik, 1989an Euskaltzainburu kargua hartu zuen (Aita Villasanteren errelebua hartuz) eta horretan jardun zen 2004.urtera arte.
Hasieran aipatu bezala, politikari lanari ere dedikatu dio bere bizitzako pasarte bat Haritschelharrek; 1971 eta 1980 urte bitartean bere herriko, Baigorriko auzapeza izan zen eta.
Gainera, euskal kulturaren alde eginiko lan handia saritua izan zaio. Besteak beste, Doctor Honoris Causa izendapena eman zion Euskal Herriko Unibertsitateak 1988an eta Eusko Ikaskuntzak, berriz, Manuel Lekuona Saria eskaini zion 2004an.