428 Zenbakia 2008-02-15 / 2008-02-22

Euskonews Gaztea

Gaiak: San Valentin ospatuz?

BEREZIARTUA, Loren



Igaro berri da otsailaren 14a. Eta zer du, bada, berezia egun horrek? Niretzat behintzat, normal-normala izan da; beste batzuentzat, berriz, San Valentin entzutetsua ospatzeko eguna dute. Askotan, dirua xahutu eta maite duten haiei opariak erosteko sasoia.

Ez naiz harritu lehenengoz masiboki egun hori XIX. mendean Amerikako Estatu Batuetan ospatzen hasi zirela jakin dudanean, britainiarrek ohitura inportatu zutenean, hain justu ere. Eta mende bat beranduago (Espainiako kasuan), El Corte Ingl?s deitutako dendek bultzatu zuten San Valentin ospatzeko ohitura.

Dirua irabazi, dirua gastatu. Ikusten dugu eta nahi dugu; esaten digute eta egiten dugu. Hori da gaur egun dugun joera “naturala”. Mundu guztira zabalduta dagoen egun “berezia” da, enpresa erraldoiek gehiago saltzeko sortutakoa eta erabiltzaileon ohituretan eragiten duen data. Baina beti ere, gure esku dago kasu egin nahi diegun edo ez.

Bikoteari otsailaren 14ean maite dugula esatea ondo iruditzen zait zalantzarik gabe, baina garrantzitsua ikusten dut baita ere, otsailaren 12an, ekainaren 16an edota abenduaren 1ean adieraztea. Hau da, egunero egin beharreko ekintzak direla pentsatzen dut, eta ez soilik kontsumoaren gizarte honek asmatutako egun horretan bakarrik.

Ni oroitu ere ez naiz egin otsailaren 14az, baina kontrakoa gertatuz gero, ezer berezirik ez nuke egingo. Egunero ematen diodan muxua eman eta baita eskatu ere... horretan datza eta elkarbizitzak! Eta zerbait oparitu nahi diozula? Sortu zeure kabuz, zure eskuekin eta mila bider gehiago eskertuko dizu ziurrenik.