428 Zenbakia 2008-02-15 / 2008-02-22

Euskonews Gaztea

Gaiak: Miguel Soroa

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Miguel Soroa bere garaiko pilotari esanguratsuenetarikoa izan da. Elduaingo (Gipuzkoa) Ezpeleta baserrian sortu zen 1926ko urtarrilaren 11n eta Tolosan zendu zen 2008ko otsailaren 11n gaixotasun baten ondorioz.

Esan bezala, pilota munduan oso garrantzitsua izan zen Miguel, baina berandu ekin zion profesional gisa aritzeri. Baserri giroko mutila legez, ardiak hartu eta artzain aritu zen lehendabizi, nahiz eta ezker eskuko abilezia herriko frontoian garatzen hasi zen. Gainera bazuen beste afizio bat gipuzkoarrak: infernuko hauspoa. Hala kontatzen zuen berak 2005ko hizketaldi batean: “Hogeita bost urterekin abiatu nintzen pilota profesionalaren mundutik. Lehen ez nion kasu larregirik egin, nahikoa bainuen soinujolearen afizioarekin. Han ibiltzen nintzen “infernuko auspoarekin” festaz festa, bazterrak alaitzen. Gainera Elduayengo organularia nintzen. Baina ezkondu nintzenean erabat aldatu zitzaizkidan ohiturak eta pilotan ongi nenbilela ohartu nintzen”.

Debuta 1951. urteko urtarrilaren 13an izan zen, Donostiako Gros pilotalekuan. Halaxe hasi zen 22 urte iraungo zuen ibilbide profesionala eta garaipen ugari eskuratu zituen urte horietan zehar. Guztira 1.416 partidu jokatu zituen eta besteak beste, 1954. urtean Eibarren Barberitori irabazi eta urteko eskuz banakako txapeldun izatea lortu zuen. Urte hartan bertan, lau eta erdiko finala jokatu zuen Ogetaren aurka Gasteizen eta txapela jantzi zuen. Garai hartan, ez ziren binakako partidurik jokatzen ia, eta hori dela eta, bere palmaresean ez dago horri buruzko erreferentziarik.

Soroak pilotalekuak betetzen zituen; jendeak bere ezkerkadarekin gozatzen zuen eta Soroa zihoan tokira joaten ziren haiek ere. Kirol merituaren domina eskuratu zuen hala Miguelek 1968. urtean, eta 1971. urtean, berriz, Gipuzkoako kirolaririk onena izendatu zuten.

Hogeita bi urteren ostean erretiroa hartu zuen, eskumuturreko minak sufritzen zituelako besteak beste. Baina pilota munduari estuki lotuta jarraitu zuen, Azurmendirekin batera Eskulari izeneko enpresa sortu baitzuen 1973. urtean.

Ibilbide oparo hori pilotazaleen memorian geratuko da urte askotarako, eta nahiz eta utzi gaituen, gaur egungo gazte askok erreferente izango dute aurrerantzean ere Miguel Soroa handia.

Soroarekin edukitako hizketaldia irakurtzeko, sakatu hemen.