428 Zenbakia 2008-02-15 / 2008-02-22
Batzuentzat formula antitetikoa dirudien arren, ez du zertan hala izan(ik). Homosexualek ere elkartu, familia osatu eta buraso izateko nahia erakusten dute. Haatik, oraingoz ezin dute legez bikote homosexual gisa familiarik sortu.
Hiztegiaren arabera ezkontza homosexuala (gizon eta emazte baten batasun legitimoa) formulazio oximorikoa da. Ezkontzaren aldekoen arabera ordea, denok izan behar dugu familia bat sortzeko aukera, jadanik existitzen diren familia homoparentalek familia direnaren errekonozimendua izan dezaten. Kontrakoek, aldiz, ezkontza berezitasun heterosexualtzat daukate eta bikote esteril baten batasuna ez da ezkontza izaten ahal haien aburuz. Kontsiderazio erlijiosoek pisu handia dute argumentu hauetan.
Oro har, familiaren metamorfosia konstatatzen dugu azken urteotan. Geroz eta ama (edo aita, nahiz eta gutxiago izan) gehiagok bakarrik hezten dituzte haurrak. Familiak zatikatuak dira, dibortzioa dela–eta, edo beste hainbat arrazoi direla medio, eta buraso bakarreko familiak gero eta zabalduago daude. Horrek ez du inor oldartzen. Alabaina, homoparentalitateak bai. Familia homoparentala buraso bat gutxienez homosexuala izateari deritzo. Hemen nahiko fenomeno marjinaltzat badaukagu ere, Quebec–en, anitz aitzinatu da legea. 2002az geroztik, legisladoreak batasun zibil bat plantan eman du haur batek sexu bereko burasoak izatea ahalbidetzen duena. Hala ere kontestu sozialean zailtasun anitz bada eta usu haurrak diskriminazioaren biktima dira.
Beti ere, homoparentalitatearen ildotik, buraso homosexualek hezi haurraren oreka da kontrakoen kezka. Ameriketako Estatu Batuetan, ikerketa batzuk ari dira egiten horri buruz eta emaitzak agertzeko oraino goizegi bada ere, lehen azalpenek ez dute inongo desberdintasun adierazgarririk erakusten haur horien eta besteen artean.
Homoparentalitatea ez onartzeak adopzioaren problematika dakarkigu. Hain zuzen ere, buraso homosexualek ez dute adoptatzerik, bakarrik bizi diren pertsonek ordea bai.
Batasun zibila, ezkontza ezean homosexualei gelditzen zaien aukeretariko bat da. Batzuk aitzinamendu gisa ikusten dute, besteentzat aldiz legea ez da bururaino joaten.