Euskonews Gaztea
Gaiak: Ama hizkuntza
Ba al dakizu munduan zenbat hizkuntza hitz egiten diren? Zehatz inork ez dakien arren, adituen arabera 6.000 eta 7.000 artean dago kopurua; hainbatek hiztun pila bat dute eta beste batzuk, ordea, galtzeko zorian daude.
Oso garrantzitsua da hizkuntzak babestu eta gordetzea; hau da, hiltzen ez uztea. Zenbait ikerlarik baieztatzen dutenagatik, gizakia hitz egiten hasi zenetik 30.000 lengoaia desagertu dira mundutik. Eta beste datu kezkagarri bat ere iritsi zait belarrietara: urtero ia hamar galtzen direla, alegia.
Gutariko askok, jaiotzen garenetik hiltzen garenera arte hizkuntza berdina erabiliko dugu. Baina zer gertatzen da galtzeko zorian dauden lengoaiez baliatzen diren pertsona, eta oro har, herriekin? Horiek bigarren lengoaia ?handiago? bat ikasi beharko dute egunerokoari aurre egiteko. Horregatik, garrantzitsua da ?txiki? baina aldi berean garrantzitsuak diren horiek babestea, mundua aberasgarri bilakatzen duen faktore bat baita hizkuntzena.
Kulturetan garrantzia handia duen osagaia; perrexila saltsa guztietan bezala, egon beharko litzateke hizkuntza herri bakoitzean. Zirikatzeko erabili, maitatzeko, borrokatzeko, konbentzitzeko... denetarako balio digula pentsatu eta beraietaz ez ahaztu...
Askok uste dute ez dela ezer gertatzen hizkuntza horiek galdu eta denok berbera erabiliko bagenu, gauzak errazagoak liratekeela... Baina ez da horrela. Otsailaren 21ean ospatzen da ama hizkuntzen nazioarteko eguna, behintzat, gogoeta egiteko data.
Ahaztu gabe geurea, euskara, lengoaia gutxitu bat dela... nola handitu? Nola indartsu bilakatu? Bideak topa ditzagun, eta ez dezagun historiako liburuetan behin existitutako pasarte huts soil bezala agertzen utzi.