422 Zenbakia 2008-01-04 / 2008-01-11

Euskonews Gaztea

Gaiak: Urte berri...asmo berri!

OLALDE, Aitziber



Buruko minez ohean etzinda, edo goizean goiz jaiki, txandal eta zapatilak jantzi eta mendira joaten hasi dute askok urte berria. Berdin da nola jaikitzen garen, izan ere gehienok hartzen ditugu ilusioz eta indarberrituta hasierako egun, aste edota hilabeteak. Denok izaten ditugu xedeak ekin berri dugun urtean zehar burutzeko. Desberdinak izaten dira asmoak, eta ezberdinak baita ere lorpenak edota porrotak.

Nork ez du pentsatu aurtengoan kirol gehiago egingo duela? Edota zenbatek diote erretzeari utziko diotela? Edota gehiago aurreztuko dutela? Eta nori ez zaio bururatu pertsona hobea izatea?

Lagun asko animatzen dira gimnasioetan izena ematera, modan dauden aerobic edota spinning ikastaroetako hitzordu guztietara joango direlakoan. Dendara joan eta ekipamendu berriak eskuratuta bizimodu berriari ekiten diote... Baina zenbat denboraz? Izan ere askok ez dute bi hilabete besterik iraungo, eta gutxi izango dira abendua iritsi eta helmuga lortu dutela ikusten dutenak. Eta berdin lanean gora egitea proposatu direnekin, esaterako.

Horregatik, profesional askok diote helmuga errealistak jarri behar ditugula, ezingo baitugu nahi dugun guztia lortu. Azken batean, gure nahiak betetzen ez badira, frustraziora eraman gaitzake eta hori ez da osasunarentzat ona.

Arrazoi horrexek eraman nau bolaluma hartu eta paper batean honakoa idaztera: gehiago irakurriko dut, telebista gutxiago ikusi, lanean gogor saiatu, lagunen lagun izan eta batez ere, aldamenekoei txarrik ez egiten saiatu. Nik uste nahikoa asmo on direla hasteko eta horiek betetzen ditudan heinean, beste batzuk gehituko ditut zerrenda horretara. Akaso sukaldeko trikimailu batzuk ikasi edota armairuan ahaztuta ditudan patinei hautsa kendu eta berriz ere oreka bilatuko dut. Desmoralizatu gabe, urratsez urrats, egunez egun, aurrera ekin eta iazkoan baino gauza gehiago lortzen saiatuko naiz, beti ere nire eskura daudenak. Eta zuk?