422 Zenbakia 2008-01-04 / 2008-01-11

Euskonews Gaztea

Gaiak: Urduñako historia

ZARAOBE Institutuko lantaldea

Amurrio

Argazkia: Maria Barriola.

Urduña 1229. urtean fundatu zen hiribildu gisa, Bizkaiko seigarren Jaunak, Lope Diaz de Harok, hiri gutuna eman zionean. Sortu zutenetik argi ikusi zen merkataritzarako enklabe estrategiko modura zuen garrantzia, batez ere Ipar Europak Gaztelako artilea lortzeko erresuma horrekin egiten zituen salerosketei dagokienez, hiribildu honetatik pasa behar baitzuten. Horren ondorioz, Bizkaiko Jaurerriko hiri titulua eman zioten 1467an, eta halaxe erakusten du Enrike IV.aren errege zedulak.

XVI. eta XVII. mendeak garrantzi handikoak izan ziren Urduñaren garapen ekonomiarentzat, 1535. urtean sute handi batek ia hiri osoa kiskali bazuen ere. Izan ere, merkataritza plaza handi modura sendotuta jada, eskualdean eta nazioartean proiekzio handia izatea lortu zuen.

Urduña Gaztelarekin lotzen zuen gurdibidea hobetzen ahalegindu ziren XVIII. mende osoan, eta azkenean, 1774. urtean bide berria inauguratu zuten. Aduanaren eraikina eginez osatu zen lan hura, Karlos II.aren eta Karlos IV.aren erregealdien artean. Aduana etxea funtzio horrekin 1792an hasi zen lanean, eta hiriko merkataritza salerosketen gune bihurtu zen laster.

XIX. mendeak halako gainbehera bat ekarri zuen Urduñara, alde batetik mende horretan izan ziren gerra ugarien ondorioz, eta bestetik, 1841ean aduanak kostaldera eraman zirelako. Horren guztiaren ondorioz, hiriak ordura arte bete zuen lehentasunezko tokia galdu zuen, eta karlisten lehen porrota gertatu ondoren, foruak galdu ziren.

Industriaren garapena oso txikia izan zen hirian, baina neurri batean horrek bere ondareari eta baliabide historikoei edota ingurumen ondareari eusteko modua eman dio. Urduña XX eta XXI mendeetan

Urduñak beti sona handia izan du bere balore historikoengatik baina gaur egun bizi duen egoera ez da alkateak kanpotarrei saltzen dien irudia, dena ondo doala eta abar. Urduñan turismo fenomenoa jasaten ari da eta herriko arazoak dakartza eta herriko biztanleak baztertzen dira. Urduña, turistek asteburuetan lo egiteko tokia bihurtu nahi dute.

Urduñan arazo asko daude; gazteok, adibidez gaztetxea bota zutenetik ez dugu biltzeko tokirik eta udalak ez ditu aukerak ematen. Gazteok udaletxearekiko independentzian lan egin nahi dugu baina alkateak ez du hori onartzen. Hori aldatu nahian gabiltza gaur egun urduñar gazteak.