Euskonews Gaztea
Gaiak: Mariasun Landa
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Gazte literaturan erreferente dugun gipuzkoar hau 1949. urteko ekainaren 5ean jaio zen Errenterian. Beti egon da literaturari lotuta. Izan ere, oso gazte zela hasi zen idazten, berak gogoratzen duela aitortzen du, 15-16 urte zituenean hasi omen zen lehenengo ipuinak idazten.
Filologia ikasi zuen Parisen eta 1973. urtean lizentziatu zen. Irakasle lanetan ere ihardun du, Oinarrizko Heziketan, IRALE eta Donostiako Unibertsitate Irakasle Eskolan, esaterako.
Baina bere lana medio desberdinetatik jaso dugu, esate baterako, hedabideak lagun izan ditu urte guzti hauetan. Hala, aldizkari eta egunkarietako kolaboratzaile ere ikusi dugu Mariasun.
Liburu ugariren sortzailea dugu Landa. Amets uhinak izan zen bere lehen argitalpena eta hortik makina bat lan irten dira bere burutik. Txan Fantasma (1984), Izar berdea (1985), Aitonaren txalupan (1988), Iholdi (1988), Izeba txikia (1988), Kleta bizikleta (1990), Sorgina eta maisua (2000), Galtzerdi suizida (2001), Krokodiloa ohe azpian (2002) eta Haginak eta hilobiak (2005) dira horietariko batzuk.
Mamu txiki batek lagundu zion Lizardi Saria eskuratzen. Izan ere, 1982. urtean Txan Fantasma liburua saritu zuten. Bestalde, 1991. urtean Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria eman zioten Alex ipuinarengatik. Jaso duen azken saria Espainiako Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala izan da, 2003an.
Eusko Ikaskuntzako Jakiunde akademiako kidea izendatu zuten 2007ko urriaren 25ean beste 25 pertsonekin batera.
Irakurri hemen Euskonews Gaztean kaleratutako elkarrizketa.