422 Zenbakia 2008-01-04 / 2008-01-11
Amurrioko Antzokia 2005eko maiatzaren 20an inauguratu zuten. Egun horretan hainbat saio ezberdin (musika, antzezlana, baleta...) taularatu ziren han bildutako ikuslegoak egoitzak zer nolako aukerak ematen zituen ezagutzeko. Gainera, eraikuntza pausuz pausu nola egin zen ere azaldu zitzaien bisitariei. Aipatzekoa da, antzoki berri hau aspaldi Lavire Zinema zegoen eremuan eraiki zutela, 22 etxebizitzetako eraikuntza baten zatia izanik.
Kultura eraikuntza berri honek duen zabalera 1.000 m2takoa da. Aretoaren sotoa biltegirako erabiltzen da eta beheko solairua kultur aretorako gunea dugu. Eszenatokiak 10,5 metro zabalera eta 7,5 sakonera hartzen ditu. Eserlekuak orotara 274 pertsonentzat aurreikusita daude butaka aretoan (6 elbarrientzat izanik) eta anfiteatroan berriz, 106 eserleku egokitu dituzte. Zaraobeko ikasleak, sari banaketa egunean.
Aretoko ezkerraldean kamerinoetarako, jantzietarako eta antzokiko langileentzako sarrera eta ibiltokia daude. Solairuen arteko aldean anfiteatroa dago eta bertan aurretik aipatu ditugun eserlekuez gain proiekzio-kabina dugu. Tarteko solairu honetan biltzeko gelak, bulegoak, biltegi txiki bat eta komunak daude.
Inaugurazio egunetik gaur arte Antzokiak hainbat kultur arlo ezberdinetako saioak eskaini dizkie Amurrioko eta inguruko biztanleei. Esate baterako, zinea (bi pelikula astero, umeentzako bat eta nagusientzako beste bat), antzerkia (gutxi gora behera, bi hilabetean), Amurrioko Musika Eskolaren kontzertuak, opera, baleta eta abar luze bat ikusteko aukera eman digu, prezio onean gainera.
Bestalde, eta amaitzeko, aipatu Zaraobe Institutuko II. Bideo eta XIV. Literatur lehiaketaren sariak antzokian banatu zirela 2006an, eta ikasle pila bat eta baita hauen lagun eta senitartekoak ere, hara hurbildu ziren saridunak nortzuk izan ziren ezagutzeko asmoz.