418 Zenbakia 2007-11-30 / 2007-12-07

Euskonews Gaztea

Gaiak: Uste baino aukera gehiago dituzu....

IRIGOIEN, Haizea



Badakit itota ibiliko haizela. Etsaminak direla, eskolaz kanpoko klaseak, futbola, antzerkia, igeriketa.. nork daki! Hainbeste gauza! Eta nola ez, ongi pasatzeko, lagunekin egoteko eta atsegin duan neska edo mutil horrekin egoteko aitzaki bilatzeari ere denbora apur bat dedikatu beharko diok, ez?

Hala ere, 10 minutu eskatzen dizkiat, besterik ez, izan ere abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna da eta zer edo zer hausnartu behar diagu. Agian pentsa dezakek, Eta niri zer! Ez zait horrelakorik axola, baditiat beste buruhauste batzuk... Bai, ziur horrela dela, denok ditugu -eta hainbat ardura. Hala ere, euskaldunok arduratzen ez bagara ez du inork egingo. Izan ere, hizkuntza gurea da, ez beste inorena eta gure ardura da erabiltzea, zaintzea eta aberastea.

Bazarete batzuk euskara gauza guztietarako erabili ezin dela pentsatzen duzuenak. Hartara, iraintzeko, futbolean aritzeko, barrez lehertzeko, ligatzeko, lagunekin hitz egiteko, jende berria ezagutzeko, ziria sartzeko, maitemintzeko, haserretzeko, adarra jotzeko... gaztelerara jotzen duzue. Esan beharra dut ordea, aukera mordoa galtzen ari zaretela, ez euskaraz egiten ez duzuelako, gure hizkuntzak oraintxe aipaturikoak egiteko aukera anitzak ditu eta. Besteak beste, babalorea, inuzentea, kilimak sortzen dizkidazu gorputz guztian, hoa popatik hartzera! eta beste hainbeste adibide ere jar genitzake arestian aipaturiko guztia egiteko.

Beraz, ez hadi lotsatu, orain soilik, ez badakik iraintzeko, futbolean aritzeko, barrez lehertzeko, ligatzeko, lagunekin hitz egiteko, jende berria ezagutzeko, ziria sartzeko, maitemintzeko, haserretzeko eta adarra jotzeko zein hitz dituan gogoko topatu beharko dituk!

Horrez gain eta ekimen dibertigarri batean parte hartu nahi baduk, Zazpiak batman kolektiboak bultzatutako SMSez euskaraz idazteko dekalogoan parte hartzeko aukera duk. Nahi duen orok parte har dezake eta horrela nahi duan moduan komunikatu ahalko diagu:

Hauek dira mezuak euskaraz bidaltzerakoan aintzat hartu beharreko 10 arauak:

1. Ez dago araurik. Hizkera berri honetan denak proposamenak dira. Baita liburu honetan agertzen direnak ere.

2. Ulertzen den guztia balekoa da.

3. Hizkera hau kolektiboa da. Denon artean asmatu eta eraiki behar dugu. Are gehiago, mezuak euskaraz bidaltzen ditugun neurrian sortuko da.

4. Ahalik eta pultsazio gutxien erabili.

5. Bokal gehienak soberan daude. Gehienetan, kontsonanteen bidez uler genezake hitza (skrriksk = eskerrik asko)

6. Ahoskatzen ez denez “h”a ez da ia erabiltzen, akronimoetan ez bada (HEHBS = “Hi ez hago burutik sano”).

7. Zenbakiak eta zeinuak nola ahoskatzen diren, hala erabili (2ar = bihar)

8. Batua eta euskalkiak, denak dira baliagarriak. Berba egin, hitz egin edo mintzo zaren bezala idatzi. Eta zuena, besteenarekin aberastu (J2x).

9. Maiuskulak hitzak nabarmentzeko erabiltzen dira. OIHUKA ARI ZARA!

10. Ongi pasa eta gutxi gastau!