Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Larraitz Arando. Psikologo eta Sexologoa: Zure gorputzaren desirak entzun eta errealitatera eraman itzazu
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Zer ikasi zenuen?
Hezkuntza formalari dagokionez, Donostian eta 6 hilabetez Florentzian (Italian) psikologia ikasi nuen. Ondoren, sexologia ikastera bi urtez Madrileko Incisexera (Gradu-ondoko Sexologia Ikasketak egitera) joan nintzen. Egia esan, prestakuntza akademikotik at gelditzen diren hainbat ikastaro eta esperientzia burutu nituen urte tarte horietan eta askotan hezkuntza formalak irakatsi didana baino gehiago erakutsi didatela esan nezake. Argazkia: Larraitz Arando.
Zerk bultzatuta sartu zinen sexologia munduan?
Bizi izan nituen egoera zehatz batzuengatik. Sexu harremanetan izaten nituen bizipen batzuk, horren atzetik egon litekeena arakatzera eraman ninduten.
11 urte zerbitzua martxan jarri zela. Zein balorazio egiten duzu?
Oso positiboa. 11 urtez horrelako zerbitzu bat martxan izan eta bizirik egoteak gauza asko adierazten ditu.
Zer aurki genezake bertan?
Sexualitatearekin lotutako gaien inguruko aholkularitza; HIESa, antisorgailuak, desira orientazioa, harreman sexualetan zailtasunak, emergentziazko antisorgailuen informazioa, praktika erotikoak, desira falta, bizipen sexualak, auto-estimulazioa, haurdunaldiak... Honez gain, SEXUALITATEAREN INGURUKO hitzaldiak, lehiaketak, antzerkiak, erakusketak eta ikastaroak antolatzen ditugu.
Zer nolako zalantzak izaten ditugu orokorrean erabiltzaileok?
Kezkak ezberdinak dira oso. Batzuk errepikatzen dira baina kezka antzerakoak sortzen dituzten bizipenak oso ezberdinak izan daitezke.
Nolako jendea gerturatzen da Sexologia Zerbitzura?
Adinari dagokienez, denetatik; gaztetxoak, gazteak, gurasoak eta edadetuak ere etorri izan dira. Perfil finko bat ateratzea nahiko zaila da. Sexuari dagokionez, hasiera batean gehien bat emakume edo neskak ziren gerturatzen zirenak. Gaur egun berriz, parekatuta daude.
Horren harira, noiz izaten duzue kontsulta gehien: udan, neguan...
Beti ez da berdin baina udazken eta udaberrietan jendea gehiago gerturatzen dela esango nuke.
Nola ikusten ditu gaur eguneko gizarteak sexuaren inguruko gaiak?
Nahasketa handia dago. Kontzeptuak nahasten ditugu eta SEX duen edozer gauza poltsa berean sartzen dugu. Honek gure bizipenak izendatu eta azaltzea zailtzen du askotan.
Gazteek gai horien inguruan naturaltasunez hitz egiten dutela uste al duzu?
Naturaltasuna oso erlatiboa izan ohi da. Agian, kasu gehienetan naturaltasunez aritzea lotsatuta eta isilpean hitz egitea litzateke baina jendarteak hori ez du ?natural? gisa ulertzen. Badirudi naturala izateko ezaugarri batzuk bete behar dituela (ozen hitz egin, gorritu gabe...). Ezin dugu ahaztu sexualitate gaiak orain arte jasan duen ibilbidea; honen ondorio da askoren gaurko naturaltasuna.
Igaro berri da Gay, Lesbiana eta Transexualen Askapenerako Nazioarteko Eguna. (ekainak 28). Esan liteke, homofobiak bizirik jarraitzen duela. Nola ikusten duzu egoera?
Egia da homosexualitatearen inguruan mugitzen diren taldeek lan handia egin dutela eta beraiei esker, gizartea sentsibilizatzen hasi dela. Txalotzeko lana egin dute baina oraindik zer egin handia dago. Herri mailan lesbianen egoera latzagoa dela esango nuke. Argazkia: Sexologia Zerbitzuko webgunetik hartuta.
Sexua, sexualitatea eta erotika.
Sexu kontzeptuaz mintzatzean, emakume edo gizon izateaz mintzo gara. Sexuen arteko ezberdintasun fisiko, psikologiko eta sozialez hain zuzen ere. Emakume eta gizon egitea bizitza osoko prozesu bat da; jaio aurretik hasi eta hil arte irauten duena.
Sexualitatea sexutuak izatearen prozesua bizi eta sentitzen dugunari deritzo: gizon edo emakume izate prozesua bizi eta sentitzeko moduari.
Erotika aurrez esandako guztia adierazteko modua litzateke; nolakoa den eta nola bizi duen. Hau desira, keinu, jokaera eta fantasien bitartez egin daiteke.
Uda garaia izanik, jendeak gehiago ligatzen duela esaten da. Baina uste al duzu gogoratzen dutela sexu segurua praktikatzeaz?
Sobera dakigu zer egin beharko genukeen eta zer ez. Askotan arau guztiak apurtzen ditugu baina ez dakizkigulako. Horretarako arrazoi asko daude baina uste eta sinesmen okerrek horretara bideratzen gaituzte (preserbatibo gabe plazer gehiago, hilerokoarekin haurdunaldia ezin da gertatu, sarketa da egin beharreko praktika?). Beraz, sexu segurua nola izan informatzeaz gain, heziketa kontua ere landu beharko litzateke.
Zein gomendio emango zenioke gazte bati?
Sexu praktiken inguruko sinesmen asko daude eta guztiak ez sinesteko. Beti uste horiek frogatzen itsu-itsuan joan beharrean, bere gorputzaren desirak entzun eta errealitatera eraman ditzala. Larraitz Arando (Aretxabaleta) Larraitz Arando aretxabaletarrak Psikologia ikasi zuen Donostian eta Florentzian. Ondoren, hainbat bizipen pertsonalek Sexologian espezializatzera eraman zuten. Azken lau urteotan Arrasateko Sexologia Zerbitzuan dihardu lanean eta aitortu digunez jende ugari gerturatzen zaio zalantzak argitzeko asmoz. Oraindik, lan handia egin behar dela uste du.