401 Zenbakia 2007-06-29 / 2007-07-06

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Eneko Pou. Mendizalea: Batzuetan ez zara gailurrera iritsiko, baina esperientzia zoragarria bizi izan duzu eta horrekin geratzen zara

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Eneko eta Iker Pou mendizale arabar gazte bi dira. Munduan zehar ibiltzen dira, mendi desberdinak eskalatuz. Ez dute denbora asko pasatzen etxean eserita, beti baitabiltza proiektu berriak martxan jartzen. Baina tartetxo bat hartu dute gure galderei erantzuteko. Azken lau urteetan 7 Pareta 7 Kontinente deiturikoa burutzen ari dira. Zertan datzan azaldu digu Enekok, bi anaietatik nagusienak Euskonews Gazteari eskainitako elkarrizketa honetan.

Noiz hasi zinen eskalatzen?

1991. urtean hasi nintzen serio eskalatzen, baina egia esan mendizale familia da nirea. Beraz, esan daiteke hasi-hasi gurasoek zeramatzaten motxilatan hasi ginela Iker eta biok eta lehenengo hiru milakoa bospasei urterekin egin genuela.

Gehienetan bi anaiak batera ibiltzen zarete. Baina ulertu al daiteke Iker eta Eneko bakarka?

Bai noski. Nahiz eta orain arteko ia ibilbide guztia batera egin dugun, Iker gehiago murgildu da goi mailako arroka eskaladan eta ni gehiago alpinismoan eta eskian. Beraz uler daiteke, baina egia da gure indarra taldea dela. Lurgorri izeneko bidean eskalatzen. Argazkia: Jabi Baraiazarra.

Zertan zabiltzate orain?

Antartikako proiektua aurrera eramatea da garrantzitsuena momentu honetan. Abenduan joango gara printzipioz, eta hala, 7 pareta 7 kontinente proiektu handiarekin amaituko genuke. Horretan gabiltza buru-belarri, laguntzak bilatzen eta espedizioa prestatzen. Paper mordoa bete behar ditugu hara joateko, eta luze egiten da. Udan nonbaitera joango gara baina bestea dugu buruan batez ere.

Nola entrenatzen zarete horretarako?

Psikologikoki ondo prestatu behar gara, motibatuta egotea garrantzitsua da asko sufrituko dugulako. Prestaketa fisikoari dagokionez, asko eskalatu behar dugu, ia egunero eta korrika egin, ariketa aerobikoak...

Kontatu pixka bat 7 Pareta 7 Kontinente proiektua.

Ushuaiatik 12 metroko itsasontzi batetan irtengo gara. Hornosko lurmuturra zeharkatuko dugu Hoces itsasoa edo Drake Igarobidea bezala ezagutzen denetik; hau munduko itsaso arriskutsuena da. Horma arrokatsua itsasertzean egongo da. 500-1000 metro inguru eskalatuko ditugu. Guretzat zerbait berria da, ez dugulako horrelako esperientziarik izan aurretik. Beraz, urduritasun apur bat badugu. Bi hilabete inguru egingo ditugu abentura horretan.

Zertan pentsatzen duzu horma batetik zintzilik zaudenean?

Ba egia esan oso kontzentratuta joaten gara, eta gainera, etxe guztia daramagu gainean: lo egiteko koltxonetak, janaria.... Hamakara sartu arteko denbora guztian zehar zerbait egiten ari zara eta akaso zakuan sartzean etortzen zaizkizu etxeko oroitzapenak, lagunenak... Baina ez da komeni sarritan hortaz pentsatzea, gogorragoa egiten da bestela. Lurgorri bidea. Argazkia: Jabi Baraiazarra.

Zer behar da eskalatzeko?

Batez ere motibazioa. Ez da erreza egunero motibazio hori aurkitzea. Mendia hobbya da baina baita lana ere. Baina ondo moldatzen gara horretan.

Zein izan da zuretzat lorpenik zailena?

Nik uste orain egingo duguna izango dela lortuko dugun zailena, bost urtetan eraman dugun 7 Pareta 7 Kontinente egitasmoaren barruan. Bost urte oso gogorrak: altuerak, eskalada zailak...

Etorkizunerako beste asmorik?

Inoiz ez dugu arazorik izan proiektu berriak aurkitzeko, imajinazio handia dugu eta. Punturik kritikoena izango litzateke ideia faltan egotea, nire ustez. Horren kontra borrokatu behar da etengabe, baina printzipioz ez dugu arazorik izan.

Ikastetxez ikastetxe, elkartez elkarte ibiltzen zarete zuen bizipenen berri ematen.

Bai, hala da. Azken bi hilabeteetan toki askotan egon gara bai Euskal Herrian eta baita estatu espainiarrean ere. Lehen gehiago kostatzen zitzaigun, baina geroz eta gehiago gustatzen zaigu lan hau. Jendea gure ametsetan sartzea lortzen dugu eta polita da. Argazkia: Jabi Baraiazarra.

Gailurrera iristean gozatzen al duzue gehien?

Gailurrera gehienetan oso nekatuta iristen zara eta ez da horrenbeste gozatzen. Eta ondoren jaitsierak arriskutsuak dira eta kontuz joan behar da. Nire ustez prozesu osoan zehar gozatzen duzu, bizitako momentu guztiez: oinarrizko kanpamenduaz, ezagutu berri dituzun pertsonez... eta sarritan ez du zerikusirik gailurra lortzearekin. Batzuetan ez zara gailurrera iritsiko, baina esperientzia zoragarria bizi izan duzu eta horrekin geratzen zara.

Zer izan da zuretzako Lurgorri bidea irekitzea?

Kirolari garen aldetik, guretzako oso garrantzitsua izan da. Bide berri bat irekitzea oso zaila da gaur egun, izan ere aurreko generazioek 80 eta 90.hamarkaden hasieran ireki zituzten bide gehienak. Zortea izan genuen ideia bat izan genuelako; munduko pareta-biderik zailenetariko batean marra polit bat marraztu genuen gure buruan eta irekitzea lortu genuen.

Sentimentalki, aldiz, aspalditik nahi genion Lurgorriri eta orokorrean Azkarraga familiari omenalditxo bat egin eta oso pozik gaude.

Zer egingo zenuke eskalada utzi beharko bazenu?

Egia esan ez dugu inoiz halakorik pentsatu. Beti hurrengo proiektuan murgiltzen gara eta ez dugu horren epe luzera begiratzen. Mendizaletasuna beti praktikatu daiteke, nahiz eta maila desberdinean izan.

Hala ere, izango duzue beste zaletasunen bat.

Lagunekin irtetea izugarri atsegin dugu, zinemara joan, korrika egin, bizikletan ibili, eskiatu... Gure ezaugarri bat da ezin garela geldi egon. Hori bai, denbora libre pixka bat dugunean itsasora joaten gara. Horregatik, Antartikako esperientzia gogorra izango den arren, asko disfrutatuko dugula ziur. Eneko Pou (Gasteiz, 1974) Oso gazte zela hasi zen mendiarekiko lotura berezia sentitzen eta afizioa ofizio bilakatzea pentsatu zuen. Hala, anaia Ikerrekin batera munduko hainbat eta hainbat txokotako paretak igo ditu. Bestalde, Euskal Herriko Goi Mendiko irakaslea da eta baita eski irakasle diplomatua ere. 2003. urtetik hona 7 Pareta 7 Kontinente deituriko espedizioan dabil Ikerrekin. Abenduan Antartika aldera joango dira.