Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Unai Basurko. Itsasgizona: 159 egun itsasoan bakarrik egon arren, denbora gutxi nuen dibertimenturako
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Nondik datorkizu itsasontziekiko zaletasun hau?
Nire gurasoekin hasi nintzen nabigatzen ume nintzela, Getarian, itsasontzi txiki batetan. Hazten joan ahala, txalupa ere handitzen joan zen. Geroz eta ordu eta egun gehiagoz praktikatzen nuen nabigazioa, eta hortik datorkit zaletasuna.
Itsasontziren bat al zenuten familian?
Bai, aitak 8 metrotako itsasontzia erosi zuen eta aukera genuen guztietan erabiltzen saiatzen ginen: asteburuetan, oporraldi gehienetan... Inbertsio bikaina da ahalik eta probetxu gehien ateratzen badiozu. Argazkia: ON EDITION
Zer sentitzen da bakarrik nabigatzean?
Taldean nabigatzearekin alderatuta, askozaz ere sentipen handiagoa duzu, bai itsasontziarekin eta baita itsasoarekin duzun erlazioan ere. Aldi berean, askoz gogorragoa da, lan gehiago eskatzen dizun ekintza da.
Taldean edo bakarka ibiltzea nahiago duzu?
Nik uste nabigatzea atsegin dugunok modu guztiak ditugula gustuko. Izan ere, tripulazio on batekin aritzea oso dibertigarria da eta baita txapelketetan parte hartzea ere. Edota oporretan joatea belaontzi batetan. Azken finean barietate asko eskaintzen dizun kirola da eta denek dute abantaila.
Baina akaso 159 egunetarako...
Bai. Bakarrik hobeto. Bizikidetzarengatik, batez ere. Baina garrantzitsuena gozatzea da beti.
159 egun bakarrik. Zein izan zen momentu gogorrena?
Hasiera oso zaila egin zitzaidan. Denbora mordoa pasatu nuen dena prest izateko. Txapelketa hasi eta berehala arazoak izan nituen eta berriz ere itzuli behar izan nuen abiapuntura. Psikologikoki momentu txarrena izan zen.
Pentsatu al zenuen inoiz txapelketa uztea?
Ez, inoiz ez zitzaidan horrelakorik burutik pasa ere egin. Zailtasunak zailtasun, beti pentsatzen nuen itsasontziak irauten zuen bitartean nik ere iraungo nuela.
159 egunetan zehar bakarrik egonda, entretenimenduren bat izango zenuen.
Egia esan ez dago denbora askorik dibertitzeko, denbora gehiena lanpetuta egoten baitzara: belei jaramon egiten, janaria prestatzen, apurtutakoak konpontzen, atseden hartzen... Baina denbora libre pixka bat nuenean, irakurri edo abestiren bat edo beste entzuteko aprobetxatzen nuen. Argazkia: ON EDITION
Zein musika mota?
Denetarik, momentuaren arabera lasaiagoa edo mugituagoa nahiago nuen.
Zertan pentsatzen da horrenbeste denbora bakarrik igarotzean?
Gauza ugari etortzen zaizkizu burura. Meditatzeko aprobetxatu nuen, bizitzan egindakoaz, lagunez, familiaz, txapelketaz...
Eta etxera iristerakoan zer sentitu zenuen?
Gogorra egin zitzaidan. Bi urtetan zehar aktibitate jarrai bat izan nuen eta amaitzean gogorra egin zitzaidan gelditzea. Baina banabil noizean behin itsasora ihesaldiren bat edo beste egiten.
Zertan zabiltza orain?
Ba noizean behin nabigatu egiten dut, baina batez ere Velux txapelketan bizitakoa kontatzen dihardut.
Hartuko al zenuke berriz ere proba horretan parte?
Bai, zalantzarik gabe.
Momentu honetan esango balizute hartu itsasontzia eta joan zaitez. Zein toki aukeratuko zenuke?
Galiziara joango nintzateke. Hemendik gertu egon arren, ikusgarria iruditzen zait. Argazkia: ON EDITION
Eta erronka bezala?
Nahiz eta aurreragorako planak egiten hasi naizen, printzipioz atseden hartzea nahi dut bakarrik.
Motzean: Zer da zuretzat...
Itsasoa? Erantzukizun handia eskatzen duen askatasuna Portugalete? Nire herria Euskal Herria? Itzultzeko toki bat Velux? Egia bihurtu den ametsa Haizea? Lagun bat Elkano? Aitzindari bat mundu honetan
Bukatzeko. Zer esango zenioke bela munduan hasi nahi duen norbaiti?
Hasteko ez duela zertan gazte izan behar. Berdin dio zein adinak nola sexuak. Eta onena, probatzea dela. Lan asko eskatzen duen kirola izan arren, ematen dituen pozak ere asko dira era berean. Gainera aurrekontu guztientzako txalupa bat dagoela esango nioke, eta itsaso-eskola batera joan eta probatzeko aukera dagoela. Beraz, animatzeko. Unai Basurko (Portugalete, 1973) Itsasoa maite du bizkaitar gazte honek eta galdetuz gero, bere pasioa nabigatzea dela erantzungo dizu. Getarian hasi zen txikia zela barkuan ibiltzen gurasoekin, eta ordutik makina bat itsasontzitan ibili da hamaika abentura biziz. Azkena, Velux 5 Oceans txapelketa. Bertako hirugarren postua lortu du aurten. 159 egun egin zituen bakarka nabigatuz munduari itzulia ematen. Berriz ere parte hartuko lukeela ziurtatu du. Erreferente asko ditu mundu honetan, baina beti ere itsasoa errespetatzen dutenak.