399 Zenbakia 2007-06-15 / 2007-06-22

Euskonews Gaztea

Gaiak: Denok dugu zer egin Argantzunen

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Bigarrenez ospatuko dute Araba Euskaraz festa Argantzunen. Toki berezia euskaldunentzat, izan ere, Burgoseko administrazioaren pean dagoen Arabako txokoak borrokan dirau euskal nortasuna mantentzeko.

Aurtengo jaialdiak lau kilometroko luzera izango du eta lau gunez osatuta egongo da. Horietan, adin guztietako jendeari zuzendutako ekitaldiak nagusi izango dira goizetik arratsaldera arte. Lehenengo gunea

Herrian bertan egongo da aurreneko gune hau. Ikastola, frontoia eta dorrea bilduko ditu bertan eta jaiari hasiera bertan emango zaio. Goizeko 10:30etan izango da hori.

Gainera, herri kirolek, edota pilotak ere tokia izango dute gunean. Gaztetxoenek ere gozatu ahal izango dute bertan, Euskal Herriko behi famatuak, Betizuak Izar Artean, bertan arituko baitira 13:00etatik aurrera.

Arratsaldean berriz, trikitilari ezagunen txanda izango da. Batek baino gehiagok gorputza dantzan jarriko dute Tapia eta Leturiaren erritmoen eskutik. Zadorran barrena

Erreka inguruan antolatu dituzte bigarren guneko ekitaldiak. Eta antolatzaileek garrantzia eman nahi izan diote Zadorra ibaiari. Horretarako, ordu batzuez ibaia nabigagarri bihurtuko da eta horretarako, zenbait txalupa jarriko dituzte.

Baina hori ez da izango guneak eskainiko duen bakarra. Izan ere, Pirritx eta Porrotx pailazoak, dantzariak eta bertsolariak arituko dira bertaratzen diren guztiak entretenitzeko asmoz. Sexty Sexers beratarrak. Argazkia: Sexty Sexers. Musika, hirugarrenean

Askotariko doinuez gozatu nahi duenak, Araba Euskarazko txoko hori bisitatu behar du. Izan ere, talde desberdinen musikaz blai egongo da ordu batzuez Argantzun inguratzen duten zelaiak. Besteak beste, Sexty Sexers beratarren rock & rola (13:45etan), Neubat gasteiztarren rocka (15:30etan) eta Betagarriren ska eta reggae kantuak (17:30etan) nagusi izango dira. Azken horiek gainera, jaialdiaren abestia sortu dute. Azkena, futbol zelaia

Lau kilometroetako azken gunea futbol zelaian egongo da kokatuta. Bertan, globo aerostatiko bat jarriko dute nahi dutenek Trebiñoko bazterrak airetik ezagutu ditzaten. Bestalde, eskalatzek parada egongo da eta baita tailer desberdinetan aritzeko aukera. Eta gose geratzen direnek izango dute zer jan, txahal eta oilasko pintxoak egong dira dastatzeko eta.

Jaialdiko abestia entzun nahi baduzu, klikatu hemen