398 Zenbakia 2007-06-08 / 2007-06-15

Euskonews Gaztea

Gaiak: Mutrikuko merkatu plazaren egoera

ANTIA, Usua

DBH 4.mailako ikaslea

Historia pixka bat

Orain dela 60 bat urte, gutxi gora-behera, Mutrikuko baserritar gehienak joaten ziren merkatu plazara beraiek landutako produktuak saltzera. Merkatu plazan ez ziren baserritarrak soilik elkartzen, baita lora saltzaileak, harakinak, arrain saltzaileak eta fruta saltzaileak ere. Garai hartako jendeari galdetu diogu ea sarritan joaten ziren bertara erosketak egitera. Eta hauxe erantzun digute gehienek: Mari Pilar lora saltzailea erosle batekin.

Behin bertara joanda, han egiten zituzten erosketa guztiak eta bertan pasatzen zuten goiza baserritarrekin eta saltzaileekin hizketaldi goxo-goxoa mantenduaz. Oraindik ere badago jendea sarritan joaten dena bertara erosketak egitera, baina pentsatzen dugu merkatu plaza berrituz gero, hau da, arrandegia, harategia eta abar jarriz gero, jende gehiago joango litzatekeela erosketak egitera.

Orain, momentuan, 7 baserritar soilik bertaratzen dira, beraien baserriko produktuak saltzeko asmotan, baina askotan alferrik joaten direla iruditzen zaiela ere aipatu digute, ez baitute ezer saltzen eta horrek izugarrizko amorrua ematen die. “Txorakeria bat iruditzen zaigu beste herrialde batzuetako elikagaiak kontsumitzea, baserriko produktuak alde batera uzten ditugun bitartean. Izan ere, ezin da horrelako aukera onik alferrik pasatzen utzi. Hemendik urte gutxira ez da Mutrikuko baserritarrak ekoiztutako elikagaiak jaterik izango”, esan dute. Saltzaileekin hizketalditxoa

Isabel Elorza, Aritza baserriko andreak esan digu bera egunero joaten dela baserriko produktuak saltzera. Mota guztietako barazki eta fruituak eramaten ditu.

Mari Karmen, Ibiri baserriko andreak esan digu bera asteazken eta ostiraletan joaten dela baserriko produktuak saltzera. Honek ere klase guztietako barazki eta fruituak eramaten ditu. Bide baserriko Begoña lanean.

Maritxu Jauregi, Itsas gain baserriko andreak, bestalde, esan digu bera ez dela neguan egunero joaten, baina udan, eguraldi ona egiten duen egunetan, han ikusiko dugu bere mahaian eserita txintxo-txintxo baserriko produktuak saltzen. Bera da plazako saltzailerik beteranoena. Honek barazkiak eramaten ditu saltzeko.

Begoña, Arrimieta baserriko andreak esan digunez, bera asteazken eta ostiraletan joaten da bere baserriko produktuak saltzera. Honek ere, era guztietako barazkiak eramaten ditu.

Begoña, Bide baserriko andrea astearte eta ostiraletan joaten da bere baserriko elikagaiak saltzera. Honek ere, aipatu digunez, era guztietako barazki eta fruituak eramaten ditu.

Usua Antia, Kantea baserriko iloba berriz, larunbatetan eta eskolan jai duenean joaten da azokara. Bera da plazako saltzailerik gazteena. Honek ere era guztietako barazki eta fruituak eramaten ditu.

Saltzaile gazteenaren eta beteranoenaren artean urteen alde handia dagoen arren, guztiak oso ondo konpontzen dira. Beti daude batak bestea laguntzeko prest. Alkatearen iritzia

“Aspalditik datorren ideia da merkatu-plaza berritzearena, zaharkituta geratu delako, eta hori eguneratu nahi dugu lan batzuk eginda”.

Horren inguruan baita ere esan digu ez dagoela saltzaile asko eta horrek pena ematen diola. “Hori indartzeko era bat berritzea, txukuntzea eta egokiago jartzea litzateke. Baina horrek konpromiso bat dakar, ez bakarrik udaletxearen aldetik baizik eta jendearen aldetik ere bai, leku horri erabilgarritasun bat emateko”.

Bestela, alferrik litzateke hori berritzea, jendeak ez badio leku horri erabilgarritasunik ematen, eta Dia, Eroski eta abarrera joaten badira. Horren ondorioz, normala baino gehiago kostatzen ari zaie nolakoa, zertarako... egin behar den erabakitzea. Mutrikuko komertzioa indartu nahi duela esan digu, ez bakarrik plaza merkatua, baita harategi, arropa-denda... ere.

“Bizitzeko era aldatzeak eraman du merkatu plazara jende gutxiago joatea: lehen andreak ez zuten lanik egiten eta orain bai. Horren ondorioz, lana egiten dutenak ezin dira merkatu plazara joan eta erosketak bertan egin, eta horregatik, saltoki-gune handietan egiten dituzte aste guztirako erosketak”.

Alkateak esan digu bera prest dagoela plaza merkatua berritzeko, baina baita ere eskatu du, horri erabilgarritasuna emateko, jendeak prest egon beharko lukeela bertan postu bat jartzeko. Hori horrela izan ezean, alferrik litzatekeela han lan bat egitea. Zorraren aitorpena

Baserritarrek izugarrizko meritua dute, merkatura joaten baitira beraiek ekoiztutako produktu anitzak guri eskaintzeko itxaropenarekin. Baina sarriegitan salmenta epelak izaten dituzte. Hori gehiago gerta ez dadin bertara gonbita egiten dizute bertako baserritarrek, fruta-saltzaileek eta lora-saltzaileek. Ea guztiok batuta merkatu plazari falta zaion bizitasuna ematen diogun.

Eskerrak eman nahi dizkiet testu hau egiten lagundu didaten baserritar, lora-saltzaile, fruta-saltzaile, saltzaile izandako andreari, alkateari eta baita erosleari ere. Mila esker guztioi.