Euskonews Gaztea
Gaiak: Urduñako Artea
DBH 4.mailako ikasleak
Urduñako arteari buruz hitz egingo dugu artikulu honetan. Urduña Burgos eta Arabako lurraldeen artean kokatutako Bizkaiko udalerria da; mendizerra baten magalean dago. Arteari dagokionez oso aberatsa dela esan dezakegu, eta hiru multzotan bereiziko genuke. Monumentuak
Urduñako hirigunea “Hirigune Historiko Monumentala” da. Hiribilduaren fundazioaren arrazoi nagusia merkataritzak hartutako garrantzia izan zen. 1229. urtean Lope de Haro Bizkaiko seigarren Jaunak Gasteizko Forua eman zion. Foruaren kontzesio hura hiri-garapenerako abiapuntua izango zen.
Izan ere, harresiaren barneko biztanleak garai hartako ezegonkortasunaz babesturik egoteaz gain, hainbat pribilegioz gozatu zuten Foruari esker, eta ondorioz, sekulako aberastasuna sortu zen merkataritza jardueren inguruan.
Urduñako monumentu zibil eta erlijioso ugari oparotasun haren erakusgarri izan ziren. Gaur egun berriz, erabat desagertu dira haietako asko. Ibilbide honek zutik dirauten eraikin horiek ezagutarazi nahi dizkie bisitariei. Andra Maria elizako erretaula. Elizak
Gaur egun hiru ermita baino ez dauden arren, garai batean hogei ziren. Geratzen direnak Gertakari Onaren Andre Maria ermita, Pozako ermita eta Done Erroman ermita (Zedelikan) dira. Elizei dagokienez, gaur egun sei daude; horietatik, lau Ruzabalen eta gainerako biak hirigunean kokatuta daude.
Beste batzuk desagertu egin dira, adibidez, San Juan eliza. Horri Antiguako Santutegia gehitu behar diogu. Ibilbide hau Jasokundeko Andre Mariaren Parrokiaren, Familia Sakratuaren elizaren, Antiguako santutegiaren eta oraindik zutik dirauten ermiten artean garatzen da. Elizarik garrantzitsuena hau da:
Jasokundeko Andre Mariaren parrokia: Tenplu gotiko honen eraikuntza XIII. mendean hasi eta XV.ean amaitu zuten. Eliza hau gotorleku ere izan zen eta argi ikusten da hori ekialdeko fatxadaren goiko aldean: errondako pasealeku batek horma bularrak zulatzen ditu altuera gutxiko habeen bidez. Gurutze latindarreko trabadura du: hiru nabe ditu eta alboetan sei kapera. Hamazazpigarren mende bukaerako erretaula du eta 1589. urteko hesiak pizkunde garaikoak dira. Armarriak
Urduña artisautzarekin eta merkataritzarekin lortutako jardueraren gorapenaren emaitza da. Horren ondorioz hainbat leinu eta familia noble finkatu ziren bertan eta hauei esker hainbat fatxadatan ikus daitezke armarri desberdinak. Urduñako hirian hogeitik gorako daude.