Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Jojo Bidart. Nafarroaren Eguneko Bultzatzailea: Hastapenean abertzaleak, gazteak, eta kultur astea antolatu zutenak bestan izaiten ziren, bainan horien aparte jendea uzkur zen
BIDART, Amaia BIDART, Ramuntxo IRIGARAY, Graxi NEGUELOUA, Mikel
Batxilergoko lehenengo mailako ikasleak
Baigorriko gazte talde batek ukan zuen ideia hori, Basaizeako elkartekoek hain xuxen. Elkarte hori euskal kultura bultzatzeko sortu zen, kulturaren ahultzea senditu zutelako. Noiz eta zein helbururekin sortu zenuten Nafarroaren eguna?
Ongi orroitzen banaiz, duela hogeita zortzi urte sortu genuen. Baigorriko kultur astea hasi ginuen eta lehen kultur astean berean egun baten antolatzea pentsatu ginuen. Egun horren helburua, hastapen batean, nafartarren arteko harremanen sendotzea izan zen, mugaren gainetik.
Orduan urte hortan berean edo hortik hurbil, birazkatzeak hasi ginituen Baxe Nafarroako eta Nafarroa Garaikoen artean. Lehen urte hartan Tafallako gazteekin harremanetan sartu ginen. Bestalde errazki kontaktuak ukan ginituen Nafarroa Garaikoekin, alde batetik, Baigorriko gaiteroek Iruñeko gaiteroekin ikasi baitzuten musika jotzen. Bestaldetik, dantza taldea harremanetan jarri zen Hegoaldeko talde batzuekin, eta azkenik naturalki sortu zen.
Baigorriko egoera politikoa tentsioz betea zen Nafarroaren Egunaren hastapenan. Herria bitan zatitua zen: abertzaleak eta abertzaleen aurkakoak. Herritarrek baigorriar abertzaleak gaizki ikusten zituzten. Hastapen hortan, beraz, besta militante bat zena nola usaietan sartu den azaltzen ahal diguzu?
Baigorrin aski zaila zen 80-81ean gauzen egitea, publikoki egitea eta agertzea. Oroitzen niz lehen Nafarroaren Egunetan Baigorriko etxeetako leihoak aski zerratuak zirela. Herritar abertzaleak, gazteak, eta kultur astea antolatu zutenak hor ziren, bainan horien aparte jendea uzkur zen, ez ziren menturatzen jitea eta urruntasun bat bazen herritarretarik. Baigorri momento horietan aski zatitua zen. Bainan poliki-poliki aurre iritziak gelditu dira eta Nafarroaren Egunera beti eta jende gehiago hurbildu da.
Badakigu Nafarroaren egunaren helburua mugaz gainetik Nafartarrak beti harremanetan direla erakustea dela. Gaur egun besta horrek ildo beretik segitzen ote du?
Bai, pentsatzen dut oraindik ildo bera duela. Jadanik parte hartzaile gehiago bada, lana partekatua da: bazkaria Garazi eta Baigorriko ikastolek dute haien kondutan hartzen, eta horrez gain beste elkarte batzu etortzen dira Baxe Nafarrotik ostatuetan laguntzeko. Gainera, jende batzu ere jiten dira eskukaldi baten emaiterat.
Ondorioz, ohartzen gira urtetik urterat egin den zerbait dela, eta beti lan haundi bat bada ere, pentsatzen dut gaur egun izpiritu bera atxiki duela bestak. Horrek erran nahi du, mugaz bi aldetik ditugun harremanak euskaldunen artean, bereziki Nafarroan Berean, atxikitzea eta baliatzea. Hala ere, hastapenean nafartarrak baziren beste probintzietakoak baino gehiago etortzen ere, orain ohartzen gira jende gero eta gehiago Euskal Herri osotik etortzen direla. Beti Nafarroaren Eguna gelditzen bada ere, zazpi probintzietatik jendeak etortzen ikusten ditugu . Hori da beraz ikusi dutan aldaketa ttipia. Nafarroaren Eguneko protagonista nagusia.
Zuk zer aldaketa ikusi duzu besta hori hasi zenetik?
Hastapenetik hori, gero eta jende gehiago etortzen dela, denak besta egiterat etortzen direla Euskal Herri guzitik. Bestalde, aitzinetik aipatu bezala, hastapen batean ez bazen ere hain errex abertzale mundutik harat beste jendeekin harremanetan sartzea, orain ikusten dugu abertzale ez diren jende frango ere etortzen direla. Ohartzen gira hori pixka bat Herri Urrats bestan bezala dela, oinarria beti hor bada ere beste jende batzu etortzen direla eta, hots, parte hartzen dute gogotik besta horretan, besteek bezala.
Beraz erran duzun bezala etortzen diren jende ez badira denak abertzaleak, hala ere bestaren funtsa segituz jiten ote dira?
Bestaren egiterat etortzen direnetan batzuek bai, batzuek ber helburua segitzen dute, eta beste batzuek ez. Bainan hori normala dela pentsatzen dut, eta besta guzietan bezala denak onartzen ditugu. Bestalde, uste dut antolatzaileek besta horren zinezko helburua argi dutela, eta badakite zer mezu pasarazi nahi duten. Erran nahi baitu kultura bat badugula, eta euskararen inguruan dugun kultura hori oraindik biziarazi nahi dugula Nafarroaren Eguna bezalako besta batzuen bitartez. Baxe Nafarroan bizi girenez nafartarrak gira, eta Nafarroa mugaz gainetik dela adierazi nahi dugu. Beraz, euskaldun guziekin besta egiten dugu gure kultura biziaraziz.
Ondorioz, laburbil dezakegu, besta horren hastapenak zaila baziren ere, abertzaleen artean egiten zen besta ttipi bat zelako, gaur egun ohartzen gira besta horren hastapeneko helburua nonbaiten bete dela nafartarren arteko harremanak azkartu dituelako eta orain Euskal Herri guzitik jendeak biltzen dituelako. Eta nahiz eta ez duten heldu diren jende guziek besta horren funtsa segitzen, gaur egun besta eder bat bilakatu da. Jojo Bidart (Baigorri, 1957) Batxilergo zintifikoa lortu eta gero, fisikako ikasketak egin zituen Bordelen. Metriza ukan arte han egon zen eta ondotik Iparraldeko barnekaldera itzuli zen lanaren aurkitzeko. 1981 urtean Irulegiko Irratiaren sorrera bultzatzen du eta baita Nafarroaren Eguna sortzeko bultzada eman ere.1986 urtean, bost edo sei urtez Xalbador kolegioan lan egin zuen fisikako erakasle gisa, beti irratiaren osatzailea izanez. Bernat Etxepare lizeoa sortu zenean, denbora erdiz fisikako erakasle gisa lan egiten hasi zen. Manera horretan bere denbora Irulegiko Irratia eta lizeoko lanaren artean partekatzen du.