Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Gorka Fernandez. Ibilaldiko Koordinatzailea: Igande honetan, zatoz Balmasedako ikastolari laguntzera!
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Noiztik zabiltza koordinatzaile lan hori egiten?
Orain dela urtebete hasi nintzen, azken Ibilaldiko antolatzaileek, Elorriokoek, testigua pasa zigutenetik.
Ez da lehenengo aldia Ibilaldia Balmasedan ospatzen dela.
Ez. 2000. urtean ere hementxe izan zen. Azken urteetan ikastolak aldaketa sakonak izan ditu. DBH ezarri genuen orain dela bost urte eta etapa berri hori aurrera ateratzeko instalazioak berritu behar izan ditugu. Gainera, eraikin berri bat egin genuen. Hori duela hilabete batzuk inauguratu zen. Guzti horrengatik behar ekonomiko handi bat sortu zitzaigun. Inbertsio fuerte batean sartu gara eta arrazoi hori dela medio antolatu behar izan dugu bigarrenez Balmasedan. Gorka ikastola aurrean.
Beraz, zein helburu ditu aurtengo Ibilaldiak?
Esan dizudan bezala, zama ekonomikoa arintzea da lehenengoa eta bigarrena ikastolaren proiektua hedatzea. Enkarterrin dagoen ikastola bakarra gara eta duela urte batzuetatik hona hazkunde proiektu batean gaude murgilduta. Balmasedara gain, Enkarterri osora hedatu nahi gara. Aipatzekoa da Mena bailarako (Burgos) ikasleak ditugula baita ere. Beraz gure proiektu hori ezagutarazteko erabiliko dugu aurtengo jaialdia.
Eskaintza handitu duzuela aipatu duzu.
Bai. 1998 urtera arte haur hezkuntza genuen bakarrik, eta mojen ikastetxe batekin ere bagenuen akordio bat. Baina hauek joaterakoan instalakuntza horiek ikastolak hartu zituen eta haur eta lehen hezkuntzako ikastola bihurtu zen. Eta orain bost urte haur, lehen eta bigarren hezkuntza eskaintzera pasa ginen.
Nola ikusten duzu euskararen egoera Balmasedan, eta orokorrean, Enkarterrietan?
Guztiok dakigun bezala, Enkarterri eskualde erdalduna da, aspaldi galdu zen euskara bertan. Baina hainbat erakunde eta eragilek gure hizkuntza berpizteko lanean dihardute. Gaur egun gazteen ehuneko handi batek euskara jakiteko aukera du, eta jakin badaki nahiz eta erabilerari dagokionez oraindik lan handia egin behar den. Eta horretan gabiltza.
Aurten Korrika ere eskualdean hasi zen.
Bai, halaxe da. Badirudi berriz ere gogoratzen hasi direla ia ahaztuta zegoen eskualde honetaz: Korrika Karrantzan, Ibilaldia Balmasedan... eta euskararen berreskurapenean lagunduko dutela uste dut. Elorrioko Ibilaldiko antolatzaileengandik testigua jasotzen.
Instituzioen aldetik egin al daiteke zerbait gehiago?
Beti egin daiteke zerbait gehiago. Hala ere azken urte hauetan jarrera aldatu egin dela uste dut. Udaletxearen aldetik, biziberritze planak... pausuak eman dira eta bide onean gaudela ezin ukatu.
Nola ikusten duzu ikastolen aldeko jai hauetan azken urteetan eman den aldaketa?
Azken batean gauza guztietan bezala eboluzio bat eman da eta antolakuntza aldetik medio gehiago daude, gauza gehiago egiteko aukera dago... Jendearen erantzuna konstantea izan da azken urteetan eta jende ugari etortzen da beti ikastolen proiektuarekin bat egitera eta kolaboratzera.
Zer azpimarratuko zenuke igandeko ekitalditik?
Balmaseda bera azpimarratuko nuke. Bizkaiko lehenengo hiribildua da eta ezagutzen ez duten guztiek maiatzaren 20an ezagutzeko aukera dute. Ibilbidea bera polita eta erakargarria da. Balmasedak hiribildua eta natura tartekatzen ditu eta benetan bisitatzea merezi duela uste dut.
Zer esango zenioke jendeari animatzeko?
Gure eskualdea bezalako ikastola batek laguntza behar duela, Enkarterrik laguntza behar duela. Hemen euskararen apustua beste toki batzuetan baino txikiagoa da tamalez eta deia egiten diet euskaltzale guztiei gurekin bat egiteko. Eta azken batean igandean ondo pasatzeko aukera izango dutela eta aprobetxatzeko. Gorka Fernandez Sei urte daramatza Gorkak Balmasedako Zubi Zahar ikastolaren zuzendari bezala. Azken urtean, gainera, Ibilaldia 2007ko koordinatzaile lanetan ere dihardu. Bizkaiko Ikastolen Jaiaren edizio hau ospatuz lortu nahi dutena argi du: Zubi Zahar dena izatera heltzeko egindako bidean sortu diren behar ekonomikoei aurre egitea batetik. Bestetik, ikastolaren proiektua eskualdera zabaltzea.