394 Zenbakia 2007-05-11 / 2007-05-18
Zenbat urte daramatzazu eskalatzen?
Hamar urte nituela hasi nintzen eskaladen munduan murgiltzen eta aurten hogeita lau beteko ditut. Beraz, oker ez banago 14 urte inguru daramatzat eskalatzen.
Zergatik hasi zinen eskalatzen?
Suposatzen dut gustatzen zitzaidan jarduera bat zelako hasi nintzela. Arazo eta buruhausteez ahazten laguntzen zidan eta pixkanaka lotzen joan nintzen. Nire buruarekiko erronka bezala hartzen nuen eta ongi sentiarazten ninduen. Naturarekin kontaktua, lagunekin konpartitzeko momentuak, erronka gogorrak gainditzearen zirrara eta eskalatzea bera. Egia esan gauza asko dira eskaladara lotu nautenak.
Zenbat egun eskalatzen dituzu astero?
Egunero edo sei egunetan behintzat eskalatu ohi dut. Baina hau entrenamendu denboraldian izaten da. Txapelketa garaietan astean hiru lau egun soilik ezin dut eskalatu, atsedena oso garrantzitsua baita.
Entrenatzea gustatzen zaizu?
Entrenamenduetan garrantzitsuena ondo pasatzea da eta gustatzen zait, azken finean gustatzen zaidana ari naiz egiten, eskalatu. Dena den, egia da batzuetan sufritu egiten dela, baina sufrimendu horrek garaipenak gozagarriago egiten ditu.
Espainiako txapelduna izateko entrenamendu bereziak eduki dituzu?
Bai noski. Edozein helburu lortzeko garrantzitsua da planifikazio eta entrenamendu bat eramatea.
Espainiako txapelketa irabazteak ateak ireki dizkizu?
Ate asko ez, baina interesatzen zitzaidan ate bat behintzat zabaldu dit. Hurrengo urterako Espainiako eskalada selekzioaren barruan nago eta munduko kopara joateko txartela lortu dut. Hori zen aurten lortu nahi nuen helburuetako bat.
Zure familiako inork eskalatzen al du?
Nire aita tximino xamarra da, baina ez du eskalatzen, kar, kar, kar!! ez egia esan nire familian mendira joateko zaletasuna da handiagoa baina eskaladan ez dira aritzen. Nire neba Egoitz joaten da noizean behin eskalada-murrura.
Zein tokitan entrenatzen duzu?
Urte hasieran Gasteizko Templo izeneko lokal pribatu batean ibiltzen nintzen entrenatzen. Orain, ordea, Eibarreko polikiroldegiko panelean entrenatzen dut. Instalakuntzak egokiagoak dira eta gusturago ibiltzen naiz bertan. Bestetik, noizean behin Europako eskalada-murruetan zehar ibiltzen gara trebatzen.
Haitzak edo eskalada-murruak, zein nahiago dituzu?
Nahiago dut haitzean eskalatzea, askoz gozagarriagoa da eta baita dibertigarriagoa ere.
Zenbat denbora behar duzu bide bat egiteko?
Hori bidearen araberako da. Proiektu handietarako hainbat hilabete eta batzuetan urte bete ere behar izaten da. Baina orokorrean aste batean edo aste pare batzuetan epe laburrerako proiektura kateatzea lortzen dut.
Zein da egin duzun biderik zailena?
Ongi etorri 8b Baltzolako kobazuloan.
Zein da gehien gustatu zaizun bidea?
Apellanizen kateaturiko Nazka bidea 8a+ mailakoa.
Zer esango zenioke jendeari eskalatzen hasteko?
Probatu, praktikatu eta gustatzen bazaizue errepikatu.
Zer gustatuko litzaizuke irabaztea hurrengo urtean?
Aurten Espainiako kopak hatz puntetatik ihes egin dit eta hurrengo urterako helburu polita izango litzateke. Baina zoriontsu izatea da bizitzako lorpenik handiena.
Arropa berezirik jantzi behar dituzu eskalatzeko?
Eroso sentitzen naizen arroparekin eskalatzen dut. Ez da berezia, nire estiloarekin bat datoren arropa besterik ez.
Hurrengo urterako proposamen berezirik ahal duzu?
Niri ez didate proposamenik egin, baina, nik asko ditut egiteko. Adibidez eskaladarako diru laguntzak handiagotzea.
Zer pentsatzen dute zure gurasoek eskalatzaile izateagatik?
Eskalatzen gustura eta zoriontsu sentitzen naiz eta gurasoek horrela ikusten nautenean ere zoriontsu dira. Beti lagundu didate nire helburuetan eta urte honetan inoiz baino gehiago.
Dieta berezia jarraitu behar duzu?
Denetarik jan baina pasatu gabe, hori da nire dieta, beste sekreturik gabe. Dena den txapelketen aurreko astean pisua kontrolatzea komeni da txapelketara arin eta forman iristeko.
Aspertzen al zaitu beti berdina egiteak?
Hainbeste bide ezberdin daude munduan eskalatzeko, nola aspertu!
Nola ikusten duzu Euskal Herriko maila emakumeengan?
Bizitzako beste arloetan bezala eskaladan ere emakumeak bere tokia betetzen ari dira. Gero eta emakume gehiago animatzen dira kirol edo jarduera honetara eta afizio moduan hartzen dute. Gainera maila politean aritzen dira 7c eta 8a edo 8a+ bideetan kasu. Nire ustez aurrera doa. Dena den txapelketetan ez da harkaitzean nabaritu den gorakada hori nabaritzen. Penagarria da, izan ere txapelketetan eskalada promozionatzeko modu polita da eta baita ondo pasatzeko eta motibatzeko ere.
DI-DA BATEAN
Bide bat? White Zombie 8c Musika estilo bat? Reggaea Eskalatzaile bat? Ni neu, Natalija Gros, Patxi Usobiaga? Kolore bat? Berdea Hondartza ala mendia? Galdetzea ere! Mendia! Janari bat? bat bakarrik?patatak edozein modutara Urtaro bat? Udazkena Irati Anda (Gasteiztarra) Hogeita lau urteko gasteiztar honek ibilbide oparoa du eskalada munduan. Hamar urte daramatza horretan eta garaipen ugari lortu ditu. Azkenetariko bat, Espainiako Txapelketa irabaztea. Haitzean eskalatzea nahiago duen arren, garrantzitsua iruditzen zaio eskalda-muruetan trebatzea abilezia hartzeko, eta horretarako, besteak beste, Europan zehar ibiltzen da.