393 Zenbakia 2007-05-04 / 2007-05-11
Bilbo Bizkaiko uriburua izanik Euskal Herriko uririk populatuena da. Bertan bizi diranak bilbotarrak dira, 353.567 hain zuzen be, eta 40km2 ko azaleran bizi dira. Bilbo Handia mendebaldetik ekialdera, Muskiztik Galdakaora hedatzen da eta iparraldetik hegoaldera, Plentziatik Arrigorriagara. Bilbo “Botxo” izenagaz be ezagutzen dogu Pagasarri, Artxanda eta Arnotegi mendiez inguratuta dagoelako. Bilboko Katedraleko atea.
Bilbo Diego Lopez de Haro Bizkaiko jaurerriko jaunak sortu eban 1300eko ekainaren 15ean. Hasieran hiru kale bakarrik egozan Somera, Artekale eta Dendarikale eta eliza bakarra Santiagoko katedrala zan. Gitxika-gitxika biztanleria hazi egin zan eta zazpi kaleak sortu ziran. Bilbo uria errekaren ibarrean hedatzen joan zan eta hau beti izan da oso garrantzitsua. Hasiera baten portuko ekintzak San Anton eleizaren aurrean egiten hasi ziran eta gaur egun Bilboko superportuan egiten dira.
Bilboko jendeari Alde Zaharra txiki geratu jakon eta lurraldea zabaltzea erabagi eben. Horretaz aparte, jende pilaketen ondorioz gaixotasun gehiago eta higiene falta itzela egon zan, baina ez zan hain erreza izan lurraldeak zabaltzea, eta burgesak izan ziran Abandoko lurrak hartu ebezan lehenengokoak. Aldi batera, proiektu bat egin zan eta Bilbo Moyuara eta San Mamesera zabaldu zan eta gitxika- gitxika gaur eguneko lur guztiak hartu ebazan.
Azken urteotan Bilbo garapen eta barriztatze proiektu baten barruan egon da. Lehen industria uri zana, gaur egun, esan daiteke zerbitzu eta aisialdirako uri dala eta azken aldi honetan, leku turistiko bihurtzen dagoala. Urteetan zehar Bilbok aldaketa izugarriak izan dauz, baina azken urteotakoak izan dira nabarmenenak; esan daiteke uriak itxura barri eta modernoagoa daukala. Egon diran eraikin zaharrak barriztatu eta eraikin barri eta modernoak egin dira. Horreen artean Euskalduna Jauregia legoke. Eraikin honetan zati zahar bat barritu eta horreri lotuta barri bat eraiki dabe, aldi berean itxura klasikoa eta modernoa izan daian. Guggenheim Museoa, 1997an eraiki zan Frank Gheri arkitektoaren proiektua jarraituz, honen famaz baliatuta, Bilboko uria itxura turistiko handia hartzen dabil, antzinako itxura industriala atzean itxiz. Baina hori ez da bakarra. Abandoibarrako gunea be ikaragarri barriztatu dabe. Orain dala urte batzuk ia ez egoan ibiltarientzako lekurik baina paseoa egin, bidegorria ipini eta dana konpondu eta barriztatu ostean, askoz be jende gehiago ibilten da paseatzen bertatik. Eta hori gutxi ez izanda be, parke eta leku berde gehiago ipini dabez. Baina gaurko egunean ez dabez oraindino lanak amaitu. Uribitarten Isozaki arkitekto japoniarra bi dorreei azkeneko ukutua emoten dabil, Isozaki Atea deritxonari.
Baina ez dabez eraikin solteak eta famatuak bakarrik barriztatu, gune degradatuak eta marjinatuak berreskuratzen eta barritzen dabilz. Bilbo Zaharra eta San Frantzisko moduko auzuneetan etxebizitza zaharren ordez barriak egiten dabilz; zaharrek ez eukielako ez komunik, ezta ur berorik be, eta bide batez, jarduera kulturalak sustatu gurean dabilz. Bilbo gero eta uri populatuagoa danez, gune industrial batzuk berreskuratzeko asmotan dabilz, Olabeaga eta Zorrotzaurre adibidez. Garrantzitsuena Zorrotzaurrekoa da. Penintsula zubiz inguraturiko irla bilakatu nahi dabe eta.
Esan dodan legez, Bilboren egoera eta jarduera ekonomikoa sustatzeko lanak egiten egon dira. Turismoa bultzatu dabe eta horren ondorioz, uria gitxika - gitxika gero eta turistikoago bihurtzen dabil. Horregaz batera, hotel eta jatetxe ugari zabaldu dira azken urteotan. 1992an hiru izarretik gorako 11 hotel egozan eta gaur 21 dagoz, eta 1000 pertsonak baino gehiagok egiten dabe lan hotel honeetan eta beste hainbeste turismoagaz loturik dagozan jardueratan.
Orain urte gutxi batzuk arte, Bilboko kaleetatik ibiltzeko garraiobide publiko bakarra egoala esan daiteke: autobusa. Gaur egun, tranbia eta metroa be badaukaguz. Bilboko autobusek 30 autobus linea daukiez. Bilbobus izena daukie eta Bilboko auzo gehienak batzen dauz eta Bizkaitik ibiltzeko be Bizkaibus zerbitzua daukagu. Tranbia be betidanik izan da Bilbon, XIX. mendean ezarri eben munduko beste leku askotan moduan, baina ez da zerbitzuan egon urte askotan zehar eta orain dala urte batzuk barriak egin eta uri osotik sakabanatu ebezan trenbideak.
Campo Volantinetik Artxandara igotzeko funikularra be erabili daiteke, hau ez da batere barria. Esan daiteke daukan mekanismoa nahiko sinplea eta zaharra dala eta urteak dira bertan dagoala. 1915eko urriaren 7an egin eban bere lehenengo bidaia Castaños auzoa Artxanda mendiagaz lotuz. Funikularrak geltoki bi bakarrik daukaz: behealdekoa Funikularraren plazan eta mendikoa Artxandan.
Baina daukagun garraiobide publiko arinena eta erabiliena metroa da. 1995.urtean inauguratu zan, hasiera batean geltokien kopurua gaur egunekoa baino askoz murriztuagoa zan, alde zaharrean amaitzen zan, baina hiru urte beranduago ibilbidea Boluetaraino luzatu zan. Orain metroak bi linea daukaz eta Bilbo handiko ezkerraldetik eskuinaldera heltzen da. Metroaren zabalkuntza planak ez dira amaitzen, auzune guztiek nahi dabelako metroa bertan izan, batez be maizen dagoen garraioa dalako. Metroa Kabiezeseko auzora 2008an heltzea espero da eta 2010ean Basaurira eta oraindino Galdakaora heltzeko plana aztertzen dabilz. Orain dala egun batzuk, metroaren hirugarren lineako proiektua onartu egin dabe, hots, Otxarkoaga, Txurdinaga eta Zurbaran Alde Zaharragaz lotuko dauazan proiektua. Ikusten dozuen moduan garraioak gero eta zabalduago dagoz Bilbon zehar.
Nahiz eta azken urteotan Bilbo asko aldatu izan, badago bertan inoiz aldatu ez dan zerbait, Bilboko talde txuri-gorriarekiko zaletasuna. Gizartea aldatu arren, bilbotarrek Athleticenganako maitasuna eta errespetua ez da sekula be aldatuko.
Athletic XV.mendetik dago Bilbogaz lotuta eta Bilbo ez litzateke ezer izango bere Athletic kuttuna barik. Eta azkenaldian konprobatu ahal izan doguna da nahiz eta galdu, zaleek Athletic oso maite dabela. San Mamesera joaten jarraitzen dabe eta zelaia gehienetan bete egiten da, horregaitik zelai barri eta handiago bat egiteko proiektua egiten dabilz.
Artikuluan zehar ikusi ahal izan dogu Bilbo urteotan asko aldatu dala , bilbotarrak oso bilbotar dirala eta eurak onenak izan arte, ez dirala geldituko argi geratu jaku.