395 Zenbakia 2007-05-18 / 2007-05-25

Euskonews Gaztea

Gaiak: Zubi Zaharra Ikastolaren alde, Ibilaldia 2007

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Balmaseda abiapuntu izango dute milaka lagunek maiatzaren 20an, igandean. Izan ere, 2007ko Ibilaldia bertan ospatuko da. Zubi Zaharra ikastolari laguntzeko festa egingo da eta arrazoi horrexek beteko du Enkarterrietako txoko hori euskaltzalez. Hastapena Balmasedan ospatutako bi Ibilaldietako kartelak.

Zubi Zaharra ikastola sortu zela 35 urte pasa dira, eta ordutik euskararen aldeko apustu etengabea egin dute bizkaitar hauek, gaur egun direnera iritsi arte. 1972. urtean Balmasedako lagun talde batek eman zion hasiera abentura horri. Hastapenean, Zubi Zaharra Irakaskuntza Kooperatiba bezala ezagun zen ikastola. Garai gogorrak ziren haiek euskararentzat diktadura zela medio, eta beste hainbat kasutan bezala, elizaren babesa izan zuten ikastola hau sortzeko. Euskaltzaleak ziren klaretar elizgizonak herrian bizi ziren eta haurrei hainbat irakasgai erakusteko prest azaldu ziren: txistua, abesbatza, dantzak...

Hala ere, urte batzuetara komentua itxi behar izan zuten fraidegai gazterik ez zutelako, eta eraikina hutsik geratu zen. Bertako nagusia zen Aita Zuloagari eskaera egin zioten ikastolaren bultzatzaileek eta honek komentua erabiltzen utzi zien. Bost urtetan egon ziren bertan, ikastola martxan jartzen zuten bitartean. Aro berria

Ondoren, ziklo berri bati eman zioten hasiera. 1998ra arte beste eraikin batean aritu ziren eskolak eskainiz, baina hala ere, eskaintza ez zen oso zabala, eskolaurrea bakarrik hartzen baitzuen beregan. 1998ko urte hartan ikastolak errentan hartu zituen mojen lurrak izandakoak eta poliki-poliki D eredua sortzen hasi ziren. 2003.urtean erosi zuten azkenik eraikin hura eta berritze lanetan hasi ziren; hiru urteren buruan estreinatu ziren instalakuntza berriak.

Orain, DBH osoa egiteko aukera eskaintzen du Zubi Zaharra Ikastolak, eta beraz, gaur egungo eskaintza izugarri handitu dela esan daiteke, 0-16 urte bitarteko gazteak hartzen baititu hezteko. 300 bat ikasle joaten dira bertara. Kontuan hartu behar da eskualdeko ikastola bakarra dela mojak joan zirenetik. Egitasmoak

Igandeko jaialditik ateratako dirua batez ere bi helburu lortzeko erabiliko dute. Lehenengoa, eraikina erosteak eta birgaitzeak izan zituen gastuei aurre egitea. Bigarrena, urratsez urrats hazten ari den ikastola honetan bigarren lerro bat ireki eta ikastola zer den Euskal Herriari erakustea.

Ziur jendeak ohi duen bezala bikain erantzuten diola jaialdiaren deiari eta Euskonews Gaztea-tik zortea opa diegu beraien asmoak bete daitezen!