Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Anjel Olalde. Araba Euskaraz-ko antolatzailea: Anima zaitezte Ikastolen aldeko jaira eta bultza dezagun euskara inguru hauetan!
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Zenbat denbora daramazue antolaketa lanetan?
Iazko uztailean hasi ginen, Armentia Ikastolak testigua pasa zigunetik, hain zuzen ere. Normalean urtebeteko iraupena duen antolaketa izaten dute horrelako jaiek. Hala ere, guztia loturik duzunean konturatzen zara azken uneko gauzatxoak geratzen direla oraindik zintzilik.
Esaterako?
Adibidez aparkalekuen egokitzapenak. Lur sailetan sartzeko oztopoak izan ditugu, baina bideratu egin da. Ez lurjabeen aldetik, horiek ongi portatu dira eta.
Zeren beharra ikusten diozu Argantzuni?
Hemengo arazorik larriena esan liteke dela Burgoseko administrazioaren menpean egonda laguntza urriagoak ditugula beste eremu batzuetan baino. Ikastolan, eta oro har euskal munduan sartzeko aukera izanda ere, borondate gehiago jarri behar da derrigor. Eraikin berria egongo den tokitik, oraingo ikastola.
Baina aldi berean horrek jendea animatu egiten du eta nahiz eta batzuetan nekea nabaria den, beti dago norbait animoak eta bultzada ematen dituena.
Zertarako erabiliko duzue igandean jasotako dirua?
2001ean ere Argantzunen ospatu zen Araba Euskaraz, eta orduko dirua Ikastola zabaltzeko baliatu zen.2003an ikastola zabaldu eta orain eraikin berri bat egin da. Horrek suposatu duen hipoteka arintzeko erabiliko dugu aurtengo dirua.
Eskaintza polita dago iganderako. Zer nabarmenduko zenuke?
Halaxe da. Baina niri beldurra ematen dit gauza bakarra nabarmentzeak, gustuen araberakoa izaten da hori eta. Mota guztietako ikuskizunak sartzen saiatu dira Ikuskizun Batzordekoak.
Hala ere gauza berezi bezala arraunketa azpimarratuko nuke; inguru hauetan ohikoa ez den gauza bat da eta. Goizeko 11etatik arratsaldeko 5ak arte bigarren gunean jendeak Zadorra ibaian arraunean egiteko aukera izango du, baina noski, ilarak sortuz gero esan nahiko genieke zenbat denbora itxaron beharko duten, antolaketa hobea egoteko. Eguraldi ona egiten badu ziur jendetza bilduko dela ibai inguruan freskotasun bila.
Nola ikusten duzu Trebiño inguruko euskararen egoera?
Nahiz eta urratsak ematen ari diren, orokorrean Arabako egoera kezkagarria dela ezin uka daiteke. Eta Trebiñon are gehiago. Burgoseko administrazioaren pean egonda zailtasunak areagotu egiten dira. Hala ere, euskara entzun entzuten da. Haurrak eskolatik irtetean plazara joan eta euskara erabiltzen dute nahiz eta gaztelaniak nagusi izaten jarraitzen duen. Beraz, espero dezagun igande honetan Argantzun euskalduna izatea eta aurrerantzean ere horrela izaten jarraitzea; eta ea euskara komunikazio hizkuntza bihurtzen dugun.
Zer esango zenieke euskaltzaleei animatzeko?
Jendea oso ilusionatuta dagoela, benetan gauza politak ari direla antolatzen. Beraz bertaratzeko. Gainera Argantzun euskaldun bihurtzeko euskaltzale guztion laguntza behar dugula. Beraz, anima zaitezte Araba Euskarazera eta bultza dezagun euskara inguru horretan !! Anjel Olalde Urtebetez ari da Araba Euskaraz 2007 antolatzen Anjel. Baina ez dalan horretan diharduen bakarra . Elkarrizketa honetan, baina, guztien izenean hitz egin digu eta urtebete honetako ibilbideari buruz eta beste hainbat konturi buruz mintzatu da Euskonews Gaztearekin. Eskerrik asko!