Euskonews Gaztea
Gaiak: Argantzun: ohar historikoak eta linguistikoak
Argantzungo arroila antzina-antzinatik izan da erruz ibilitako igarobidea. Hortik pasatzen zen erromatarrek, kantabriarren aurkako gerren kariaz, Kristoren aurreko 29 eta 19 urteen bitartean eraiki zuten Astorgatik Bordelerainoko galtzada. Ibilbide honek garrantzi handiko hiriak komunikatzen zituen. Gure ingururik hurbilenean, besteren artean, gaurko Miranda de Ebroren ondoan zegoen Deobriga hiri autrigoia eta Iruña-Veleia aski ezaguna. Galtzada erromatar bat.
Galtzada honen balio geo-estrategikoa ez da inoiz ahuldu. Bosgarren mendearen hasieran, bide beretik barneratu ziren Iberiar Penintsulan hunoen erasoetatik ihesi zetozen zenbait herri germaniko. Geroago, VIII, IX eta X mendeetan, sarritan hortik etortzen ziren Arabako lautadan hondamendia zabaltzen zuten armada musulmanaren erasoak. Hain zuzen, horietako batean, 801 urtekoan, segada odoltsua egin zioten arabarrek Argantzungo haitzartean Kordobako emirraren anaiak gidatzen zuen armadari, soldadu asko lurrean zerraldo utzita. Horrela diosku Ibn Hayyan kronista musulmanak. Hain zuzen, kronika honetan agertzen da lehen aldiz dokumentatua Argantzun izena, haitzarteari erreferentzia eginez. Geroxeago berriro aurkitzen da Errioxako Donemiliaga Kukulako monasterioaren 871 urteko izkribu batean, eta ermita bati dagokio: Sancta Maria de Foze de Arganzone.
Argantzun izena (Arganzón gaztelaniazko tradizioan) ez da esanahi zeharo argikoa. Adituen iritzian, estu lotuta dagoke Iberiar Penintsulan diren beste toponimo batzuekin: esaterako, Arganza, Arganda eta Argandoña. Azken hau Arabako herri bat ez ezik Cuencako herri bat ere bada eta, Ramón Menéndez Pidalek idatzi zuenez, Austriako idazkun batean agerturiko Argentonia emakumezko izen zeltikoaren bitartez uler daitezke biak ala biak. Izen hauek guztiek arg- erro aurrerromatar indoeuroparra daukate, “distiratsua”, “zurixka” edo “zilar-kolorekoa” esan nahi duena. Erro hau hizkuntza indoeuropar guztietan dago. Kasu bakarra aipatzearren latinaren argentum “zilarra”, frantsesez argent “dirua” eman du. Euskarazko argi hitzak ere erro honetan du jatorria. Hans Krahe linguistaren irudiko, arg- erroa duten izenak hidronimoak dira berez, eta erreferentzia egiten bide diote ibai baten uraren zilar koloreari. Argantzunen kasuan Zadorra ibaiagatik izan liteke akaso. Guztiarekin ere, ezin baztertu daiteke bestelako esplikaziorik; kasurako, Argantonius moduko antroponimoren bat tartean egotea.
Gaztelaniaz La Puebla de Arganzón deritzan hiribildua Antso Jakituna nafar erregeak sortua da, 1191 urtean. Foruaren jatorrizko testua galdua dago eta soilik 1565 urtean Felipe II.ak eginiko konfirmazio baten bitartez iritsi zaigu. Bertan, ordea, Gaztelako Alfonso VIII.a agertzen da foru emaile gisa. Hala ere, Gonzalo Martínez Burgosko historialariak garbiro erakutsi zuen, testuak dauzkan anakronismoak azterturik, faltsutze-saio baten aurrean gaudela: batetik, foruak regnante me Dei gratia rege Alfonso in Castella et in Legione badio ere, orok onartua da Alfonso VIII.a sekula ez zela errege izan Leongo erreinuan; bestetik, historiografia guztiak bat datoz 1191 urtean Zadorra ibaia zela Nafarroako eta Gaztelako erreinuen arteko muga eta, zalantzarik gabe, Argantzun Nafarroako aldean zegoela.
Pentsatzekoa da Argantzungo hiribildu harresiduna planta berrikoa dela, lehendik herririk ez zegoen tokian eraikia, XIII. mendearen bukaera arte ohikoena ez bazen ere. Nolanahi ere, Kalahorrako apezpikuaren 1257 urteko gutun batean zein Argantzungo elizaren artxiboan kontserbatutako 1264 urteko dokumentu batean irakur daitekeenez, hiribilduak lau herri zeuzkan mendeko: Arganzon, Coscoio, Berantevilla eta Villanueva. Lauretatik azkena da gaur arte zutik dirauen bakarra: Billa-Oka. Gainerakoak mendetan zehar hustu eta galdutako herriak dira. Berantevilla hori Miranda de Ebroko artzapez-barrutiko Berantevilla arabar hiribilduaren izenkide da, baina beste herri bat da, eta ez dira nahastu behar. Argantzun.
Euskararen historiari dagokionez, badirudi euskarak aspaldiko denboretan egin zuela atzera inguru honetan. Agian musulmanen erasoaldi ugariek arriskutsu egiten zuten bertako bizimodua eta halako despopulatzea-edo eragin zuen. Seguru dakiguna da ondoko Estavillo herria populatzera Leongo jendea etorri zela, 871 urteko dokumentu batek espresuki dioenez: quia istas erencias de nostros avus habemus de Legione venerunt ibi.
Argantzungo toponimia historikoan ez da agertzen euskarazko toki-izen askorik. Kasurako, 1536ko mugarri-bisitaldian bada Vasahondo, Guzialde, Guentezaballa eta Vizcaya moduko izenik. Lehen biek bizirik diraute gaur egun ere, jurisdikzioaren ekialdean, Argantzunek Trebiñuko Konderriko Ladrera eta Ozilla herriekin duen mugan. Dena dela, euskarazko toponimo-dentsitate urriaren argitan, ematen du euskararen eta gaztelaniaren arteko muga luzaroan finkoa izan dela inguru honetan, eta Argantzun zein Billa-Oka herria gaztelania nagusi zen eremuan zeudela.
Bada, ordea, baieztapen honekin nekez uztartzen den daturik, baina ondo kontrastatu gabeko informazioa da, erraz sinestekoa ez dirudiena. Esaterako, Jesús María Sasíak, El viejo euskera alavés tituluarekin idatzi zuen artikuluan XVI mendeko karmeldar fraide baten berri ematen du, Argantzunen jaiotakoa, eta ordena erlijioso horren artxiboan “vizcaíno”-tzat hartua dena. Jakina denez, garai hartan izendapen hori ez zitzaien soilik Bizkaiko jaurerriko seme-alabei aplikatzen, baizik eta, oro har, euskaraz mintzo zirenei. Kontua da informazio hori zeharkakoa dela, Lino Akesolok noizbait Jesús María Sasíari kontatua eta, beraz, gaurkoz behar besteko zorroztasunez dokumentaturik ez dagoena. Louis Lucien Bonaparte.
Bestalde, Beñat Oyharçabalek argitara emana duen Euskararen mugez egin lehen mapak izeneko artikuluan kontatzen du nola, 1807 urtean, de Champigny frantses Inperioko Barneko Ministroaren aginduari erantzunez, Madrilen enbaxadore zen François de Beauharnais-k igorri zuen mapa bat, euskarak Araban zuen hedaduraren gaineko informazioa ematen zuena. Bertan Agurainek, Urduñak eta Lapuebla de Labarcak osatutako triangelu baten barruan irudikatzen da euskararen eremua. Batere dudarik gabe gaizkiulertu bat dago tartean eta, Ebro ibaiaren bazterreko herriaren ordez, Lapuebla de Arganzón -hots, Argantzun- zeukan gogoan informazio emaileak. Guztiarekin ere, ez dirudi ondo dokumentatutako informazioa eta gehiegizkoa da garai horretan Argantzun herri euskalduna zela ondorioztatzea.
Argantzun nabarmenki urrun dago Paul Brocak 1874 urtean marraztu zuen euskararen mugatik, eta are urrunago 1870 inguruan Louis Lucien Bonapartek egindako maparen argitan. Gehienez ere, uste izatekoa litzateke XIX mendearen lehenbiziko hamarkadan euskararen muga Argantzunen iparraldean zegoela, haitzartearen bestaldeko herrietan. Jose Migel Barandiaranek 1926an eman zuen ezagutzera Pueblos de Álava por vicarías, repartidos sus vecinos en cinco clases zeritzan koadernoa. Berriki Angel Ibisatek frogatu duenez, 1803ko maiatzaren ostean idatzitako dokumentua da. Izkribu honek dioenez, artean euskaraz egiten zen Langraiz Oka, Subilla eta Zumeltzu inguruan, hau da, Argantzundik kilometro gutxitara.