400 Zenbakia 2007-06-22 / 2007-06-29

Euskonews Gaztea

Gaiak: Bidaia ahaztezinak, diru gutxirekin

ELIZONDO, Amaia



Udako egun eguzkitsuekin batera, leku berriak ezagutzeko irrika iristen da garai honetan. Paisaia ikusgarriak, beste kultura eta hizkuntzak... Oporretara joateko edozein aitzakia ona izaten da gazteentzat. Eragozpen bakarra dago: dirua. Nahiz eta etxetik gertu joan oporrak igarotzera, dirua beharrezkoa izaten da. Dena dela, hainbat bide daude bidaia nahiko merkeak egiteko, bai familiarekin, bai lagunekin edota bikotearekin ere. Euskal Herrian berrena

Euskal Herrian barrena ibiltzeko, kanpin ugari daude bai kostaldean, baita barrualdean ere. Iparraldetik Bizkaiko kostalderaino, txoko ederrak bisita daitezke. Miarritze, Hendaia, Zarautz, Orio, Mutriku, Lekeitio, Mundaka, Gorliz eta beste hainbat herrietako hondartza eta paisaia ederrak ikusgai daude. Leku horietan guztietan kanpinak daude, eta ez dira hain garestiak. Gainera, kanpin gehienetan, hondartza gertu dago bainu bat hartzeko.

Barrualdean, hondartzarik egon ez arren, mendi inguruetan opor bikainak egin daitezke. Nafarroan esaterako, Baztaneko bailaran, modu ezberdinak daude egun batzuk pasatzeko. Kanpinaz gain, landa turismoa zabaltzen joan da azken urteetan, eta toki zoragarriak daude mendi inguruetan. Arabak ere baditu bere txokoak, batez ere, Errioxako mugan dauden herriak. Bestalde, Zuberoa txikia izan arren, lasaitasuna eskaintzen dio bidaiariari. Bertan, hainbat etxe izaten dira alokairuan hartzeko uda guztian zehar. Trena bidaiatzeko garraio egokia izan daiteke. Atzerria bisitatuz

Euskal Herritik atera nahi izanez gero, trenak zerbitzu onak eskaintzen ditu. Europako herrialde askotara iristen da, eta modu onean, gainera. Gazteen artean hain ospetsua den interraila ahoz aho dabil azken garaietan. Europan barna ibiltzeko erarik merkeenetakoa da. Bidaia guztia trenez egiten da, eta hainbat herrialde bisitatzeko aukera ematen du.

16, 22 edota 30 egunetarako har daiteke treneko txartela. Txartela erosteko, lehenik eta behin, bidean bisitatuko diren herrialdeak aukeratu behar dira. Lau eremu bereizten dira, eta horietako bakoitzean herrialde batzuk daude. Lehenengo eremuan, Frantzia, Alemania, Erresuma Batua, Suedia eta Norvegia biltzen dituzte. Bigarrenean, berriz, Espainia, Italia, Suitza, Austria, Luxenburgo, Belgika, Finlandia eta Irlanda herrialdeak daude.

Hurrengo eremua, aldiz, Grezia, Errumania, Kroazia, Hungaria, Polonia, Danimarka eta Portugal estatuek osatzen dute. Azkenengo eremuan, Turkia, Bulgaria, Serbia, Eslovenia, Eslovakia eta Txekia herrialdeen artean aukera daiteke. Eremu berdineko herrialdeak aukeratzen baditu bidaiariak prezio baxuena ordaindu beharko du. Eremu ezberdinetako estatuak tartekatu nahi baditu bere bidaian, prezioa igotzen joango da. Marienburg, Alemania.

Gazte ugarik trena erabiltzen dute Europa ezagutzeko. Preziorik merkeenetakoa eskaintzeaz gain, trenean bidaiatzea erosoa da. Gainera, bisitatu nahi den tokira iristean, gazteentzako ostatuak bilatzea erraza izaten da. Prezioak ez dira oso altuak, eta bestalde, herri ezberdinetako jendea ezagutzeko aukera ematen du. Hala, ingelesa, frantsesa edota beste hizkuntzak praktikan jartzeko baliagarria izaten da. Garestiagoak

Munduko beste kontinenteak ikusteko, diru gehiago behar da. Hegazkinez joatea garestiagoa izaten da orokorrean. Dena dela, sarean maukaren bat aurki daiteke noizean behin. Horretarako, adi-adi egon behar da, eskaintza bereziak harrapatzeko. Internet bidez hartutako bidaiez gain, bidaia agentziak ere beren eskaintzak dituzte. Bidaia bat egin baino lehen, aukera guztiak kontuan izan behar dira.

Euskal Herriko kanpinen edo trenen inguruko informazio gehiago lortu nahi izanez gero, sarean eskuragarri egongo da. Gainera, Euskal Herriko turismo bulegoetan, kanpinen gidak izaten dituzte, baita eskualde ezberdinetako informazioa ere. Trenen kasuan, informazio gehiago lortzeko, Renfeko orrialdean edota tren geltokietan galdetzea nahikoa izaten da.

Askotan ez da hainbeste diru behar bidaia ahaztezinak egiteko. Garrantzitsuena ondo pasatzea izaten da!