400 Zenbakia 2007-06-22 / 2007-06-29

Euskonews Gaztea

Gaiak: Lotsa

ALTUNA UGARTE, Lierni

Kolaboratzailea



Lotsa, zer da lotsa? Definizio sinple bat egin ezkero, pertsona orok, berdin da gazte, heldu edo zahar izan, bere bizitzako momentu batean gutxienez sentitu duena. Egia da, batzuek askotan sentitzen dutela lotsa, gehiegitan akaso, eta beste batzuek gutxiegitan. Denok noizbait sentitu beharreko zerbait da, bizitza markatzen diguna, eta lotsarekin izaten dugun harremanaren arabera era batekoak edo bestekoak izango gara. Orokorrean lotsa bizitzeko hiru era nagusi nabarmentzen dira gure gizartean, bakoitzak bere nabardurak izan arren, dena oso erlatiboa delako:

1. Pertsona batzuk poliki-poliki, pausuz pausu, urteak pasa ahala, beraien lotsak gainditzen joaten dira. Agian ez dute sekula guztiz gainetik kenduko, baina bide horretan gogor borrokatzen arituko dira beraien buruak ezartzen dien lotsen aurka eta gainera beraien bizitzetan ez du asko eragingo.

2. Beste pertsona batzuek beraien lotsen gatibu bizi dira, beraien bizitza bizitzeko era lotsak markatzen du; ez dute beraien izaera guztiz eta aske azaleratzen, ez dute beraien barrenak nahi duena egiten. Hauek normalean oso auto-estima baxua izaten dute, eta asko beraien lotsa itogarri horiek gainditu gabe hiltzen dira. Baina egia da ere, multzo honetan sartzen direla baita, lotsa beraien bizitzaren egituran sartuta daukatenak, eta ez direnak konturatzen lotsak ez diela guztiz aske izaten uzten. Adibidez, jende asko beste jendeak berari buruz zer pentsatu edo esango duenaren arabera bizi da, eta hori azken finean lotsa mota bat da.

3. Hirugarren eta azken multzo honetan lotsagabeak sartuko lirateke. Lotsa noizbait sentituko zuten, baina orokorrean lotsa gabe bizi dira, beraien barrenak agintzen diena egiten dute eta ez zaie inporta besteek zer pentsatuko duten beraien ekintzen aurrean. Hirugarren multzo honetara heltzeak bere arriskuak ere baditu, nik ezagutu ditudan multzo honetako pertsona apurrek lotsagabeak izatea besteekiko errespetua galtzearekin nahasten baitute.

Baina zergatik izan lotsa? Zergatik lotsatzen gara? Gaizki egiten dugunean akatsetatik ikasi eta aurrera jarraitzea izango litzake naturalena, azken finean guztiok egiten baititugu akatsak. Gure gorputzaz lotsatzea ere, askotan gertatzen den zerbait da, baina zergatik? Mundu honetan ez da existitzen perfekzioa, eta gaur egun estetika inguruan dagoen uholdea negozio hutsa da, gure burua onartzen ez badugu, perfekzioren bila abiatzen bagara, desesperazioan eroriko gara eta sekula ez dugu aseko gure nahia. Hotzean pentsatzen hasita nik maite ditudan pertsonak ez ditut maite beraien fisikoagatik, eta pertsona batez maitemintzen naizenean, munduko pertsonarik ederrena iruditzen zait, nahiz eta ez sartu gaur egungo estetikaren kanonen barruan. Orduan fisikoa pertsonaren estalkia da, lehen inpresioan erabilgarria baina gerora bigarren mailako zerbait bihurtzen dena.

Beste gauza bat lotsatzen gaituena da, gehiengo osoak egiten ez dituen gauzak egitea, bai afizio, ofizio... aldetik, oro har gehiengo osoaren bizimodutik edo erakutsi digutenetik at nabarmen irteten den gure jarrera batek lotsa ematen digu. Honen aurrean zera esango nuke berriro ere: PERFEKZIOA EZ DA EXISTITZEN!! Ez dago bizitzeko era edo eredu programatu eta perfektu bat, bizitza hau bizitzeko eta ulertzeko era ezberdinak daude eta denak dira zilegi beste pertsonak errespetatzen diren bitartean.

Azken finean lotsa gainditzen joan behar garen arren ona da neurria hartu ezkero, pertsona bati bere lotsak egunez egun, urtez urte, gainditzen joateak, asko irakasten diolako. Indartsuagoa bihurtzen du pertsona eta gehiago hausnartzen laguntzen dio. Baina lotsa norberarentzat ona izan dadin, bakoitzak kontrolatu behar du orokorrean (beti ezin da) eta ez lotsak bakoitza, eta, esan bezala, gainditzen joan behar da, etengabe, lotsaren zuloan gelditu gabe.

Bai, nik oso erraz idatzi ditut lerro hauek, eta askotan pentsatu dut honetan, baina hala ere lotsatu egiten naiz oraindik ere, askotan gainera. Batzuetan ez diet maite dudan pertsonei barruan sentitzen dudana esaten, ez dizkiet nire emozioak transmititzen nahi dudan eran. Normalean denoi askoz ere errazagoa egiten zaigu gauza txarrak esatea era txar batean, haserreak lotsa gainditzen duelako, baina ez dakigu eta ez gaude ohituta gauza onak esatera eta orduan sarri lotsa sentitzen dugu. Baina hori ere ikasi egiten da.

Horrela zergatik ez gara ahalegintzen beti, kontzienteki, gure barrena askatzen eta lotsa gainditzen? Izan gaitezen garen bezalakoak eta onartu dezagun gure burua! Bizitza motza da eta lotsak disfrutatzeko parada lapurtzen digu! Animo asko denoi lotsaren aurkako borroka gogor honetan! Geurea da garaipena!