401 Zenbakia 2007-06-29 / 2007-07-06

Euskonews Gaztea

Gaiak: Auzolandegiak: ondo pasatzeko beste modu bat

ELIZONDO, Amaia



Zer dira auzolandegiak? Uda iristen den bakoitzean, gazte ugarik galdera hori egiten diote beren buruari. Auzolandegietan eskualde ezberdinetako gazteak biltzen dira, elkarrekin bizi eta gizarte osoarekin zerikusia duen proiektu batean parte hartzen dute. Ingurumenarekin eta naturarekin lotuta dauden proiektuetan aritzea izaten da ohikoena. Euskal Herriko gazteek, besteak beste, bi motatako auzolandegien artean aukera dezakete aurten: batetik, Aranzadi zientzia elkarteak Gipuzkoan eskaintzen dituenak, eta bestalde, Eusko Jaurlaritzak Bizkaia eta Araban antolatzen dituenak. Argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea. Aranzadiren eskutik

Aurten Aranzadi Zientzia Elkarteak hainbat auzolandegi prestatu ditu. Lehena, Artikutzan (Gipuzkoa) izango da. Bertan, parke natural erdian kokatuko den itsuentzako ingurumen ibilbide bat eraikitzea eta seinaleak ipintzea da helburu nagusia. Uztaileko lehen hamabostaldian egingo dute, eta 15-18 urte bitarteko gazteek parte har dezakete.

Bigarren auzolandegia Aralar mendian (Gipuzkoa) izango da. Helburua artzainen txabola zaharrak berreraikitzea da. Horretarako, 15-27 urte bitarteko gazteak bi astez egongo dira bertan, uztailean. Abuztuan egingo duten auzolandegia, aldiz, ikerketarekin zerikusia izango du. Izan ere, Arantzazuko (Gipuzkoa) antzinako monasterioaren aztarna arkitektonikoen ikerketa egingo dute astebetez.

Aranzadi Zientzia Elkartearen esanetan, hainbat helburu dituzte aurtengo auzolandegietan: ingurumenaren kontserbazioan lagundu, naturaz gozatu eta taldean lan egitea da euren asmoa. Hala, edozein gaztek parte har dezake, batez ere, naturarekin interesatua dagoena. Lagun berriak egiteko ere oso aukera ona izaten da, hainbat egunez elkarlanean egoten baitira. Informazio gehiago sarean eskuratu ahalko da. Bigarren aukera

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak prestatzen dituen auzolandegiak ere helburu eta asmo ia berdinak izaten dituzte. Proiektuak naturarekin lotuak egoten dira, eta zaharberritze lanak ohikoak izaten dira. Argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea.

Lehen auzolandegiari dagokionez, gazteak Estibalitzeko (Araba) monasterioko ondare kulturala berreskuratzen ariko dira, uztaileko asteetan. Berreskuratze lan horretan, 15-17 urte bitarteko gazteak bilduko dira.

Beste auzolandegi bat Lekeition (Bizkaia) izango da. Han, Gure aitona-amonekin elkarrizketan egitasmoa martxan jarriko dute 18-26 urte bitarteko gazteek. Belaunaldien arteko harremanak eta ezagutza sustatzea da helburua, baita hirugarren adinekoei animazio jarduerak eskaintzea ere. Hala, pertsona helduekin hitz egiteko parada izango dute parte hartzaileek, baita istorio ugariren entzule izateko ere.

Uztaila eta abuztua bitartean, berriz, Iruñan (Araba) beste auzolandegi bat prestatuko dute. Gazteek arkeologia lanak egingo dituzte Veleia inguruan. Bertan, erromatarren aztarnak daude, eta ikerketa ezberdinak egiteko asmoa dute. Informazio gehiago sarean eskura daiteke, baita Gazteen Informazio Bulegoetan ere.

Hainbat urte dira lehen auzolandegiak egin zirenetik. Gazteek oso ondo pasatzen dute, eta lana egiteko beste modu bat da. Lanaz gain, bestelako ekintzak ere egiten dituzte. Gainera, Euskal Herriko toki ezberdinetako gazteak ezagutzeko bide ona izaten da. Urtero proiektu ugari abian jartzen dituzte bai Aranzadikoek, baita Eusko Jaurlaritzakoek. Udako oporrak igarotzeko beste modu bat eskaintzen dute auzolandegiek, baita ondo pasatzeko ere.