Euskonews Gaztea
Gaiak: Ikasi eta udaz gozatu
EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA
Ekaineko azken astea iristen denean, liburuak alde batera utzi eta oporrak gozatzeko garaia iritsi dela pentsatzen dute askok. Orokorrean, uda hurbiltzen denean, eskoletako eta unibertsitateko klaseak amaitu, eta apunteak etxeko apaletan pilatzen joaten dira. Beste batzuek, ordea, udan ikastaroak egiteko aprobetxatzen dute. Izan ere, mota guztietako ikastaroak egiteko aukera dago ekainetik iraila bitartean Euskal Herriko hiriburuetan. EHUren eskaintza
Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako XXVI. Udako Ikastaroak eta XIX. Europar Ikastaroak duela egun batzuk hasi dira Donostiako Miramar jauregian (Gipuzkoa). Urtero bezala, ikastaro ugari prestatu dituzte. Hainbat sail handi daude, eta horien barruan, zenbait ikastaro, hitzaldi eta tailer prestatu dituzte. Sail zabal horien artean, kirola, osasun zientziak, hezkuntza, zuzenbidea, ekonomia, arkitektura, zientzia eta teknologia, hizkuntzalaritza eta literatura, historia, psikologia eta garapen iraunkorra aurkitzen dira.
Ikastaro gehienek bi edo hiru eguneko iraupena dute. Denbora horretan, jorratzen diren gaien inguruko adituen mintzaldiak entzuteko parada izaten da. Gazte askok beren ikasketekin loturiko ikastaroetan parte hartzen dute, gaiak beraientzat duen interesa kontuan hartuz. Urtero, gaiak berritzen joaten dira ikastaroen antolatzaileak. Gehienetan, ahoz aho dabiltzan gaiak mahai gainean jartzen saiatzen dira. Hala, jende gehiago erakartzeko aukera izaten dute. Larraona ikastetxean graffitia egiten. Argazkia: UEU.
Bestalde, ordu gutxiko ikastaroak direnez, eskainitako materiala ez da astuna egiten. Askotan, eztabaidatzen ari den gaiaren inguruko mahai inguruak egiten dira, jendeak bere iritzia eman dezan. Beste abantaila bat ere badute ikastaroek: adituen ikuspegiak ezagut daitezke. Aurrera begira, ikuspegi horiek bakoitzaren bide profesionalean erabili ahalko dira nahi izanez gero. Beste aukera: UEU
Udako Euskal Unibertsitateak ere datorren astean (uztaila hasieran) ekingo dio 35. edizioko Udako Ikastaroei. Iaz bezala, ikastaroak Eibarren (Gipuzkoa), Baionan (Lapurdi) eta Iruñean (Nafarroa) egingo dira. Ikastaroen artean, antropologia, antzerkigintza, musika, kazetaritza, bertsolaritza, informatika, literatura eta beste zenbait aukera daude. Gutxi gorabehera bi eta lau egun arteko iraupena dute ikastaroek.
Horrez gain, aurten, Lizarran (Nafarroa) hitzaldi sorta bat antolatu dute uztaileko hirugarren astean. Bertan, Nafarroako Erresumari buruz eta euskal gatazkaz mintzatuko dira.
UEUk antolatutako ikastaroek ere udan ongi pasatzeko beste modu bat eskaintzen dute. Ondo pasatzeaz gain, Euskal Herriko beste herrialdeetako jendea ezagutzeko bidea izaten da. Era berean, etxetik kanpo egun batzuk igarotzeko aitzakia ona izan daiteke.
EHUren edo UEUren ikastaroetan, gazte guztientzako diru laguntzak egoten dira orokorrean. Hala, ikastaroak gutxiago ordaindu behar izaten dira, eta UEUren kasuan, lo eta jateko prezioak ere merkeagoak izaten dira. Ikasteaz gain, ondo pasatzeko beste bide bat da, etxetik gertu, gainera.