398 Zenbakia 2007-06-08 / 2007-06-15
Badirudi, historian zehar, kirolari betidanik aitortu izan zaiola, eragin hezitzailea. Europako kultura klasikoak aztertzea besterik ez dugu hori frogatzeko. Herritarrek kirolaria ezaugarri positiboekin lotu ohi dute: ohitura osasuntsuak, drogarik gabekoa, nortasuna orekatua, borondate indar handia, porrotari aurre egiteko gaitasuna, arau sozialak errespetatzen dituena.
Benetan onartua dago kirol jarduerak banakoaren izaeraren formakuntzan duen eragin pedagogikoa, bai eta bere garapen etiko eta moralean ere, zein trebetasun sozialen eremuan. 2. Beti al da, ordea, haurtzaroko kirola hezitzailea?
Dena den, balio hezitzaile ugari landu badaitezke ere, garbi izan behar dugu beti ez direla eskuratzen. Eguneroko errealitateak azaltzen digu, jarduera bera maiz ez dela hain arrosa kolorekoa izaten, parte hartzen duten haur guztientzako beti ez dela hain positiboa eta onuragarria gertatzen.
Kirol jarduera hori antolatzerakoan aintzakotzat hartutako irizpide, ikuspegi eta helburuek baldintzatuko dute parte hartzaileek jasoko dituzten ondorioak. Berez, gaitasun hezitzaile potentzial hain handia duen jarduera honek baditu praktikan gainditu beharreko hainbat arrisku eta aldagai kaltegarri, irizpide pedagogikoetatik baloratuta, beti ere. Azter ditzagun bada. 2.1. Gehiegizko lehiakortasuna
Kirolaren berezko ezaugarria da norgehiagoka, dema eta besteari aurrea hartu nahi izatea, bere neurrian egiten den bitartean. Ezinbestean irabazi beharra eta emaitzari gehiegizko garrantzia ematea ez dator bat irizpide hezitzaileekin.
Satisfazio iturri gisa, garaipena soilik ezartzeak: frustrazio, dezepzio, atsekabe eta porroteko sentsazioak eragin ditzake. Sentimendu negatibo hauek nortasunaren beste eremuetara zabaldu egiten dira kasu askotan. Hau da, ondorioa ez dela mugatzen kirolari moduan bere buruaz ikuspegi eskasa izatera; pertsona gisa oro har, frakasatua sentitzera baizik.
Gehiengoarentzat eskuraezinak diren helburuak ezin diezaiekegu guztiei ezarri. Ez da zilegizkoa kirol jarduerak nortasunaren prestakuntzan laguntzen duela esan, onura psikologikoak eragiten dituela, eta gero etengabe frustrazio eta porroteko egoerak eragin. Irabazle bakarra eta galtzaile ugari izatea; edo aurkariaren porrota norberaren arrakastarako ezinbesteko izatea, ezaugarri desegokiak ditugu irizpide hezitzailearen arabera. 2.2. Helburu desegokiak
Xede hezitzaileekin antolatutako kirol jardueertan kontu handiz zaindu behar dugu zein helburu eta motibazio dituzten parte hartzen duten agente desberdinek.
Zenbait kasutan batetik helmuga oso zorrotzak edota altuak ezarri ohi dira, (eta ez lortzea erabateko porrotarekin lotu): garaipena, titular izatea, sailkapeneko lehen postua, selekziorako txartela... Komenigarria litzateke gure esku dauden helburuak finkatzen ikastea; eta ez besteen jardueraren menpe daudenak. Norbere hobekuntzara, ikastera, gozatzera bideratutako motibazioan oinarritzea; eta ez, emaitza, garaipena, besteekiko errendimenduan. Gutxi batzuen esku bakarrik dauden aukerak guztiei helburu gisa ezartzeak epe luzera dezepzionatutako talde zabala ereitea suposatzen du.
Kiroleko goi mailako izarren bertute, ondorio positibo eta alderdi on guztiak saltzen dizkigute etengabe; baina ezkutatu egiten digute egoera horren atzealdea. Ez dakigu bere garaian ospe izugarri hori ezagutu zuen hainbat jende nola bizi den egun; baina batez ere, gailurrerako bidean gelditutako haur andana horrekin zer gertatu den. Hau da, ume kopuru izugarria abiatzen da lasterketa horretan, egunen batean beren ametsetako maila hori lortze aldera, baina lekua oso oso gutxientzat soilik dago ordea. Haurrari lagundu egin behar zaio bere itxaropenak egokitzen; aurrerago hain zabalduak diren porrotezko sentimendu horiek saihesteko. 2.3. Inguruneko gehiegizko presioa
Kirol txapelketetan bizi den giroan maiz gehiegizko presioa egon ohi da, errendimenduzko itxaropen altuegiak ezartzen dira (nahi eta ez irabazi beharra, zenbaitetan), eta honek parte hartzen duen haurrari nolabaiteko barne gatazka sortzen dio. Egoera honen adierazleen artean estresa, ziurgabetasuna eta zalantza, egonezin psikikoa, eta herstura aurki ditzakegu. Kontuan izan behar dugu adin hauetan haurrek zer-nolako garrantzia eskaintzen dieten kirol trebetasunei; eta bestetik, kanpoko eraginen aurkako sentiberatasuna. 2.4. Konparaketa soziala
Kirol lehiaketak zorroztasun handiko ebaluaketa soziala eragiten du. Ondorioz, autokontzeptuaren garapenean eragin adierazgarria izan dezake. Bestalde, besteek egindako balorapen hau garapen psikoafektibo bereziko aro batean gertatzen da: jarduera fisikoetan trebea izateari garrantzi handia eskaintzen zaion unean; eta kanpoko mezuekiko oso sentiberak diren garaian. Eragin negatibo hau nabarmenagoa izango da batez bestekoa baino maila eskasagoa dutenen artean. Esparru desberdinetan eragingo du: eskolako eginkizunetarako duen motibazioa, izaera, nortasuna, harremanak, bere buruaren onarpen maila... 2.5. Espezializazio goiztiarra
Haur bat kirol edo postu zehatz bakarrean aritzeak, pertsonaren aberastasun motorea mugatzen du, bai eta etorkizunerako kirol ohitura anitzak garatzeko aukera ere. Era berean, momentuko errendimenduari eta emaitzari soilik lehentasuna eskaintzea ez da zuzenena, irizpide hezitzaileen arabera.
Haurtzaroan haurraren garapen psikomotorea bere osotasunean jorratu beharko da. Oinarrizko trebetasun motore hauek ondo landuta izateak oinarri sendoa emango die etorkizunerako, gai izango baita aurrerantzean edozein kirol jarduerara egokitzeko. 2.6. Aukeratze prozesuetarako irizpide zorrotzak
Hainbat erakunde pribatu eta kirol elkarte gero eta goizago joaten dira ikastetxeetara haur bila. Gaitasun onenekoak oso umetan bereizten dituzte. Haur kopuru urria aukeratu arren, erabaki horrek eragin nabarmena izaten du beste guztiengan: autoestimua eta kirolean jarraitzeko motibazioa, oro har, erabat jaisten zaie, parte hartze kopuruak hondoa jota utziz. 3. Ondorioak
Kirol jarduera onura fisiko, psikologiko, sozial eta hezitzaile ugariren iturri izan daiteke. Balioetan hezteko aukera paregabea eskaintzen digu. Baina eragin positibo hori lortzeko baldintza batzuk errespetatu beharko dira: besteak beste, antolatzaile eta hainbat eragilek jarduera horri eskainitako ikuspegia eta helburua. Ildo horretan ere eragin nabarmena izango dute pertsona esanguratsuek, hala nola, entrenatzaileek, gurasoek eta lagunek.
Baloratu egin behar dugu ea txapeldun gutxi batzuk lortzearren pertsona gisa frakasatu eta frustratutako multzo handiak sortzeak pena merezi duen. Kirol eremuan jasotako dezepzioak nortasunaren beste eremuetara zabaldu daitezke. Kirol jarduera gorrotatzeaz gain, autoerrealizatu gabeko pertsonak sor daitezke, autokontzeptu orokor baxua dutenak. Une oro kontuan izan behar litzateke zein pertsona multzora zuzentzen diren jarduerak horiek eta zein ondorio eragin ditzaketen.
Onura posibleak eta arriskuak kontuan izanik, uste dugu eredu hezitzailearen aldeko apustua egiteko nahikoa argudio badirela. Hau da, bere ikasgelako kide naturalekin batera, denentzat parte hartze irekikoa, eskolaren ardurapean (helburu hezitzaileak bermatzearren), izaera ludikoen bidez gozatuz, gaitasunak osotasunean garatzeko jarduera anitzak landuz, heldutasunerako bizi-ohitura osasuntsuak sustatuz.
Haurtzaroan honela aritu ondoren, gerora eskaintza zabalduko litzateke. Gehiengoak barneratutako kultura eta ohitura horiei eutsiko lioke, eta parte hartzeko ikuspegiekin jarraituko luke. Gaitasun eta zaletasun maila handia dutenek, beste helburu eta intentsitate batez aritzeko aukera izango dute, lortutako oinarriek hala ahalbidetzen baitute. Interes desberdinak uztartzen dituen antolaketa honek denen onespena jasotzeko arazorik ez luke izan behar, gure ustez. Gure belaunaldi gazteen etorkizunak hainbeste merezi du eta. Bibliografia
· ARRUZA, J. A. Nuevas perspectivas acerca del deporte educativo. Leioa. Euskal Herriko Unibertsitatea. 2002.
· BUCETA, J. M. Estrategias psicológicas para entrenadores de deportistas jóvenes. Madrid. Dykinson. 2000.
· CRUZ, J. et al. ¿Existe un deporte educativo?: papel de las competiciones deportivas en el proceso de socialización del niño. Revista de Psicología del Deporte, 9-10, 111-132. 1996.
· CRUZ, J. et al. ¿Se pierde el fairplay y la deportividad en el deporte en edad escolar? Apunts, 64, 6-16. 2001.
· GIMENO, F. Entrenando a padres y madres. Zaragoza. Gobierno de Aragón. 2000.
· GONZÁLEZ ARAMENDI, J. M. et al. Bost urte, bizitza osoa. Jarduera fisikoa eta ohitura osasuntsuak nerabezaroan. Donostia. Erein. 2004.
· GOÑI, A. y ZULAIKA, L. M. La participación en el deporte escolar y el autoconcepto en escolares de 10 a 11 años de la provincia de Guipúzcoa. APUNTS, 59, 6-10. 2000.
· GUTIERREZ, Melchor. Manual sobre valores en educación física y el deporte. Barcelona. Paidós. 2003.
· ROFFE, M., FENILI, A. y GISCAFRE, N. Mi hijo el campeón. Las presiones de los padres y el entorno. Buenos Aires. Editorial Lugar. 2003. · ZULAIKA, L. M. (editorea). 25 ARRAZOI KIROLA EGITEKO. Onura psikologikoak, sozialak eta balio hezitzaileak. 2004.