398 Zenbakia 2007-06-08 / 2007-06-15

Gaiak

Ariketa fisikoa, kirola eta osasuna garapenean: oraina eta etorkizuna

HOYOS, Itziar IRAZUSTA, Jon

Erizaintza Saila. Erizaintza Eskola. Euskal Herriko UnibertsitateaFisiología Saila. Medikuntza eta Odontología Fakultatea. Euskal Herriko Unibertsitatea

1. Kirolaren onura orokorrak ume eta gazteetan

Aspaldi dakigun kontua da kirolak hainbat onura sortzen diela ume eta gazteei. Besteak beste, hezkuntzan, sozializazioan, jokabide arriskutsuak saihesten, norberenganako konfidantza hartzen eta osasun fisikoan ere zerikusi handia du. Gazteek kirola egiten dutenean aipatu diren ezaugarri asko, behin hartuz gero, bizitza osorako manten daitezke, adibidez kirola egitean ikasten den diziplina eta araudien errespetua. Baina, beste batzuetan aldiz, kirolak sortzen duen onura aldi batekoa da, eta onurak mantendu nahi badira kirola bizitza osoan zehar egin behar da. Honen adibide argia da kirolak osasunean duen eragina.

Kirolaren onurak osasunean ia beti ariketa fisikoari lotuta daude. Horregatik kirolaren onuraz hitz egiten ari garenean, osasunari loturik dauden ezaugarrietan behinik behin, ariketa fisikoaren onuraz hitz egiten ari gara. Osasuna mantentzeko kirola edo ariketa fisikoa jarraitua izan behar duenez, egokia litzateke ume eta gazteek betiko finkatu daitezkeen kirol eta ariketa fisikoaren ohiturak hartzea.

Gazteetan soilik lehia eta errendimenduari lotutako ariketa fisikoa egiten bada, arrisku handia dago kirola (eta ondorioz ariketa fisikoa) uzteko hobekuntza gelditzen denean edo helburuak betetzen ez direnean. Baita ere badaude lehia atsegin ez duten hainbat neska-mutil. Hau dela eta, egokia litzateke lehiari loturik ez dauden eta bizitzaren epe luze batean manten daitezkeen ariketa fisikoak haur eta gazte guztiei eskaintzea.

Lan honen helburua ez da kirola eta ariketa fisikoaren murriztea aztertzea umeak hazi ahala, baina hainbat datu aipatzea egokia litzateke iraunkortasunaren garrantzia finkatzeko. Adibidez ikusi da 14-16 urte artean, lehenago nesketan mutiletan baino, sedentarismoa izugarri handitzen dela eta honekin batera kirol lizentzien murrizketa handia gertatzen da. Lehen aipatu bezala, ariketaren eraginak osasunean itzulgarriak direnez datu hau nahiko kezkagarria iruditzen zaigu.

Ariketa fisikoak osasunaren bost alor ezberdinetan zerikusia du nagusiki. Alor hauek banaka azalduko ditugu ondoren. 2. Ariketaren eragina bihotz eta odol-hodien sisteman

Bihotz eta odol-hodietako gaixotasunak mendebaldeko gizartean hilkortasun handia eragiten duten gaitzak dira. Dena den, ariketa fisikoa eginez bihotz eta odol-hodietako gaixotasuna izateko arriskua modu adierazgarriz jaisten da. Ariketa fisikoak eragin nabaria du bihotzaren funtzioan, bere bolumena eta indarra handitzen baititu, uzkurtzeko gaitasuna hobetuz. Honek aurrerantzean garrantzia izango du bihotz indartsu batek lagunduko baitigu heldutasunean eta zahartzaroan gertatzen diren bihotz arazoei aurre egiten. Odol hodietan ere onurak sortzen ditu ariketa fisiko jarraiak odol hodi gehiago sortzen laguntzen baitu, horrela oxigenoa eta elikagaiak hobeto iritsiko dira muskuluetara. Bestalde, urteak joanak ekartzen duen ondorio naturaletako bat da arteriak lodiagotzen eta gogortzen direla (arterioesklerosia), eta hormetan gantza pilatzearen ondorioz pasabidea estutu egiten dela. Egungo ikerketek adierazten dute ariketa fisiko jarraiak arteriosklerosia atzeratzen duela.

Lehen aipatu bezala, bihotz eta hodietako gaixotasunak herrialde aberatsetan hilkortasun handienetako duten gaitzak dira. Hipertentsioa gaixotasun hauek pairatzeko arrisku faktore garrantzitsua da. Gaur egun gauza nahiko jakina da ariketa fisiko erregularrak hipertentsioaren tratamendu eta prebentzioan garrantzia itzela duela. Hipertentsioaren prebentzioan ariketa fiskoak duen eragina gaztaroan ere nabaria da. Gure ikerketa taldeak egindako lan batean behatu dugu batxilergoan kirola egin dutenek tentsio arterial baxuagoa dutela sedentarioek baino. Areago, korrelazio negatibo adierazgarria dago gaitasun aerobikoa eta tentsio arterialaren artean. Hau da, gaitasun aerobiko hobea dutenek tentsio arterial baxuagoak dituzte. Honek aditzera ematen digu ariketa fisiko erregularraren onura gazteetatik antz ematen dela eta sistema kardiobaskularraren onuran pentsatzen ari garenean egin beharreko ariketa iraupen luzekoa eta intentsitate ertain -baxukoa izan behar duela. Besteak beste, bizikletan ibiltzea, mendiko irteerak, igeriketa etab. Sasoi ona dutenentzat luze korrika egitea ere egokia izan daiteke. Baina ariketa hau askorentzat gogorregia izan daiteke. 3. Ariketaren eragina sistema muskulu-eskeletikoan

Hezurrek eta muskuluek gure gorputz masaren % handia osatzen dute. Haiei esker mugitu gaitezke eta jarrera manten dezakegu. Gure hezur edo muskuluek indarra galtzen badute mugimenduak galarazten dira eta indar galera handia bada, zahartzaroan gertatzen den bezala, edozein oztopoaren aurrean gure jarrera bertikala gal dezakegu.

Zahartzaroan, erortzeen ondorioz, aldakaren haustura gerta daiteke, hilkortasun handia eragiten duena. Ariketa fisikoak muskuluaren garapenean eragin nabaria du. Gazteetan muskuluen garapen egoki batek zahartzarora indar handiagorekin heltzea eragin dezake. Ikerketa berriek frogatu dute pertsonen sasoi muskulueskeletikoa bere independentzia funtzionalarekin loturik dagoela.

Gazteetan ariketa fisikoa egiten dutenek sedentarioek baino muskulu portzentaia handiagoa dute. Gazteetan irabazi den indarra mantentzeko edo gehiegi ez jaisteko alde handia dago mantentze lana edo ezer ez egitearen artean. Azkenak oso galera azkarra baitakar eta aldiz lehenengoarekin indarra askoz abiadura motelagoz galtzen da. Baita ere jendea zahartzen den heinean bere hezur dentsitatea galtzen doa. Gertaera honi osteoporosia deitzen zaio. Hezurraren dentsitatearen galerak hezurren apurketak eragin ditzake. Apurketa hauek askotan ondorio larriak izaten dituzte. Osteoporosiaren prebentziorako ere dieta eta ariketa fisikoa garrantzitsuak dira. Dietari dagokionez ezaguna da kaltzioa duten jakiak hartzea egokia dela. Bestalde, ezaguna da zenbait ariketa fisikok hezurraren dentsitatea handitzen dutela. Ariketa fisikoak hezur dentsitatean duen eragina ikusteko baserriko eta granjako oilaskoen hezurrak begiratzea besterik ez dago.

Haurtzaro eta gaztaroan ariketa fisikoa egiten bada zahartzarora hezur dentsitate handiagorekin iritsiko gara eta horrela berez zahartzaroarekin gertatzen den hezurren desmineralizazioa ez du hainbeste eraginik izango.

Hezurren dentsitatea handitzeko ariketa gomendagarrienak grabitatearen eragina nabaritzen dutenak edo erresistentziaren kontra egiten direnak dira. Gazteetan korrika egitea, jauziak edo ibiltzea eta zahartzaroan batez ere azken hau. Muskulazio ariketak ere egokiak dira hezur dentsitatea handitzeko. Dena den, aipatu beharra dago gehiegizko ariketa egiten bada eta horrekin batera gabeziak dituen dieta hartzen bada, kontrako eragina gertatu daitekeela, hots, hezurraren desmineralizazioa handitzea. Nahiko ohikoa da gertaera hau pisua kontrolatu behar duten eta ariketa fisiko gogorra egin behar duten nesketan. Neska hauek askotan dieta hertsiki kontrolatzen dute, hainbat nutrienteen gabeziak sortuz. Gabezi hauen ondorioz aldaketa hormonalak gerta daitezke amenorrea eta hezurraren dentsitatearen jaitsiera eragiten dutenak. 4. Ariketa fisikoaren eragina gizentasunean eta odoleko lipidoen kontrolean

Obesitatea eta gehiegizko pisua azken urte hauetan haur eta gazteetan izugarri handitu dira. Euskal Herriko Unibertsitatera iristen diren eta gazteen %25 baino gehiagok gehiegizko pisua du eta %5 baino gehiago obesoak dira. Estatu Batuetan datu hauek oraindik kezkagarriagoak dira. Epidemia honen eragileak bi dira nagusiki, alde batetik elikadura ohituren aldaketa eta bestetik ume eta gazteetan gertatu den ariketa fisikoaren murrizketa. Ezaguna da ariketa fisiko jarraiak obesitatea murrizten duela. Gure taldeak egindako ikerketen arabera ariketa fisikoak garrantzi handia du honetan alde batetik ariketa fisikoa egiten dutenek eta sasoi aerobiko hobea dutenek gantz portzentaje baxuagoa dutelako, eta bestetik aurkako erlazioa dagoelako elikaduran hartutako kilokalorien eta gantz portzentaiaren artean, bai nesketan eta bai mutiletan. Hau da, oro har, gehiago jaten dutenak argalagoak daude gutxiago jaten dutenak baino. Gure ustez kontraesan honen arrazoia da gehiago jaten dutenek ariketa fisiko gehiago egiten dutela. Antzeko korrelazioa behatu dugu futbolari gazteetan ahoratutako energia eta odoleko hainbat lipidoen artean. Hau da, gehiago jaten zutenek lipidoen soslai hobea zuten.

Datu hauek ikusita derrigorrezkoa iruditzen zaigu ariketa fisikoaren sustapena ume eta gazteen artean obesitateari aurre egin nahi badiogu. Baita ere aipatu, obesitateari aurre egiteko ariketa jarraia izan behar duela eta horregatik garrantzitsua da epe luzean manten daitezkeen ariketa ereduak sustatzea. 5. Ariketa fisikoaren eragina arnas aparatuan

Ariketa fisikoak berez ez du eragin handirik arnas aparatuaren ahalmenetan. Ordea ariketa fisiko jarraituak arnas aparatuan badu eraginik, intentsitate berean egindako ariketan aireztatzea gutxitzea eragiten baitu. Oro har, entrenatutako pertsona batek, sedentario baten aldean, aire gutxiago sartu behar du biriketan ariketaren intentsitate bera egiteko. Hau garrantzitsua izango da asma bezalako gaixotasunetan, non pertsonak arnas egiteko zailtasunak dituen. Ariketa fisikoa sortzen dien ondoeza dela eta, zenbait ume asmatikok sedentarioagoak izateko joera dute. Sedentario izateak edozein ariketa egitean arnas zailtasun handiagoak ekarriko dizkie eta horrela gurpil zoro batean sartuko dira. Gurpil zoro honetan ez sartzeko gomendagarria da ariketa fisikoa baldintza egokietan egitea. Horretarako garrantzitsuak dira: hezetasun eta tenperatura egokiak, asma sortzen dieten baldintzak saihestea (polen maila altuak zenbaitetan), berotze ona egitea, airea sudurretik hartzea eta bere gaitzaren tratamendu farmakologiko egokia. Hau dena kontuan hartuz gero zeharo gomendagarria izango da ume asmatikoek ariketa fisikoa egitea. 6. Ariketa fisikoa eta diabetearen kontrola eta prebentzioa

Diabetes mellitus odolean glukosa kontzentrazio handiak edukitzeagatik ezagutzen den gaitza da. Bi motako diabetesa ezagutzen dira I motakoa intsulinaren gabeziarekin gertatzen dena eta haurtzarotik antz eman daitekeena eta II motakoa, intsulina dagoenean baino ez denean eraginkorra. Hau gehienetan zahartzaroan gertatzen da eta askotan loditasunari lotuta. Gaur egun jakina da bai muskulazio eta bai iraupen luzeko ariketa egokia dela II motako diabetearen arriskua murrizteko. Azken urteetan II motako diabete kasu gehiago behatu dira ume eta gazteetan, sedentarismoa eta gizentasuna handitzearekin batera. Ariketa fisikoak eragin bikoitza du gaitz honetan alde batetik intsulinaren sentikortasuna eta glukosaren garraioa muskuluetara handitzen du eta bestetik gizentasuna murrizten laguntzen du. Pisu galera txikia izanda ere, glukosaren tolerantzia nabariki hobetzen da. Esan beharra dago II motako diabetearen kasuan ariketa prebentziorako eta tratamendurako balio duela.

Glukosaren garraioa muskuluetara handitzen duenez ariketa fisikoa I motako diabetearen kontrolean erabil daiteke. Diabetikoek ariketa fisikoa egiten dutenean bere tratamenduaren (intsulina edo ahozko antidiabetikoak) dosiak egokitu behar dituzte, bestela hipogluzemia gerta daiteke. Diabetikoen kasuan egin beharreko ariketa izan dezaketen beste gaitzei egokitua egon behar du eta berotzean, hidratazioan, glukosa mailetan eta oinen higienean arreta berezia jarri beharko da. 7. Ondorioa Aztertu dugun bezala ariketa fisikoak hainbat eragin onuragarri sortzen dizkio haur eta gazteen osasunari. Osasuna guk dugun altxor preziatuenetakoa denez eta ariketa fisikoa eraginkorra izateko jarraitua izan behar duenez. Ume eta gazteetan iraunkorrak izango diren ariketa fisikoaren ohiturak sortu beharko lirateke, inor baztertu gabe eta denentzako ereduak sortuz.