398 Zenbakia 2007-06-08 / 2007-06-15
Kirol federazio batek, federatu diren pertsonen errendimenduko beharrei erantzuteaz gain, gainerako populazioari ere eskaini behar lizkioke bere zerbitzuak. Azkenaldian, gizartearen eskaerari jarraiki, aniztasunaren ikuspegiak berebiziko indarra hartu du jarduera fisikoaren esparruan. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa bide eta erronka berri hauek jorratzen hasi da, betiere, errendimenduko, hastapeneko zein sustapeneko proiektuen arteko oreka bilatuz. 1. Sarrera
Kirol federazioen eta berau osatzen duten elkarteen egiturak aldaketa nabariak jasan ditu historian zehar. Azken hamarkadetako joerak errendimenduko helburu hutsetatik haratago doaz, hastapenari zein sustapenari leku gehiago eskainiz. Modu honetan, dirua irabazteko asmorik ez duten erakunde pribatu hauek (kirol federazio eta elkarteak), federatu diren kirolarien, eskola adinean daudenen, emakume zein gizonezkoen, ezintasunen bat duten pertsonen, gazte zein adinekoen eta oro har, herritarren beharrak asetzeko aukera izango dute. Argazkia: Amaia Martínez Zumeta.
Kirol jardueren inguruan lan egiten dugunok joera berri hauen inguruko hausnarketa sakona egin eta denok bide beretik jo behar genuke. Kirol jardueran, hastapena, errendimendua eta sustapena alderdiek trataera ezberdina izan arren, guztien arteko oreka mantentzeak berebiziko abantailak ekarriko lizkioke gizarteari. Kirol arloak ugaritzeak hainbat abantaila sor ditzake eguneroko jardunean, pertsona gehiago kirola egitera animatzeaz gain, kirola modu dibertigarrian, osasuntsuan, hezigarrian, lehiakorrean egiteko aukera landuagoak eskaini ahal izango dira.
Kirol federazio batzuek azkenaldian jasan duten eraldatzearen erakusgarri Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak azken urteotan jorratu duen ibilbidea esanguratsua izan da. Kirol federazio honek egokitzapen handiak burutu behar izan ditu, betiere, gaur egungo gizarteak eskatzen dituen arloei erantzun ahal izateko. Erronka berriei heltzea ez da batere samurra izaten, tradizioaren bide bakarretik aldentzen diren kirol proiektuek ezinegona eta aurkako jarrera ugari sortu ohi dute, baina helburu interesgarriak zein aberatsak dituen ereduaren bila dabilen federazioari bere bidea egiten utzi behar zaio. 2. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren jarduna
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioan kirol hastapena, sustapena eta errendimendua uztartuko dituen eredua sortu eta garatu da (Etxeberria Conde et al., 2005). Egitura honetan, eduki berriak landu ahal izateko, teknikarien etengabeko formazioa bilatu da, esparru ezberdinetan espezializatuz. Aurrekontuen alorrean ere, alderdi ezberdinak abian jarri eta garatzeko diru iturriak bilatu dira. Goi errendimenduko, hastapeneko eta sustapeneko diru iturrien jatorria ez da berdina, helburuak ezberdinak diren heinean, diru sarrerak ere desberdinak izan ohi dira. Hala ere, goi errendimenduko kirol proiektuekin alderatuz (lehiaketa, selekzioak), euskal pilotaren kasuan, askoz ere gehiago kostatu ohi da partaidetzako kirola, kirol egokitua edo parte hartze urria duten jokamoldeak indartzeko proiektuak bultzatzeko dirua lortzea. Kirol filosofia honen adierazgarri, ondorengo esparruak jorratu ohi dira Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioan:
Erakunde hauen bilakaera historikoari jarraiki, esparru garrantzitsuenen artean kirol errendimendua aipatu behar da. Alderdi honen barnean hainbat arlo jorratu dira, besteak beste, kirol federatua, jokamolde ezberdinetako lehiaketa eta Gipuzkoako selekzioa. Bereziki pilotarien joko-mailari egokitutako lehiaketa sistemak, elkarteen azpiegitura teknikoa, Gipuzkoako epaile kolegioa eta teknikarien kolegioa, Gipuzkoako selekzioaren antolaketa sistema, pilotarien prestakuntza teknikoa eta fisikoa garatu dira. Argazkia: Juan Carlos Etxeberria Conde.
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren jardunean berebiziko garrantzia duen alderdia da kirol hastapena. Jorratu diren arlo nagusien artean, eskola kirola, elkarteen berregituratzea, begiraleen formazioa eta jokamolde ezberdinen arteko orekatzea aipa daitezke. Halaber, burutu diren jardueren artean, Pilotan Jolas sistema Gipuzkoan hedatu eta dituen eraginak ikertu (Usabiaga Arruabarrena et al., 2005), eta elkarteen egitura aztertu eta formazioaren kalitatea hobetzeko ekintzak gauzatu dira.
Edozein kirol federaziok landu beharreko alderdia da kirol sustapena eta helburu nagusia parte hartzen duenak jarduera honekin ongi pasatzea eta disfrutatzea izan behar du. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak hainbat proiektu jarri ditu abian azken urteotan, garrantzitsuenen artean, Emakumea Pilotari proiektua, partaidetzako kirola eta kirol egokitua aipa daitezke. Emakumea Pilotari proiektuaren kasuan, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak hainbat akordio lortu ditu Gipuzkoako zenbait udalekin, beti ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesean. Proiektuaren helburu nagusia herri hauetan euskal pilotan emakumeen partehartzea areagotzea da. Partaidetzako kirolaren kasuan, proiektuaren helburu nagusia, federatu gabeko kirolarien parte hartzea sustatzea da. Kirol egokituaren arloan, kurpildun aulkietan dabiltzan pertsonentzako gomazko paleta egokitu da.
Zeharkako arloei dagokionez, kirol formazioak garapen handia izan du, zehazki, euskal pilotaren ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren oinarriak finkatu eta eskupilotako jokamoldeetarako planteamendu sakona eratu da (Egibar Mitxelena et al., 2007). Horrez gain, hainbat liburu argitaratu dira azken urteotan, (GEPF, 2005a, GEPF, 2005b, Gutierrez Maortua, 2005). Ikerketaren esparrua gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari den arloa da. Azken urteotan hiru proiektu jarri dira abian, betiere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzarekin. Euskararen arloan ere hainbat jarduera interesgarri landu dira, plazaratu diren testu guztietan euskararen erabilpen egokia bilatu da, euskal pilotako euskal terminologia zainduz. Horrez gain, elkarteei, hedabideei zein ikastetxeei helarazten zaien informazioa euskaraz edo elebidun da; antolatzen diren ekitaldi guztiak, gutxienez, elebidun dira, web gunea elebiduna da eta barne komunikazio ia guztia euskaraz da. 3. Aniztasuna eta oreka lortzea zilegi da
Kirol federazio batek ezin du errendimenduko kirola bakarrik jorratu, hori egitea, gizartearen eskaerei eta legez dagozkion funtzioei muzin egitea litzateke. Kirol hastapenak eta bereziki, kirol sustapenak, berebiziko garrantzia duten aroan, kirolaren inguruko erakundeek erronka berri hauei erantzuten saiatu behar dute.
Erakundeek, kasu honetan kirol federazioek, alderdi ezberdinen arteko oreka bilatu behar dute, bata bestearen aurretik jarri beharrean. Era berean, alderdi bakoitzean jorratu nahi diren arloak eta bete beharreko helburuak zehaztu behar dira. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren antolaketari erreparatuz gero, hiru alderdiak ongi bereiztu dira eta bakoitzari dagozkion arloak ere proiektu ezberdinen bidez zehaztu dira. Argazkia: Juan Carlos Etxeberria Conde.
Egitura honek gizartearen gaur egungo eskaerei erantzun diezaiokeelakoan gaude: errendimenduaren alderdiak lehiaketa antolatua, arautua, epe motzekoa, espezializatua eta entrenamenduaren sistematika nahi duen oro ase dezake, hastapenaren alderdiak berriz, egokitutako kirola, hezitzeko helburua duena, epe ertainera bideratua eta espezializaziorik gabea nahi duena eta azkenik, sustapenaren alderdiak bizi kalitatea, aisia, jarduera librea, irekia (arau aldakorrak edo arautu gabea), epe luzekoa eta aniztasuna bilatzen duena ase dezake.
Arlo guztiak jorratzeko, proiektu guztiak abian jarri eta garatzeko, sarreran adierazi bezala, beharrezkoa da lan talde espezializatua bilatzea (edo daukagun lan taldea formatzea). Eutsi erronkari, eutsi goiari! Bibliografia
· Egibar Mitxelena, Mikel et al. Eskupilotaren ikaskuntza-irakaskuntza prozesua, 2005. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia. Argitaratzear dagoen liburua.
· Etxeberria Conde, Juan Carlos et al. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa: egitura idealaren bila. Kirol Federatua Kongresua, 2005. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia.
· Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa. Euskal pilotan jarduteko oinarrizko aholkuak, 2005a, SS-1355/05. Donostia: GEPF.
· Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa. Eskupilotaren irakaskuntza prozesua, 2005b, SS-1356/05. Donostia: GEPF.
· Gutierrez Maortua, Igor. Eskupilotaren prestakuntza fisikoa, 2005. Donostia: GEPF. · Usabiaga Arruabarrena, Oidui et al. EBSIS 1.0: eskola-kiroleko adinean dauden pilotarien joko-ekintza deskribatzeko eta aztertzeko behatzeko tresna. In: Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Ikerketa I. Kongresu Birtuala, 2005. Gasteiz: Soin Hezkuntzako Euskal Erakundea. [ISBN 84-89703-01-9]