Euskonews Gaztea
Gaiak: Nerbioi Ibaiaren Ibilbidea
DBH 4.mailako ikasleak
Aukeratu dugun ibilbidean, Euskal Herriko ezagunetarikoa den ibaiaren sorburuari buruz idatziko dugu. Pagadi baten erdian jaiotzen da Nerbioi, Urduñako mendikatetik hurbil. Ibai honek Araba eta Bizkaia zeharkatzen ditu itsasoaren bila.
Ibilbidea Santiago mendian hasten da. Bertara heltzeko, Urduña eta Berberana lotzen dituen errepidea jarraitu behar da, aisialdi gunerako desbideraketa aurkitu arte. Bidean zehar paisaia ikusgarriak aurki daitezke, pagadiz beteta daudenak.
Ondoren, Nerbioiko begiratokirantz doan mendi-bidetik jarraituko dugu. Hara iristeko bi kilometro ibili behar dira. Bidea guztiz laua da eta paisaia oso ederra da pagoei esker.
Begiratokira heltzean, bidean harrizko horma batekin egingo dugu topo. Santiago mendian, otsoak harrapatzeko segaden aztarnak aurki ditzakegu. Antzina inguruko biztanleek otsoak oztopo hauetarantz hurbiltzen zituzten, eta han zeuden segadetan harrapatuta geratzen ziren. Ondoren, tiroka edo harriak botatzen hil egiten zituzten.
Bidean aurrera jarraituta plataforma batera iritsiko gara, eta handik Nerbioiren ur jauziaren ikuspegiaz goza dezakegu. Ura 300 metrotara dagoen Delika basetxeraino jaisten da. Euri eta urtzaldi sasoiak ikuskizunaz gozatzeko onenak dira.
Ibilbidea basora eramango gaituen bidetik jarraituko dugu. Zuhaitz artetik eta labarren ondotik doa bidea, eta bide horretan putre asko ikus daitezke. Haiek harkaitzen artean habiak egiten dituzte eta arroka gainean hegan ibiltzen dira. Parapentean aritzeko toki egokia da eta eguraldiak laguntzen duenean, ez da arraroa jendea kirol hori egiten ikustea.
Mendi bidean aurrera egiten minutu batzuetara “Rubenen kantoia” izenarekin ezagutzen den begiratokira helduko gara. Hemen ere paisaia zoragarriaz gozatu ahal izango dugu. Puntu horretan ibilaldia hasi dugun tokiraino bueltan eramango gaituen asfaltatutako pista hasten da. Zuhaitz artetik egingo dugu ibilaldiaren azken zatia.
Basoan orkatz, orein eta basurde asko daude eta baliteke horietakoren bat ikustea. Otsoak ere bizi dira inguru horretan. Arriskuan egon ziren arren, gaur egun espezie honek aurrera egiten du. Zaila da otsoren bat ikustea baina posible da horietakoren batek utzitako arrastoa aurkitzea.
Espero dugu ibilbidea zuen gustukoa izatea eta egiten saiatzea.