Euskadi, kalitatezko turismoa Euskadi, kalitatezko turismoa * Jasone Aretxabaleta Bere tradizio, kultura eta historiagatik, Euskadi, Estatu mailan isladarik handienetakoa duen Elkarte Autonomoa da. Europan eta Estatuan industri gune bezala erreferentzi puntua bada, gaur egun turismoaren alorra aurrerapausu garrantzitsuak ematen ari da eremu estrategikoei begira. Aro berriari eta konpetitibitateari aurre egiteko erronkari erantzunez, Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako turismo politikak helburu nagusia ezarri du: Euskadi kalitatezko turismoaren topagune bilakatu eta sendotzea. Bide honetan Guggenheim Bilbao Museoak, Kursaal Jauregia, Donostiako Aquarium eta Bilboko Euskalduna Jauregiarekin batera, turismoaren abangoardian kokatu gaitu. 1998. urtean Euskal Autonomi Elkarteak 97an baino %27 bisitari gehiago izan zituen. Iaz etorritako bisitarien gehiengoa, %71 Estatuko beste lurraldeetakoa izan zen, Madril eta Kataluniakoa batez ere. %29 berriz atzerritarra, bereziki frantziar, britaniar, Estatu Batuar eta alemaniarrak. Natura zaleek Babestutako Naturgune sare interesgarria aurkitzen dute Euskadin, naturaz gozatzeko. Herri eta hirietako jai, erromeri eta azokak ospakizun erakargarriak dira urte osoan zehar. Kultura maite dutenentzat berriz, Guggenheim Bilbao Museoa protagonista nagusi bihurtu da. Frank O.Gerhyren lan ikusgarri eta miresgarriak dinamika berria eman dio Euskadiko turismoari. Kultur eskaintza ordea ez da Guggenheim Museoan amaitzen, Gasteiz, Getxo, Donostia eta Baionako Jazzaldiak, Bilboko Opera denboraldia, Donostiako Musika Hamabostaldia edota Nazioarteko Zinemaldia aukera zabal baten adibiderik garrantzitsuenak dira. Milaurteko azken Xakobeoaren urtean ezin ahaztu Santiagoko Bidea; Euskadin bi ibilbide ditu, bata Kostaldekoa eta bestea Barrualdekoa, Arabako bidea deitutakoa. Kulturarekin batera, gastronomia Euskadiren ezaugarri nagusietakoa bilakatu da, nazioartean ezaguna, tradizioa eta joera modernoak modu egokian batu dituena. Negozio eta KongresuenTurismoak bultzada azpimarragarria izan du azken urteotan Euskal Autonomi Erkidegoko hiru hiriburuetan: Gasteizen Europa Jauregia, Bilbon Euskalduna Jauregia eta Donostian Kursaal Jauregia dira kongresuen alorrean egungo protagonistak. Ezin ahaztu Euskadiren kostaldeak eskaintzen duen aukera zabala: Hondarribia, Donostia, Zarautz, Getaria, Mutriku, Lekeitio, Mundaka eta Gorlizko hondartzak turismoaren ezaugarri garrantzitsu dira uda garaiko aisialdirako. Jasone Aretxabaleta, Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Saileko Prentsa Arduraduna
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.