384 Zenbakia 2007-03-02 / 2007-03-09

Gaiak

Klandestinitate garaiko andereñoak

AUZMENDI, Nekane BEITIA, Kontxita



Sabino Arana Fundazioak, aurtengo edizioan, beste batzuen artean, klandestinitate garaiko andereñoen kolektiboa saritu du, Ikastolak martxan jartzeak suposatu zuen ahalegina eskertuz. Ekitaldian Iparraldeko, Nafarroako eta Euskal Autonomi Erkidegoko andereñoak izan ziren. Kolektibo honek, sari gisa jasotako urrezko domina Eusko Ikaskuntzaren zaintzapean utzi du (ikusi dokumentua), Elkarte honek ere, Ikastolen Mugimenduaren modura, Euskal Herria bere osotasunean hartzen duelako eta bere hasieratatik Euskal Eskolaren inguruan egin zuen lanarengatik. Argazkia: Arantza Cuesta Ezeiza.

Gerrate baten ondoren, diktadura zela eta, bere hizkuntza eta kultura zanpatuak zituen herri batentzat, hain zuzen ere, bi oinarri horietan, bai gure hizkuntzan eta bai gure kulturan txertatutako eskola bat birsortzea, oso garrantzitsua zen guretzat.

Egia da garai hartako irakasleok zailtasun eta arrisku handiak gainditu behar izan genituela, baina, esperientzia hark izan zuen bestelakotik ere eta gaur egoera hari aurre egiten lagundu ziguten alderdi baikorrak aipatuko ditugu. Foto: J.M. Pemán

Ikastolarena, profesional bezala, ilusioa pizteko moduko proiektua zen:

- Ikasgelaz eta materialez urria bazen ere, pedagogia-metodologia aldetik aberatsa. Orduan hemen indarrean zegoen eskola nazionalaren aldean aurrerakoia.

- Ikasleak naturarekin harremanetan jarri, inguruko gertakizun eta ospakizunei tokia egin eskolan; gure mitologia eta historiara hurbildu; elkarrizketa, errespetua eta naturaltasuna landu, buruz ikastea prozesu logikoz ordezkatu,arrazoituz alegia. Hau da, eskola bizi bat egiten saiatu ginen.

- Gure aitzindari zen Elbira Zipitriari esker, hain baldintza zailetan sortutako Ikastola hark izen ona izan zuen hasiera hasieratik, ematen zuen prestakuntzari esker.

Edozein modutan, ikastola irekitzeko ezinbestekoa ikasleak izatea zen. Horregatik, arriskuz betetako ikastola klandestino harengan eta gugan ikasle haien gurasoek jarri zuten konfiantza eta eskaini ziguten atxikimendua eta laguntza oso gogoan ditugu.

Argazkia: Arantza Cuesta Ezeiza. 1964-1965 ikasturtean, hainbat irakasleon prestaleku eta topagune izan zen Erresidentzia izeneko egoitza zabaldu zuten Donostian guraso eta euskalzale batzuk, Frantziska Arregi kudeatzaile zela. Ikastolen hedatze eta handitze urteak zirenez, bere eragina azpimarragarria izan zen. Euskaraz antolatu ziren lehenengo udalekuen asmoa ere han sortu zen. Eskola eta irakasle katalandarrekiko harremanetan ere bultzatzaile eta partaide izan zen. Guk, Elbiraren urratsak jarraituz, eta garaian garaiko egokitzapenak eginaz, bagenekien Euskal Herriak behar zuen eskola eraikitzen ari ginela eta eskola hori, ikastola, pedagogia eremuan iraultzaile zela. Horren ustea bagenuen eta uste hori ez da erdi ustela gertatu, iraultza horrek egungo eskola sisteman jarraipena baitu.