382 Zenbakia 2007-02-16 / 2007-02-23

Gaiak

Donostiako “mapa” berria

GIPUZKOAKO BIDE AZPIEGITURETAKO DEPARTAMENTUA

Donostia-Beterrirako sarbide sarea

Errepideetako «mapa» arrunt aldatzen ari da. Donostia-Beterriko trafikoa bideratu eta ordenatzeko hautabide bila, sarbide sare berri bat ari gara eraikitzen. Hegoaldetik, sarrera berri bat eratuko da, Urumeako autobiaren bitartez. Ekialdetik, hirugarren lerro bat erantsiko zaio A-8 autobideari Intxaurrondo-Pasaia bitartean, Herrera-Intxaurrondo bide-adarra egingo da eta Pasaiako saihesbidea eraikiko da. Mendebaldetik, A-8 autobideak hiru lerro izango ditu Zarauztik Donostiaraino. Eta bigarren ingurabidea, gaurko saihesbidearen alternatiba orokorra. Inbertsio ahalegin handia, Donostia-Beterrik sarbide sare zabal eta modernoa izan dezan. 11 proiektu, Donostia-Beterrik errepide sare zabal eta modernoa izan dezan: Donostiako 2. ingurabidea, Urumeako autobia, hirugarren lerroak A-8n Bide gehiago Intxaurrondotik Pasaiara

A-8autobidean,Intxaurrondo-Pasaia bitartean hirugarren lerroa 2005ean zabaldu zenez geroztik, gaitasun eta segurtasuna handiagoa irabazi du egunero milaka ibilgailu izaten dituen zatiak. Hirugarren lerroa 2 km luze dituen zatian egin da, saihesbidea Intxaurrondon amaitzen den puntuan hasi eta Pasaiako saihesbidearekin lotuko duen punturaino, guztira 12,2 milioi euroko inbertsioaz. Pasaiako saihesbideak egunero 25.000 ibilgailu aterako ditu N-I errepidetik, Antxo-Herrera bitartean

Pasaiako saihesbidea datorren urtean zabalduko da, eta egunero 25.000 ibilgailu inguru aldatuko ditu N-I errepidetik A-8 autobidera; hartarako prestatua dago, hain zuzen, trafiko gehikuntza horri aurre egiteko, hiru lerrotara zabaldurik Pasaia-Intxaurrondo bitartean. Proiektu korapilatsu honen xedea da ia guztiz eraberritzea Pasaian N-I errepidearen eta A-8 autobidearen arteko lotune zaharra; horretarako, 5 zubibide, errepidearen gaineko eta azpiko 4 pasabide handituko dira, 2 tunel irekiko dira eta oinezkoentzako azpiko pasabide bat eta goiko zaldain bat egingo dira. Aurrekontua 47 milioi eurokoa da. Herrera-Intxaurrondo bide-adarra

Herrera-Intxaurrondo bide-adar berria eraikitzeko lanak aurten hasiko dira eta Herreratik A-8 autobidera (Irungo norabidean) lotzeko aukera emango du. Guztira 6 milioi euroko aurrekontua du, Garberako gunearekin ere lotunea izango du. Donostiako 2. ingurabidea. Abiatuda Donostiako saihesbide berria

Saihesbide berri bat izango da, Donostiako sarbideak arinduko dituena. Aurten bertan hasiko dira bigarren ingurabide honen lanak: 16 kilometroko «gerrikoa», hiria hegoaldetik inguratuko duena, Errenterian hasi eta Aritzeta arte, gaur egungo saihesbideari irtenbide orokorra eskaintzeko. Errepide berriak lotune bana izango du Urumeako autobiarekin, Astigarraga, eta N-I errepidearekin, Lasarte-Orian. Hiru zatitan egingo dira obrak: lehena, Errenteria-Astigarraga (2006an hasita); bigarrena, Asigarraga-Lasarte-Oria, eta hirugarrena, Aritzeta-Lasarte-Oria, biak 2007an. Lanen proiektuaren arabera, bigarren ingurabidea osorik irekita egongo da 2009an. Zubibidebat, 1 km luze

Benetako lehia tekniko eta ekonomikoa. Donostiako bigarren ingurabidearen proiektuan muturreraino zaindu dira ingurumena babesteko neurriak, eta ingeniaritza ahalegin ikaragarria egin beharko da: 6 tunel ireki eta 14 zubibide jaso behar dira, horietako bat kilometro betekoa, Astigarragan Urumea ibaia zeharkatuko duena.

Ahalegin tekniko horrek eragin zuzena du, noski, azpiegituraren kostuan: guztira, 280 milioi euroko aurrekontua izango du. Horrek esan nahi du Donostiako ingurabide berriaren 16 kilometroetako bakoitza 18 milioi euro kostako dela. Hiru lerroko autobidea Zarauztik Donostiaraino

Zarauztik Donostiaraino dagoen 10 kilometroko autopistak gaitasuna eta arintasuna irabaziko ditu hirugarren lerroa eransten zaionean. Lanak aurten bertan dira hastekoak, Orio-Aritzeta bitartean diren 7 kilometroetan, eta Orioko lotune erdian. Bestalde, Zarautz-Orio bitarteko 3 kilometroetan, lanak 2007an hasiko dira. Guztira, 70 milioi euroko inbertsioa izango da, A-8ko zati garrantzitsu horren gaitasuna handitzeko. Zorua eta juntak berriztatzea Lasarte-Aritzeta lotunean (N-I-A)

Trafiko ikaragarria biltzen du zati honek: egunero 60.000 ibilgailu, horietatik 9.000 kamioi; ezinbestekoa zen zorua eta lotura juntak berritzea, berandu baino lehenago, Lasarte-Aritzeta lotunean (N-I-A), errepidea 1999an zabaldu zela 6 urte besterik igaro ez direnean. Lanak 2005ean zehar egin dira, oso-osorik gauez eta aste buruetan, trafikoari ahal zen gutxiena eragiteko moduan. Bi mailako biribilgunea Errotaburun

Bi mailako biribilgune batek ordenatzen du, 2003az geroztik, Tolosako hiribidetik Amara-Ibaeta bide-adarrera eta Errotaburuko sarbidera doan trafiko trinkoa. Hiru bide horien arteko lotunea, baita Zarautz hiribidearen birmoldaketa ere, eraikitzeko 7 milioi euroko inbertsioa egin behar izan zen, 84 m diámetro duen biribilgune nagusia egin, eta, aldamenean, Zarautz hiribidean 40 m diametroko biribilgune osagarria atontzeko. Urumeako autobia. Donostiarako sarbide berria Martutene eta Loiolatik

Aurki, Donostiak gaitasun handiko sarbidea izango du, Martutene eta Loiola auzoetan barrena. Urumeako autobidea Andoain-Donostia artean N-I errepidearen hautabide izateko sortua da, eta hiriraino sartuko da, Martuteneko biribilgunea gainditu ostean, Loiolako erriberan barrena. Egunero, 30.000 ibilgailu inguru bilduko ditu, eta erabakigarria izango da N-I errepidea arintzeko, aldi berean Donostiako bigarren ingurabideari loturik egongo baita. Gaur egun, Urumeako autobiaren lanak hasiak dira ipar zatian, Loiolako, Martuteneko eta Astigarragako saihesbideetan hain zuzen. Aurten, gainerako bi zatietan (Urnietako eta Andoaingo saihesbideak) hasiko dira lanak. Bide zuzena ospitaletara

Martutene-Ospitaleak-A-8 lotune berriari esker, ospitaleen gunera iritsi ahal izango gara, autobidetik eta Urumeako autobiatik, Amara auzoa zeharkatu behar izan gabe. Lanak aurten hasi eta 2009an amaituko dira; azpiegitura guztira 2 km luze izango da, eta 49 milioi euroko inbertsioa eskatuko du. Añorgak etekina aterako dio Urumeako autobiari

Urumeako autobia irekitzea oso garrantzizkoa izango da añorgatarrentzat, trafiko astuna nahiz arina desbideratuko baitu, eta orduan N-I errepideak Añorga zeharkatzen duen zatian trafikoa baretzeko bitartekoak ezarri ahal izango baitira. Polloeko eta Aieteko tunelak berriztatzea

Donostiako saihesbideak izan ohi duen trafiko trinkoaren eraginez, konponketa eta berriztatze lanak tentu handiz planifikatu behar izaten dira, zirkulazioari ahal den gutxiena eragiteko. Gauez egin beharreko lanen artean, besteak beste, azpimarratzekoak dira Polloeko tunela berriztatzea (guztiz amaiturik), eta aurten Aieteko tunelean egingo dena. Karlos I.aren irtenbidea Donostiako errepide mapa berriari esker eta sarbideak hobetzeko egingo den ahaleginari esker, Amara auzoan A-8 autobidera sartzeko lotunea, Karlos I.eko zubibidearen bitartez, berraztertzeko aukera zabalduko da. Irtenbideak aztertzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako udalak eratutako batzorde teknikoa.