
Gaiak
Artapena, konponketa eta bide segurtasuna
GIPUZKOAKO BIDE AZPIEGITURETAKO DEPARTAMENTUA
Larrialdiei aurre egin, istripuetan seinaleak ipini, babes hesiak berritu, zuloak konpondu, asfaltoa berriztatu, seinaleak eguneratu... Lanak ez du etenik Gipuzkoako errepideetan. Egunean 24 ordu, urtean 365 egun, ehunka langile ari dira atergabeko ahaleginetan Gipuzkoako errepide sarea osatzen duten 1300 km errepideak behar den bezala egon daitezen. Zerbitzu hori eman beharrak eraman du Gipuzkoako Foru Aldundia gure bideen artapena, konponketa eta segurtasuna hornitzeko diru kopurua bikoiztera, agintaldi honen barruan; guztira, gipuzkoar bakoitzeko 250 euro. Ahalegin handia da, motorzaleentzako segurtasun hesiak ipintzeko, zarataren aurkako bitartekoak ezartzeko, txirrindularientzako ibilbideak egokitzeko, herriguneetan trafikoa baretzeko bitartekoak antolatzeko, neguko bide lanak indartzeko... Itsasertzeko “gudua”
Etengabeko “gudua” da. Zarauztik Mutrikuraino, itsasertza “Flysch” izeneko lur ezegonkor batez osatua dago; itsasoaren eta haizearen indarrak sortzen duen higadura eransten bazaio lur horri, erraz uler genezake N-634 eta GI-638 errepideak zaintzea bene-benetako gudua dela Gipuzkoako Foru Aldundiko errepideen artapen zerbitzuarentzat. Azken urte hauetan, errepide horietan ehun jarduera eta gehiago egin behar izan dira galtzada babesteko, ezpondak finkatzeko, fabrika obrak eraikitzeko, hondatutako elementuak konpontzeko eta lurraren ezaugarri geoteknikoak aztertzeko. “Flysch” irristagarria
Kostaldeko ertzetik, Zarauztik Debaraino doan N-634 errepideak eta Debatik Mutrikuraino doan GI-638 errepideak zapaltzen duten lurra sedimentu osagaiez dago eratua, tarteka material gogorrak (hareharriak eta kareharriak), tarteka material bigunak (margak eta buztinak). Lur mota horri “flysch” izena eman ohi zaio, alemanezko hitza da, “isuri, labaindu edo lur irristagarri” esan nahi duena. Tunel artifizialak Getarian
N-634 errepidean, Getaria eta Zumaia arteko zatian, bereziki 24 KPan, luiziak oso maiz gertatzen direnez, bi tunel artifizial egin ziren 2004an, bata 122 metro eta bestea 50 metro luze, ibilgailuen zirkulazioa ongi babesten dutenak. 13 kilometrotan hesi berriak Deban
N-634 errepideak Debako herria zeharkatzen duen zatian, hurrengo hilabeteetan hormigoizko segurtasun hesi berriak ipiniko dira, 13 kilometrotan zehar. Zumaiatik Itziarreko gainera igotzeko bidegurutzean hasi eta Mendaroko mugaraino ipiniko dira, errepidearen bazterreko babes elementuak indartu eta berdintzeko. Azterketa geoteknikoa 3Dn
Itsasertzeko N-634 errepideak zapaltzen duen lurraren osaera eta eboluzioa etengabe aztertzera behartuta gaude. Azken urteotan egin diren 30 bat azterketa geoteknikoak osatzeko, ikerketa sakonago bat egiten ari gara orain, N-638 eta GI-638 errepidearen zati ezegonkorretan, geotekniaren alorrean diren berrikuntzarik aurreratuenak erabiliz. Ezpondak kontrolatzeko sistema aitzindaria
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2003an plan berritzailea ezarri zuen, aitzindaria Estatu osoan, mendi hegalei eusteko Gipuzkoako errepide sarean ipinita dauden 5.000 ainguratze eta euskarri elementuren egoera eta eboluzioa kontrolatzeko. Planaren arabera, euskarri elementuak ipinita dauden orduko, artapen zerbitzuek elementuon egoera eta eboluzioa erregistratu eta jarraitu dezakete, elementuren batek joera txarra izanez gero aldez aurretik jokatzeko aukera izan dezaten, egoera larririk gertatu baino lehenago. Kutsadura akustikoaren aurkako plana
Gipuzkoako errepideetan barrena dabilen trafiko gero eta trinkoagoak ez du bakarrik erregaiek eragindako kutsadura atmosferikoa sortzen. Horrez gain, kutsadura akustikoa ere izan daiteke, eta trafikorik handieneko errepide zatietan trafikoaren zarata da kutsadura mota horren iturri nagusia. Europako araudietan xedatutakoari jarraituz, trafikorik handiena duten errepide zatietan zarataren aurkako elementuak ipintzeko plana antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Planaren arabera, urtean 6 milioi ibilgailu baino gehiago duten Gipuzkoako errepideen 172 km aztertuko dira (tartean dira, jakina, N-I edo A-8 ardatz nagusiak), zarataren aurkako legeriaren ikuspegitik. Horrela, 2008rako Gipuzkoan plan zehatza izango dugu, zarataren aurkako elementuak non kokatu behar diren jakiteko, egoera bakoitzean erabili beharreko sistemarik egokiena aukeratzeko eta lehentasunak finkatzeko. Hala ere, azterketa egingo da bakar-bakarrik lehendik eraikitako errepideetan. Une honetan egiten ari garen errepide berrien proiektu guztietan (Urumeako autobia, Donostiako bigarren ingurabidea, AP-1 autobidea, Beasain-Bergara autobia), zarataren aurkako bitarteko egokiak jasotzen dira hastapenetik. Zarataren aurkakoak
Zarataren aurkako pantailak:
Lehendik eginak diren errepideetan gehien erabiltzen den tresna dira. Era askotako materialez eginak izan daitezke (plastikoa, metala, orlana, material zurgatzailea...) eta eraginkorrak izateko, errepidetik hurbil jarri behar dira.
Trataera zurgatzaileak:
Horma, lubaki eta tunel ahoek soinua zurgatzeko ahalmena handitzen dute.
Lur dikeak:
Irtenbide hau erabiltzeko, errepidearen bi alboetan lur sail zabala behar da; beraz, Gipuzkoan nekez erabil daiteke.
Landare pantailak:
Landaredi sendoa behar da, 50 m inguruko pinu baso itxia, zarata dezibelio bat edo bi beheratzeko.
Dilatazio junturak:
Gainetik igarotzerakoan sortzen den zarata gutxitzeko bitartekoak erabiltzen dira. Makinak eta gatza, elurraren aurka
Termometroak behera egiten duenean, langile talde handi bat prestatzen hasten da. Gipuzkoako Foru Aldundiak prest du, etengabe, neguko bide lanetako plana azarotik apirilera bitartean, baina behar denean pizten da, negu giro larria adierazi orduko. Orduan, elurra kentzeko 50 bat makina eta beste bitarteko osagarri asko zabaltzen dira, errepide gaineko elurra kentzeko xedeaz. Gipuzkoa osoan barrena banatutako 17 silotan, 4.000 tona gatz dago, elur gainera botatzeko zain. Gatzak elurra urtu egiten du, izotz plakarik sor ez dadin. Lehentasunak dira errepide nagusietan trafikoa ziurtatzea, eta herrigune, lantoki nahiz ospitaleetara sarbidea libre izatea. Gipuzkoan, lurralde menditsua denez, elurra oso maiz egiten du. Neguko bide lanez arduratzen direnek arreta berezia jarri behar izaten dute errepide nagusiek mendiak zeharkatzen dituzten zatietan. Hala gertatzen da, besteak beste, N-I errepidean Etxegaraten eta A-15 autobide osoan. Neguko bide lanetako plana
Noiz pizten da?
Azarotik apirilera bitartean erabat prest dago beti. Barne Sailak negu giro larria adierazten duen orduko pizten da.
Zein bitartekoz?
Elurra kentzeko 50 bat makina eta 200 bat langile.
Zenbat gatz?
Gipuzkoan 4.000 tona gatz erabilgarri dago, 17 silotan gordeta.
Leku zailenak?
Errepide nagusiak, mendialdeko zeharbideetan: A-15 eta N-I Etxegarateko gainean.
Lehentasunak?
Errepide nagusietan trafikoa ziurtatzea, eta herrigune, lantoki nahiz ospitaleetara sarbidea libre izatea.
Motorzaleentzat, segurtasun handiagoa
Gipuzkoako errepideetan babes elementuak egokitzen hasi gara, gidari multzo berezi baten beharrak aintzat harturik. Motorzaleen elkarteek egindako eskaerak aintzat harturik, giza gorputzak babes hesi arrunten kontra lastertasun handiz jotzen duenean sortzen diren ondorio kaltegarriak -askotan, tragikoak- gutxitzeko programa bat gauzatzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia. Itziarreko igoera Zumaiatik (N-634), Iraetako aldapa behera eta Azkoitiko saihesbidea (GI-631) izan dira eskaera sozial berri horren arabera egokitutako lehen errepide zatiak. Aurten bertan, lan gehiago egingo dira motorzaleentzako hesiak ezartzeko, A-8 autobidean, Elgoibar eta Zarautz bitartean. Bestalde, orain egiten ari diren errepide berri guztietan, adibidez 2005eko amaieran zabaldu zen Elgetako saihesbidean, era horretako bitartekoak jarrita daude. Bizikleta lerroak
Errepideak eraberritzeko lanetan, bizikleta lerroak ezartzeko lanak egiten ari da Gipuzkoako Foru Aldundia.
- Alegia-Ikaztegieta (GI-2131)
- Beasain-Ormaiztegi (GI-2632)
- Idiazabal-Segura (GI-2637)
- Errenteriako hegoko bidea
- Irun-Endarlatsa (N-121-A) Bide librea txirrindularientzat
Gipuzkoako errepideak ez dira ibilgailu motordunen barruti partikularra. Txirrindulariak maiz ibiltzen dira errepideetan, batez ere asteburuetan: gure lurraldean txirrindularitzak pizten duen zaletasuna ikusita, ez da harritzekoa bizikletari samalda ikustea gure bide bazterretan. Eskaera horri erantzun egokia emate aldera, Gipuzkoako Foru Aldundiak txirrindularientzako sei ibilbide babestu eratu ditu, behar den bezala seinaleztatuta, bizikletari kopuru gero eta handiagoa jasotzen dutenak. Ibilgailu motordunen eta txirrindularien arteko elkarbizitza segurtasunez eraman nahi baldin bada, ordea, ezinbestekoa da seinaleak eta zirkulazio arauak zorrozki errespetatzea, eta segurtasun tartea gordetzea. Oinezkoa, lehenbizi
Gipuzkoako hamabi bat herritan oinezkoen segurtasuna babesteko, trafikoa “baretzeko” bitartekoak ezarri dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak tokian tokiko udalekin hitzarturik ezarri ditu bitarteko horiek, errepide nagusiek herri barruan egiten dituzten zeharbideetan eta helburu zehatza dute: ibilgailuen lastertasuna mantsotuarazi eta oinezkoen joan-etorriak segurtasunez egiten direla ziurtatu. Gehienetan, saihesbideak edo hautabidezko beste errepideren bat zabaldu eta jatorrizko errepide zatiak bere egitekoa galdu duen lekuetan egin izan dira halakoak. Lerroen zabalerak bide ematen du, oraindik errepidea erabiltzen duten ibilgailuen trafikoa “baretzeko” bitartekoak ezartzeko. Tunelak eraberritu eta konpondu
Gipuzkoak duen orografiaren zailaren ondorioz, errepideak egiteak esan nahi du tunel asko zulatu behar direla. Azpiegitura horiek egoera egokian edukitzekotan, etengabeko ahalegina egin beharra dago eraberritzen eta konpontzen, hezetasunak eta trafiko trinkoak eragiten duen higaduraren ondorioak ez daitezen nabarmendu. Legorretako eta Itsasondoko tunelak (N-I errepidean) guztiz eraberritzea, Oindolarreko tunela (A-15) eraberritzea edo Polloeko tunela (Donostiako ingurabidean) egokitzea dira, besteak beste, ahalegin horren lekuko. Seinaleak berriztatzea
Bide segurtasunaren zutarri nagusietako bat da errepidearen ezaugarrien araberako seinale egokiak izatea. Agintaldi honetan, errepideen seinaleak 8.3.IC arauaren ezaugarrietara egokitzeko prozesuari ekin diogu, besteak beste, errepide hauetan: Legazpi-San Prudenzio (GI-2630), Zarautz-Zestoa (GI-2633), Oiartzun- Hondarribia (GI-2134), Ordizia-Alegia (GI-2131), Beasain- Zumarraga (GI-2632), Alegia-Ordizia (GI2133), Arrasate-Aramaio (GI-2620) eta Lazkao-Ataun (GI-2120). 100 km errepide eta gehiago, seinaleak guztiz eraberriturik. Argiteria hobetu Gipuzkoako bide gehienek, batez ere errepide nagusiek, trafiko trinkoa dute, baita gauez ere. Bide segurtasuna hobetzeko bidean, oso garrantzizkoa da argiteria elementuak indartzea, esate baterako tunelen barruan edo errepide sareko gune zailetan, adibidez N-I eta A-15 Andoainen elkartzen diren puntuan. Egunean 24 orduz, lan talde bat arduratzen da Gipuzkoako errepideen sare elektrikoa egoera onean izaten.