379 Zenbakia 2007-01-26 / 2007-02-02

Euskobooks

Aipamena. Gipuzkoako gazteluak

Egilea: Antton Arrieta Valverde Argitaletxea: Hiria Orrialde kopurua: 268 ISBN: 84-9797-190-6 Ezaugarriak: Lehenik eta behin, gaztelu hitzaren esanahia mugatu egiten da liburuan, soilik historia eta arkitekturaren ikuspuntuak oinarri hartzen dituen definizio bat erabiltzen baita. Horrela lan honetan, Erdi Aroko barruti bat eratzen duen dorre eta hormen konbinazio bat da gaztelua, militar asmoarekin egindakoa jakina. Definizio horretatik abiaturik, Gipuzkoan egon diren gazteluen egungo ezagutza laburbildu nahi izan da orrialde hauetan. Bigarren atal batean, bestalde, lurralde horretan gaztelu gehiago aurkitzeko aukerak zerrendatu eta aztertu egiten dira. Gipuzkoan egon diren gazteluaz eta euren eragina lurraldearen sorreraz eta antolakuntzaz gutxi dakigula aitortu ondoren, sarrera luze batean orain arte ezaguna dena jasotzen da: gazteluen aipamenak historian, euren egitura, egindako azterketak eta indusketak, aztarnak... Sarrera hori egiteko oinarria izanda, liburuaren egilearentzat gaztelutzat jo daitezkeen Gipuzkoako 12 gaztelu banan-banan aipu egiten du geroago, lanaren lehenengo atala osatuz: Mendikute (Albiztur), Arrasate, Ataun, Iriaun edo Elosua, Donostia, Aitzorrotz (Eskoriatza), Hondarribia, Beloaga (Oiartzun), San Adrian (Partzuergo Nagusia), Gazteluberri (Partzuergo Txikia), Kaikoa (Pasaia) eta Ausa (Zaldibia). Batzuetan, dakiguna laburturik jasoz edo ia dakigun guztia gainontzeko ale guztietan aipatuz, atal hori osatzen da. Azpimarratzekoa da, eraikin batzuetan ez dugu euren Erdi Aroko izena ere ezagutzen eta bakarrik ikusten diren aztarna urriek baieztatzen egiten digute zegokien militar egitekoa. Liburuaren bigarren ekarpena da hurrengo saila, bertan biltzen baitira izandako gazteluen zerrendan sartzeko izan daitezkeen aukera asko eta asko, Gipuzkoako 72 udal eta partzuergoetan barreiatutik, toponimia, geografia, historialarien uste eta agiri zaharretan oinarrituta. Gazteluen erroldan sartzeko aukera batzuk oso sendoak dira, hala nola Maltzagakoa (...; harkaitz gaztelu [castillo rroquero, jatorrizko idatzian[ bat zegoen hor, aipaturiko eraikinaren ondoan... (1538)), Oñatiko Artian (...Arrigojenagako haitzen eta Artiako gazteluko haitzaren artean. (1557) eta ...Arrigojenagarekin muga egiten dute Arribako muinotik Artiako gaztelura zihoan bideak... (1585)) edo Leintz-Gatzagako egun Dorleta izenez ezagutzen den Gazteluko Andra Maria santutegia. Behar bada, aipatutako kasuetan eta beste batzuetan lanaren egilearen zuhurtziak soilik eragozten du frogatutako gaztelu gisa onartzea. Bigarren atal horretan agirietan oinarritutako gazteluei buruzko bildutako aipamenak, bat XIII. mendekoa da, bost XIV.koak eta beste bost hurrengokoak, hamar XVI. gizaldikoak eta beste bost XVII. mendean datatutakoak dira. Baina ia 180 dira ataleko agiri eta liburuetako aipuak eta egungo toponimoak.