346 Zenbakia 2006-05-05 / 2006-05-12

Efemerideak

Efemeridea. Piarres Larzabal antzerkigile eta idazlea 1915eko maiatzaren 5ean jaio zen Lapurdin



Piarres Larzabal. Lapurdiko antzerkigile eta idazlea (Azkaine, 1915 - Ziburu, 1988). Eliza ikasketak Hazparnen, Uztaritzen eta Baionan egin ondoren apaiz egin zen 1939an eta Hazparneko bikario izendatu zuten. Bigarren Mundu Gerra garaian Alemanian, Polonian eta Txekoslovakian egon zen preso. Hazparnera itzuli eta nazien aurkako erresistentzian parte hartu zuen. Garai hartan ekin zion idazteari Eskualduna, Herria, Gure Herria, Enbata, Othoizlari, Aintzina aldizkarietan. 1951n Sokoako elizara bidali zuten. 1963an euskaltzain oso izendatu zuten. Aldi berean, Larzabalen etxean Enbata izeneko mugimendu abertzalea eta Anai-Artea hegoaldeko iheslariei laguntzeko erakundea eratu ziren, Telesforo Monzon buru zela. 1970ean ETA erakunde armatuak Beihl alemaniar kontsula bahitu zuen, eta Aita Larzabalek bitartekaritza lanak egin zituen ETAren eta bahituaren familiaren artean. Literatura lanak antzerkian oinarritu zituen. Oso idazle ugaria izan zen. Ehun liburutik gora idatzi zituen. Hona ezagunenak: Etxahun, Bordaxuri (1962), Hiru ziren (1962), Herriko bozak edo nor alkate (1962), Senperen gertatua (1964), Hila esposatu (1965), Portu-xoko, basabeltz, Urriki latza, Berterretxe, Mugari tiro, Mila espos, Paper mende, Nork hil du Oyanalde, Matalas, Sarako lorea eta Lehen eta orai. Larzabalenak dira, halaber, Urdea hil dugu (1964) eta Mugako apez (1968) kontakizunak, eta Nere mendixkatik: ETAko gudariez apez bat mintzo izeneko obran (1978). Pierre Charrittonek bildu eta hartarako paratuta, 1991az gero Larzabalen antzerkilan guztiak kalera atera dira, lau liburukitan.