317 Zenbakia 2005-10-07 / 2005-10-14

Gaiak

Zenbait galdera IKT-ei eta hezkuntzari buruz

LANBIDE HEZIKETAKO ETA ETENGABEKO IKASKUNTZAKO SAILBURUORDETZA



Hezkuntza elektroniko edo birtuala haurtzaroan dago, hastapenetan, eta asko falta da oraindik ikasleei motibazioa, euskarria, gidaritza, irakaskuntza eta ebaluazioa ematen ikasteko. Jakina, funtsezkoa da lineako ikaskuntzaren komunikazio-alderdiei buruzko ikerketa. Izan ere, irakasleek eta ikasleek ikasi egin behar dute lineako ikaskuntzaren prozesuak identifikatzen eta aprobetxatzen, prestakuntza-emaileen eta ikasleen elkarrekintza gauzatu eta sustatzeko. IKTek hezkuntzara iristea errazten dute?

IKTak sortu eta erabiltzea ez dira guztiontzako hezkuntzaren bermea. Ez da aski baliabide teknologikoak izatea; izan ere, giza-baliabideak behar dira, baliabide materialak, sozialak… eskuarte teknologikoak erabiltzeko aukera izateko. Argazkia: Jane M Sawyer (souldestine@cox.net).

Erronkak eta aukerak: IKTek lagundu egin behar dute aberats eta pobreen arteko aldeak gutxitzen. Irakasleen prestakuntza eta azpiegituren administrazio egokia sustatuz gero, hezkuntzara heltzeko zailtasunak arindu daitezke. IKTek eskolako ikaskuntza hobetzen dute?

IKTak erabiltzeak ez du hobeto ikasiko dela bermatzen. Ikaskuntzari euskarriak emateko tresnatzat hartu behar dira. Ikasteak, noski, ahalegina eta borondatea eskatzen du. Berrietan berriena izanda ere, ez dago, ahalegin eta ikasketa gabe, jakintza emango duen metodorik.

Erronkak eta aukerak: IKTek eskaintzen duten motibazio-alderdia eta aukerak aprobetxatu behar dira hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzat. Irakasleek IKTak aprobetxatu behar dituzte ikasleengana hurbildu, ezagutu eta horiengan interes ezberdinak pizteko. IKTek parte hartzea eta komunikazioa sustatzen dituzte?

IKTak erabiltzeak ez du berez bermatzen hezkuntza-proiektu batean esku hartzen dutenen arteko komunikazio eta parte hartze handiagoa. Izan ere, jarrera-kontua da, baliabideena baino gehiago. Hala ere, baliabidea ezagutu behar da, bertan erabiltzen den tresna ulertzeko. Posta elektronikoak eta Interneteko baliabideek bere joko-arauak dituzte.

Erronkak eta aukerak: IKTak baliagarri gerta dakizkieke irakasleei, gure gazteak nola komunikatzen diren ulertzeko. Komunikazio-modu berrien esperimentazioa bultzatu beharko litzateke eskoletan, izan daitezkeen akatsei eta gaizki-ulertuei aurrea hartuz. IKTek informazioa eskuratzea errazten dute?

IKTak sortu eta erabiltzeak ez du berez bermatzen informazio gehiago eta hobea izango dugunik. Izan ere, behar-beharrezkoa da Sarean garrantzizko informazio egokia bilatzeko eta aukeratzeko irizpideei buruzko prestakuntza. IKTen bitarteko informazio-baliabideen gehiegizko erabilerak “infoxikazioa” eragin dezake.

Erronkak eta aukerak: Informazio erraz eskuratzeko modua izateak aukera eman behar du informazioa aldez aurretik ezagutu eta berregiteko. Informazioa bilatu eta aurkitzeko estrategiak bultzatu behar dira, baita Sarean aurkitu informazioaren egiazkotasuna eta kalitatea egiaztatzeko metodoak ere. IKTek jakintza sortzeko bidea ematen dute?

IKTek ez dakarte, berez eta besterik gabe, ezagutza hartu eta eskuratzea. Ezagutza praktikoak eta teorikoak bakoitzaren lanaren ondorio dira, eta ez dira harrapatu edo atzematen, eraikitzen baizik. Izan ere, jakintza sortuko bada, ondokoak dira ezinbesteko: informazioa alderatzea, aurreko ezagutzei gehitzea, eztabaidatzea, hausnartzea eta transferitzea.

Erronkak eta aukerak: IKTek aukera asko eta asko eskaintzen dute, ezagutzak eskuratzeko egoerak sortzeko. IKTek talde-lana sustatzen dute?

Komunikazioak talde-lana errazten duenez, halako adimen kolektibo bat sortzen da. Talde-lana ez da bakoitzaren ikaskuntzaren kalterako; aitzitik, ezagutza-eremu berrietara proiektatzen du, batuz.

Erronkak eta aukerak: Gaur egun, erabat ezinezkoa da pertsona bakoitzak jakintzaren eremu guztiak menderatzea, eta, era berean, gero eta beharrezkoago da ikuspegi global eta diziplinartekoa izatea, sormena eta transferentzia dantzan jartzeko. IKTek erraztu egin dezakete ikuspegi zabal horretara iristea. Argazkia: Jane M Sawyer (souldestine@cox.net). IKTek begikotasunak eta ezinikusiak eragiten dituzte?

IKTek teknofiliak eta teknofobiak eragiten dituzte. Izan ere, muturretatik egiten da maiz teknologiarekiko harremana. Mutur batean, teknikak eskaintzen dituen aukera paregabeen interesa helburu nagusien aurretik jartzen duen erabiltzailea dugu (teknofilia); bestean, aldiz, teknika arbuiatu eta probetxurik ateratzen ez diona, ezintasunaz edo zerbait (eta hori ere ez da funtsezkoa) galtzeko halako beldur batez. Erronkak eta aukerak: Teknologia baino lehen jaiotakoek bakarrik hartzen dute teknologia halakotzat. Izan ere, hauxe ulertu behar dugu: gure ohiturek, eta, nolabait, teknologia-aurreko egoera batetik landu ditugun eraikuntza mentalek markatzen dutela teknologiari buruz dugun ikuspegia. Belaunaldi berriek ez dute zama hori eraman beharrik izango, eta ez dira filia eta fobietan eroriko.