292 Zenbakia 2005-03-11 / 2005-03-18
Euskaldunak, Quebec-eko euskaldunen elkartea, duela 8 urte sortu da. Elkarte horren kideen artean, Euskal Herritik duela 50 urte baino gehiago atera ziren pertsona batzuk badira !! Dudarik gabe, goraipatzekoa da 50 urteren buruan sorterriarekin harremanak oraino atxikitzen dituzten pertsonaia horien bizitza !
Artikulu hauen irakurleak Quebec-en gaindi pasatuko direlarik, Euskaldunak elkarteko ekitaldi batean parte hartzera gomitatzen ditugu ! Horri esker, Armand Maurice « Arnaud » Vignau bezalako pertsonaiekin zuzenean euskaraz hitz egiteko parada ezin hobea ukanen dute eta, behar bada, gainezka aipatu ditugun zenbait atal osatzen ahalko dituzte ! Vignault. Sar hitza
Montreal hirira urtero Euskal Herriko ikasleak etortzen dira ikasketen egitera urte bat edo birentzat. Ikasle horietarik franko agertzen dira Euskaldunak Elkarteak ostiralero antolatzen dituen euskara ikastaldietara ! Haien parte hartzea edo maixu moldean edo ikasle gisa gertatzen da ! 2003-2004 ikasturtean, iparraldetik urte batentzat ikasketen jarraitzera Montréalera etorria zen Léonie-k aipatu digu haren familiako ezagun bat, Vignau deitua, duela 50 urtetik goiti Québec-en bizi dela eta gainera euskalduna dela ! Hori da hori ezustea ! Horrelako Québec-tar izenarekin euskaldun bat hemen gaindi bizi dela hain luzaz jakitea ! Léonie-k Vignau-tarrak Euskal Astea 2004 ekitaldira gomitatu ditu eta elkar ezagutza hortarik geroz Vignau-tarrak Euskaldunak elkartearen ia ekitaldi guzietara agertu dira ! Azkeneko ekitaldian Vignau-rekin hitzordu baten hartzea erabakia izan da Montréaleko Euskara Ikastaldietako irakasleek harekin egin dezaten elkarrizketa bat.
Udazkeneko egun goxo batez, Montréal hiriaren hegoaldean den Longueuil hirian Vignau-k ongi etorria egin digu bere etxera elkarrizketaren egiteko.
Hasiera batean Vignau-ren bizia aurkeztuko dugu eta ondoren 55 urtez atzerrian egon den euskal herritar baten harremanak euskara eta Euskal Herriarekiko ikertuak izanen dira ! “Arnaud” ala Armand Maurice ?
Armand Maurice Vignau 1924ko martxoaren 29an Baionan sortu da nahiz eta gurasoen etxaldea Oragarren izan. « Arnaud »ren familiari buruzko datu batzuk :
-Ama: Marie Anne Soltzaburu (Oragarrekoa (http://www.bascoweb.com/VILLES/o/oregue.htm edo http://www.infobasque.com/villes/vilacc-f.htm)) 1891ko urtarrilaren 8an sortua eta 1968ko abenduaren 5an zendua. Oragarreko lehen pertsona izan zen « Certificat de Scolarité » lortu zuena. Marie Anne-ek Lehen Mundu Gerran bi anaiak galdu zituen. Ber garaian aita gaixotasunez zendu zitzaion.
-Aita: Pierre Vignau (Martxutakoa (http://www.bascoweb.com/VILLES/m/masparraute.htm edo http://www.infobasque.com/villes/vilacc-f.htm)) 1892ko urriaren 24an sortua eta 1965eko martxoaren 19an zendua. Pierre Lehen Mundu Gerran 3 aldiz zauritua izan da.
-Anai-arreben sortzeak: 1926an Josepe, 1928an Bitor, 1930an Jan Battitt eta 1934an Bernadette (2 urtetan zendua).
Marie Anne Soltzaburu lehen semeaz, « Arnaud »-taz, haurdun zela, Oragarreko medikuak erran zion ebakuntzaren bidez Baionako ospitalean sorrarazi beharko zutela. Alabaina, Marie Anne xenka (herren) zen eta medikuak erran zuen zesarea bat egin beharko ziotela Baionan. Marie Anne ospitaleko gelan zela ebakuntzaren eguna itxoiten, gau batez, pixuntzira zohala « Arnaud » bat batean naturalki sortu zen ! Medikuek harridura haundia zela eta nahi ukan zuten beren marka utzi estatu zibilan beren izenak emanez Marie Anne-en semeari : Armand Marice. Hala ere elizan Arnaud izenarekin bataiatua izan denez Vignau-tarren lehen semea, Arnaud edo Eñaut deitua izan da betidanik ! Ziortza, Urko, Eñaut eta Aitor. « Arnaud » Vignau-ren gaztaroa :
Oragarreko etxealdean 4 behi eta behor bat zituzten. «Arnaud »-ren amak etxe inguruak egiten zituen josturarentzat jendeek behar zituzten tresnen eskaintzeko arrautza edo baserriko beste jakien truke. Aitak, aldiz, amak lortzen zituen baserrietako produktuak (gehienetan arrautzak), saltzen zituen, Bastidako eta Hazparneko merkatuetan.
“Arnaud”-k 12 urterekin “Certificat d’Étude”-a lortu zuen. Gainera eskualdeko nota hoberenak ukan zituenez 100 frankoko saria lortu zuen. Garai hartarik atxiki ditu hizkuntza eta erlijoei buruz jakiteko gogoak.
Hala ere, baserriko lanak beti egiten zituen : 12 urterekin jada behien jeizteko eta idien uztartzeko gaitasuna zuen. “Arnaud”-k, premu zenez, eskola utzi zuen etxaldeko lanei lotzeko eta patarretan zituzten lurretan gogorki lanean arizaiteko (belar edo egur mozten, etab..). Hala ere errientak uzten zizkion liburu batzuk irakurtzeko denbora hartzen zuen. Oraino gogorat etortzen zaio garai hartan irakurri zuen « Féerie Cinghalaise » liburua, Francis de Croisset-ek idatzia. Gerla aroa eta Militar bizia :
Bigarren Mundu Gerla hasi eta Eñautek Bordelen zuen osaba bat frontera joatera behartu zuten. Ondorioz, Eñaut 15 urterekin, Bordelen bakarrik gelditu zen izebaren laguntzera joan zen. Karia hortara, Pierre Vignau-k, Eñaut semeari aitortu zion haren etxaldetik hurruntzea, beso eskuinaren galtzea bezala bizi zuela !
Bordelen, Eñaut eta haren izeba, goizean goizetik fruitu eta barazkien erostera joaiten ziren Merkatu Nagusira. Gero erositakoak auzoetan banatzen eta saltzen zituzten.
Frantziak armistizioa 1940ko ekainaren 17an egin ondoren osaba berriz etxera itzuli zen eta Eñautek 2 urtez Bordeleko Tivoli kolegioan lanean eta ikasketak egiten jarraitzeko parada ukan zuen 16 urtetik 18 urtera arte. Hara nola ingelesa ikasi zuen garai hartan.
Azpimarratzekoa da Bordaleko egonaldian lehen aldikotz ukan zuela Alemaniako armadaren ikusteko aukera :
- Frantziak gerla hasieran egina zuen propagandak (“Munduko hegazkin handiena dugu, kanoik hoberena, defentsarik hoberena, etab.”) ezinezkoa zela ere pentsa arazten bazuen, soldadu alemaniarrak desfilatzen ikusi zituen Bordelen. Ber maneran frantses armadako soldaduak iparraldeko iheslariekin batera ikusten zituen Bordele uzten.
- Lan egiten zuen kolegioan soldadu alemaniarrei ere ostatu eman zitzaien.
Vignault. Eñautek dion bezala etxaldean aitamekin solas eskas zituenez, zerbitzu militarra egiteko garaian soldadu izaiteko prest zen. Etxean ordenak segitzeko ohitura zuen eta ! Hala ere behar ukan zituen hautatua izaiteko erresistentzia test gogor batzu egin (bi egunez kirol asko eta lo gutti egin, 3 baso esne bakarrik hartuz egunero). Eñauten helburua zerbitzu militarraren bidez Frantses Indar Libreetan sartzea zen, molde batez edo bestez. Bide hori Tivoli kolegioaren errektorea zen Gorostarzu jesuitak zion aholkatu.
Bestalde, Vignauk, bere baitarik, Bordelen liburu bat erosi zuen: « Le Manuel du Gradé d’Infanterie », ainitz lagunduko zuena armadan aurreratzen. Horiek hola, test guziak gainditu ondoren lortu zuen aski laster « 9e Régiment des Tirailleurs Algériens »-ean izendatua izaitea. 1942ko uztailean Alger-era heltzen zen. Horrek bere helburutik hurbiltzen zuen zeren Ipar Afrikan Aliatuek planoak zituzten Frantzia eta Europaren askapenaren hasteko. Algeriako egonaldia Kolea-n (Alger-etik 39 kilometrotan) hasi zuen.
Horrela du Eñautek parte hartu Sidi Ferruch-en (Alger-etik 30 bat kilometrotan) Aliatuen lehen lurreratzean 1942ko azaroaren 8an. Azpimarratzekoa da Colonel Baril eta Général Mast zirela Vichy-ren ordreen kontra soldadoak antolatu zituztenak ekintza horietan.
Vignau-k Algeriako egonaldian mezuen deskodetzeko gaitasuna bildu zuen, Tunisiako kanpainan parte hartu zuen “Sergent” bilakatuz tankeen aurkako taldean egin zituen ekintzei esker. Aliatuen sarrera europar kontinentean (Siziliatik) antolatzen ere arizan zen.
Azkenik, hizkuntza asko menperatzen zituenez, gerlan arizana zenez eta gradu militarretan goiti ari zenez, Vignau « Bureau central de renseignements et d&8217;action (BCRA) » -ean sartu zen.
1943ko abenduan 35 itsasontzik osatzen zuten segizio batean Algeriatik Inglaterrara joan zen 13 eguneko bidaia batean. Abenduaren 21an, 34 itsasontzi heldu ziren, Liverpool-era, alemaniarren itsaspeko ontzi batek segizioko ontzi bat urperatu zuelarik !
Ingalaterran « Forces Terrestres Françaises en Grande-Bretagne »-ean ari zen lanean « sous-lieutenant » tituluarekin, Londres hirian.
1945an « Archives d’État –Major des Forces Françaises Libres »-ak Parisera berriz eramanak ziren eta haiekin batera Vignau berriz Frantziara joan zen otsailean.
Parisetik oporren karietara berriz Euskal Herrira jeutsi zen familia topatzeko 2 urte eta erdiren buruan ! « Sergent-Chef » tituluarekin eta uniforme ederrarekin berriz itzultzen da etxera. Burasoekin eta bereziki aitarekin harreman gehiago ukanen ditu hortik goiti.
1945ko maiatzean Macon-eko kuartelean, erresistentzian arizan ziren pertsonak formatzen zituen frantses armada integra zezaten. Vignau armen erabiltzeko eta konpontzeko espezialista bilakatua zen. Formatzen zituen pertsonak goi-mailako ikasketak zituzten baina armadaren mundua guti ezagutzen zuten. Errealitate horrekin aurre egitea esperientzia oso zaila izan zen : Vignau-k ez zituen ikasketak jarraitu eta militarren giroan ikasi zituen gauza asko…
1945ko abenduaren 2an « Corps Expéditionnaire Français d’Extrême Orient »-ean sartu zen. Ipar Afrikan arizan zenez gerlan eta zuen militar graduak behar ziren kualifikazio guztiak emaiten zizkion amerikarren laguntzera joaiteko Asia Ekialdean, Japoniarrek menperatu zituzten eskualdeen berriz kudeatzera.
Hara non abenduaren 24an Saigon-era heltzen den (Indochine edo gero Viet-Nam deituko den herrira).
Han ekintza frankoren artean aireportu baten zaindaritza hartu behar ukan zuen bere gain. Japoniarrek kontrolatzen zuten eta Armistiza ondoren Vignau-ren egin beharra izan zen lan hori ! Ordezkatu zuen japoniar arduradunak (gerlan sartua zen arkitekto bat eta duela bi urte eta erdi haren emaztea eta haurrak ikusi gabe zena) ahoku batzu eman zizkion. Ber denboran ere azaldu zion base hortan Japoniako 32 bolondres diplomadun gazte agertu zirela. Bakoitzari hegazkin bat pairatu (prestatu) zieten. Japoniarrak istorioa amaitu zuen erranez : « 32 bizi ezin baliosagoak galdu ditugu itsasoetan (« Kamikaze »-ak ziren eta !) baina 3200 bizi salbatu ditugu Japonian… ».
1948ko otsailean egin behar militarretarik aske zen “Arnaud” ! Vignauk aitortzen du gerlataz aski zuela, haren fedearekin ezin parekatuak ziren egoerak bizi izateak gogaikatu zuela eta frantziaren fama (elizaren alaba nagusia, etab…) ez zuela gehiago frantziaren ekintzarekin lotzen ahal ! Quebec-eko bizia :
Oragarrera itzultzean jakin zuen 2 herritar ari zirela Txilen lanean Baionatar nagusi batentzat. Nagusi hura urtero Baionara itzultzen zen eta Vignau-k nahi ukan zuen topatu Txilen lana lortzeko. Zoritxarrez elkarretaratzea aintzin zendu zen nagusi hura eta Vignau-ren Hego Amerikako abenturak bertan behera erori ziren. Vignaultarrak eta elkarrizketagileak.
Ia 7 urte soldado izan ondoren parte haundi bat gerla giroan… harreman bereziak ukan zituen gutunen bidez Gerlako Goxama batzurekin ! Hara nola Australiako eta Canada-ko korresponsal batzu baitzituen.
Hego Amerikako proiektuak porrot egin ondoren, Vignauk Quebec-eko bidea hartu zuen hango goxamak gomita egin ziolako ! Goxamak aipatu zion haren lagunetan Lehen Mundu Gerlako frantses kapitain bat ezagutzen zuela eta hura untsa bizi zela Quebec-en mediku gisa.
Azken finean, 1949ko uztailaren 2an Vignau Québec-era heltzen da !
Lehen urtean Eñaut lan ttipika arizan da. Hala ere, frantsesaz gain ingelesa menperatzen zuenez Vignau-k soldata gero eta hobeak lortzen hasi zen !
Hara hemen laburbildurik Eñauten zenbait esperientzia profesional Québec-en :
1950-1952 : Radar sistema baten eraikitzeko enpresa batean arizan da.
1952 : Euskal Herrirat itzuli zen bi hilabetez amerikar fama bilduz !
1952-1986 bitartean : Prat & Whitney enpresan kontrolatzaileen kontrolatzaile gisa arizan zen!
1986an erretretan sartu zen.
Geroztik itzulpengintza eta gida bezala dirau !
Lanaz aparte, Vignau Québec-en familiatu da ere. Liliane haren andrearekin 3 haur ditu. Anne, Parisen bizi dena haren bi haurrekin, Pierre Bombardier enpresan lanean ari dena eta Jacky bere kontu ari dena.
Euskara nola atxiki duzu ?
Bordelen zelarik, haren izebarekin bai eta Tivoli kolegioko sukaldariarekin euskararen erabiltzeko parada zuen. Sukaldaria ameriketan egoniko euskaldun bat zen, Delgues izenekoa. Bestalde, militar bizian, Ibarnegaraien gidaria izana zen Lacroix euskalduna lagun hurbila zuen. Harekin lortu zuen euskararen atxikitzea.
Arnaud Vignau-k familiarekin harremanak atxikiz eta Herria astekaria ia 40 urtez irakurriz euskararekin harreman estuak ukan ditu. Azpimarratzekoa da, Vignau, Québec-en Herria irakurtzen duten multzo ttipiko kidea dela ! Bestalde, Vignau-k aipatu digu Euskal Herriko bidaietan zernahi liburu erosten dituela eta euskaraz irakutzeko parada Quebec-era ekartzen duela ere.
Adibide bezala, Aita Iratzederren « Biziaren olerkia » liburuak ainitz hunkitu zuen. Hortarako, Euskal Herriko bidaia batean erabaki zuen autoreari zuzenean zorionen igortzea !!
Azken urteetan, eta anekdotikoa bada ere azpimarratzeko abentura bat gertatu zaio. Japoniar bisitari batzuri gida gisa enpresa bat aurkezten ziela inglesez, hizkuntzen eta norberaren jatorriaz hitz egiten hasi ziren. Bat batean, Vignau Euskal Herritarra zela konturatzean, japoniarra hasi zitzaion erraiten “Nola zara Jauna” ? Ondorioz, Vignauk jakin zuen Japoniako unibertsitatean euskara ikastaldi batzu antolatuak zirela eta bisitariak han ikasi zituela zenbait esaldi !
Duela 50 urte Euskal Herriko berriak nola lortzen/ukaiten zinituen? Eta orain ?
Vignau-k 2 edo 3 urtero Euskal Herrira joaiteko parada ukan du. Bestalde, erregularki, telefonoa erabiltzen du familiarekin. Gaur egun Bittor anaiarekin gehienbat euskaraz aritzen da !
Zer da bidaien balioa Euskal Herriarekin harremanak atxikitzeko ?
Québec-en euskaraz arizaiteko gutti parada dituenez, Vignau-k Euskal Herrira etortzen den aldi oro euskara erabiltzen du eguneroko bizian ! Eta gainera, ez da hura lehenik frantsesera lerratzen !
Zer aldaketa atxeman dituzu Euskal Herrian 50 urtez atzerrian/kanpoan bizi ondoren ?
Gaur egun gazteek euskara ikasteko dituzten medioak oso onak dira ! Ikastolei esker euskara atxikitzen da baina hala ere kanpoan euskara erabiltzeko aukerak ez ditu hain haundiak ikusten Iparraldean. Vignau-k Euskal Herriko giroa euskalduntzen laguntzen du Heleta eta Donapaleu eta Garruzeko merkatuetan delarik denekin euskaraz arizanez. Merkatuek oraino haren gaztaroko euskal giroa berriz biziarazten diotela onartu du.
Aholku/Kontseilu edo gomitak :
Oso garrantzitsua da beste herri batera heltzean jendeen arteko harremanetan mena izaitea. Duela 55 urte heldu zelarik honera, etorkin gisa hemengo jendeen ohiturak hartzeko arazorik ez zuen izan : igandetan jendeekin mezara zoan, kantuen bidez ere parte hartzen zuen mezan eta ondorioz jendeekin harremanetan errex sartu zen !
Bestalde, Québec-eko frantseskia Frantziako frantseskiarekin konparatuz ez du denbora sobera galdu. Ez zitzaion ondo iduri komunikazio molde baten zuzentzea ! Alabaina, berez den bezala bere komunikazio funtzioa egiten baitu frantseski horrek. Ixilik egon, jendeak entzun, ikasi zer egiten duten, ongi moldatu (hemengo jendeen modura) eta elkartasuna erakuts ! Horiek izan dira bere 55 urteetan lagundu duten jokamoldeak ! Azken Hitza :
Elkarrizketaren bukaeran, Vignau-k harriduraz erran digu : “Ez didazue galdegin, euskal amerikar bezala zein zen nere altxorra ?! Hara beraz lur huntan nik zer kontsideratzen dudan ene altxorra ! ” Euskalduna Orain eta Beti! Vignau-k Longueuil hiriko hilerrian jada badu harri eder bat preparatua euskarazko otoitz bat argi eta garbi zizeldua gainean ! Urrikal Jauna hain zuzen ere ! Hara nola Vignau-k erabaki duen bere azken egoitzari ere euskal kutsuaren emaitea ! Hau bai dugula euskaldun peto-petoa ! Euskalduna orain eta beti !