
Gaiak
Enpresetan prebentzioaren kultura erabat txertatzeko aurrerapausoak emateko beharra
Osalan-eko zuzendaria
Dagoeneko ia inork ez du zalantzan jarri ere egiten prebentziorako politika ororen funtsezko helburuak enpresetan langileei segurtasun, osasun eta erosotasun baldintza gorenak eskaintzen dizkien kultura bultzatzeak izan behar duenik. Nolanahi ere, arlo honetan aurrerapenak egiten goazen arren, aitortu beharra daukagu oraindik bide luzea gelditzen zaigula gutxieneko gogobetetze mailara iristeko. Urte honen hasiera beltza horren lekuko.
Izan ere, estatistikek erakusten digutenaren arabera, urrun gabiltza egoera ideal -baina ez utopiko- hori errealitate bihurtzetik. Aitortzea bera gogorra gerta dakigukeen arren, horrelakoxea da egoera, nahiz eta azken lau urteotan, 2000tik aurrera alegia, etengabe behera joan den laneko istripuen kopurua.
Edonola ere, geure buruarekin lasai gelditu beharrean, enpresek euren kudeaketan prebentzioa txerta dezatela sustatzen eta eskatzen jarraitu beharra daukagu.
Laneko arriskuak prebenitzeko legea indarrean sartu zenetik bederatzi urte igaro direnean, eta kontuan izanik ezbeharren kopurua ez dela oraingoz nahi adina gutxitu, onartu beharra daukagu ez ditugula Legean jasotako helburuak erdietsi.
Besteak beste, ikusi ahal izan dugu prebentzioaren eredu berria ez dela behar bezala txertatu, eta, are larriagoa dena, enpresari batzuek oso borondate kaskarra, eta zenbaitetan hutsala, azaldu dutela euren enpresan prebentzioaren balioa integratzeko orduan; asko eta asko araua betetzera baizik ez dira mugatzen. Neure aburuz okerra den jarrera hori ez da batere lagungarria ondasun eta zerbitzuak baldintza seguru eta osasungarrietan ekoizteari dagokionez; hots, ez da kalitatezko ekoizpenarekin bateragarri.
Arriskuak desagerrarazteko, ez da nahikoa arauak formalki betetzea, nahiz eta hauek ez betetzeak erabateko porrota ekarriko lukeen prebentzioaren aldetik, inolako zalantza izpirik gabe.
Lege, erregelamendu, gidalerro eta abarrek finkatutako formalitate administratiboak betetzera mugatuz gero, prebentzioaren arloko zati bati bakarrik lotuko gintzaizkioke, garrantzirik gutxien duenera beharbada, eta, epe luzera begira, laneko arriskuen aurrean jarrera, portaera eta ohituretan eraginik txikiena izango duenera.
Gure ekoizpen sarea etengabe ari denez aldatzen, prebentzioaren gaineko ikuspegia ere behin eta berriro berrikusi eta egokitu behar izaten da.
Teknologia eta lanerako metodologia berrien etorrerak, ekonomiaren tertziarizazioak, merkatu berrien irekierak, immigrazioaren fenomenoak, laneko erregularizazio berriek eta abarrek badute eraginik laneko arriskuen prebentzioan, baina inguruabar horiek guztiek ezin dute enpresaria bere erantzukizuna betetzetik salbuetsi. Izan ere, bada auzitan jartzerik ez dagoen alderdi bat: laneko istripu bakoitzaren atzean, prebentzioko akats edo gabezia bat dagoela. Artikuluaren hasieran aipatzen nuen bezala, enpresariak legerian aurreikusitako betebeharrak eraginkortasunez bete ahal izan ditzan -hots, langileen segurtasun eta osasuna berma ditzan-, beharrezkoa da prebentzioa enpresaren jarduera eta maila hierarkiko guztietan txertatzea. Inolako zalantzarik gabe, hori lehen mailako helburua dugu bai Osalanen jardueran, bai berau barnebiltzen duen Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailarentzat.