277 Zenbakia 2004-11-19 / 2004-11-26

Efemerideak

Efemeridea. 1905eko azaroaren 21ean jaio zen Donostian Pilartxo Sansinenea



Donostian sortu zen 1905eko azaroaren 21ean. Gazterik umezurtz gelditu zelarik, 15 bat urte zituela edo, osaba-izeben etxean bizi izan zen Tolosan. Bere osaba Doroteo Ziaurritz sendagile eta politikari euskaltzale ezaguna zen. Etxeko giro hartatik zetorkion, noski, Pilar Sansineneari euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna. Hurbil-hurbiletik bizi izan zuen Tolosako lehen ikastola, Euzkel-Ikastola sortzea. Eusko Ikaskuntzaren laguntzaz ikastolak etenik gabe iraun zuen 1936ko gerra bitartean. Pilar Sansinenea hasiera-hasieratik izan zen ikastolaren urgazle, Iñaxi Munita eta beste andereñoei laguntzen, ikastolak bere gelak Gorriti plazan zituenean. Neska-mutilak batera hezitzea onartu zuen lehen ikastolatakoa izan zen Tolosakoa: tradizio karlista sakona zuen herrian oztopo eta eragozpen ugari gainditu behar izan zituzten hartara iristeko. Pilar Sansinenea gaztetarik egon zen sartuta politika gauzetan; 1931an Emakume Abertzale Batza sortu zenean Tolosan, lehendakari izendatu zuten.

Eusko Ikaskuntzako udako ikastaroa 1932an. Pilar Sansinenea (janzki iluna darama). Argazkia: Auñamendi. Eusko Ikaskuntzak berebiziko garrantzia izan zuen urte haietan, ikastoletan ernetze bidean zen hazia ihar ez zedin. Indarrak bildu eta pedagogia berrietan sakontzeko bilkurak maiz antolatzen zituen, eta horietan harreman estua izan zuten hasieratik Iñaxi Munitak, Elbira Zipitriak eta Pilar Sansineneak.

Gerra aurretik Jexux Elosegi argazkilariarekin ezkondu zen, eta ordutik aurrera lehen baino indar handiagoz murgildu zen politika-lanetan. Gerra sortu eta frankistek Tolosa hartu zutenean, Hondarribira joan ziren, eta handik Ziburura lehendabizi eta Sarara gero. Eusko Jaurlaritzak antolaturik, 1938an Eresoinka abesbatzan ibili ziren senar-emazteak Europan barna euskal izaeraren berri ematen.

Bigarren Mundu Gerraren aurretik, bi urtez (1939-40) senarra Tarbeseko (Frantzia) arma-fabrikan ari izan zen lanean, baina alemanen erasoa gertu zela eta, Euskal Herrira itzultzea erabaki zuten; Jexux Elosegi batallón de trabajadoresean Oiartzungo Aiako errepidean lan egitera beharturik egon zen hilabete batzuetan. Pilartxoren familiak Pasaia Donibanen arrain-olio bitaminikoak egiteko fabrikan urte batzuetan lan egin ondoren, senar-emazteak Donostiara joan ziren bizitzera, Ulia auzora. Senarra gaixotu zenean Tolosara itzuli ziren betiko. 1979an alargundu zelarik, Pilar Sansineneak ez zion inoiz utzi euskaltzaleei laguntzeari. Bertan hil zen 1997ko abuztuaren 28an, laurogeita hamaika urte zituela.