276 Zenbakia 2004-11-12 / 2004-11-19

Efemerideak

Efemeridea. Jose Maria Satrustegi, nafar idazlea, Arruazun jaio zen 1930eko azaroaren 15ean



Jose Maria Satrustegi. Iruñeko apaizgaitegian ikasketak egin ondoren apaiz egin zen 1955ean, eta Luzaideko apaiz-lagunkide izendatu zuten aurrena eta Urdiaingo erretore gero. Egan, Euskera, Olerti, Luzaide, Gure Herria aldizkarietan, El Pensamiento Navarro egunkarian eta Príncipe de Viana, Euskalerriaren Adiskideak elkarteen buletinetan eman ditu argitara euskal etnografia eta kulturari buruzko lan aipagarrienak. Euskaltzain osoa 1964. urteaz geroztik. 1965ean Bordel bertsularia obra argitaratu zuen, eta handik bi urtera Luzaide’ko kantak. J. M. Sánchez-Silvaren Marcelino, pan y vino obra euskaratu zuen 1970ean Ardo eta ogi Martxelin izenburupean, eta Euskaltzaindiak Euskal izendegia plazaratu zion 1972an. 1973. urtean Ekaitza eleberria eta J. Redortarekin batera eginiko Asis-ko Frantsez santua-Iruzkiaren abestia argitaratu zituen. 1974an, Lewis Carrol-en Alice’s Adventures in Wonderland euskaratu zuen, Alizia izenburupean. Satrustegirenak dira, halaber, Euskaldunen seksu bideak (1975), La puerta de España en el camino de Santiago (1962), Estudio etnográfico de Urdiain (1967), Personajes populares relacionados con la brujería (1970), Solsticio de invierno (1988), Mitos y creencias (1980) eta Antropología y lengua (1989). Eusko Jaurlaritzako Euskara Batzordeko aholkularia, Nafarroako Kultur Kontseiluko kidea, Eusko Ikaskuntzako Ameriketako Institutuko urgazlea eta aipatu elkarteko Batzorde Iraunkorreko kide. Euskaltzaindiaren idazkaria urte askotan. 2003ko martxoaren 27an zendu zen.

Irakurri Euskonews&Mediak plazaratutako elkarrizketa:

http://www.euskonews.com/0138zbk/frelkar.htm