273 Zenbakia 2004-10-22 / 2004-10-29

KOSMOpolita

EuskoSare: Euskal Komunitate Globalarentzat Sarea

AUZA, Gonzalo

EuskoSareko zuzendaria SALA, Teresa



2003 urteko uztailean Gasteizen ospatutako Euskal Gizataldeen Mundu Kongresuan lehenengo aldiz aurkeztutako proiektuak 2004 urte honetan hasi du bidea.

Zer da Eusko Sare?

Eusko Ikaskuntzak bultzatutako egitasmoa da, eta munduko euskaldun guztien eta hauek batzen dituzten erakunde guztien arteko komunikazioa eta kooperazioa areagotuz, Euskal Komunitate Globalaren hazkundea ahalbidetzea du helburu. Ekimen honen inguruko informazio guztia www.euskosare.org webgunean aurkitzen da.

Zeintzuk dira egitasmoaren ezaugarriak?

Euskaldun guztien arteko eta euskaldun guztien zerbitzura egongo den sare bat sortzea nahi duen askotariko ekimen zabala da. EuskoSare lankidetza espirituan oinarritzen da, eta baita sare horretako norbanakoen ahalmenak borondateen elkartasunek eta munduan zehar artikulatutako ekintzek soberan gainditzen dutenaren ziurtasunean.

Bere helburuak lortzeko, EuskoSarek, Internet ez ezik, euskaldun guztiak, euskaldun guztien lagunak eta hauen erakundeak integratzeko baliagarriak izango diren bestelako tresna eta bitartekoak erabiliko ditu. Ekimen guztiak eutsiko dituen Interneteko plataforma 2005 urtean aterako da.

Zergatik bultzatzen dugu EuskoSare?

Munduan zehar diren euskaldunen ondorengoen eta Euskal Herriak egun dituen biztanleen kopuruari so eginez gero, erraz antzeman daiteke gutxi direla Euskal Herriaren eta Diasporaren arteko harremanei eusten dieten eragileak.

Hala izanik, mundu guztiko euskaldunen eta hauek batzen dituzten erakunde guztien arteko harreman egitura anizkuna eratzearen erronka aurkezten da, Euskal Komunitate Globala sortu ahal izateko.

Gizabanako eta erakundeen arteko harreman egitura anizkunak emari ekonomikoak, kulturalak, hezigarriak eta sozialak areagotuko dituela uste dugu eta horrek Euskal Herriko eta munduan zehar bizi diren euskaldunen garapena eta hazkuntza ahalbidetuko du.

Maiz, eta Euskal Herriko euskaldunen ikuspuntutik, Diaspora urruneko fenomeno folkloriko gisa antzematen da. Era berean, euskaldunen ondorengoak bizi diren herrialde anitzek ez dute Euskal Herriaren ikuskera eguneratua. Hala, Euskal Herrian Diasporaren ikuskera eguneratzearen beharra inposatzen da eta baita Diasporan Euskal Herriarena ere. Munduari euskaldun guztien irudi aberatsa eta plurala erakutsi behar zaio.

Zergatik Eusko Ikaskuntza?

Egitasmo hau, Eusko Ikaskuntzak sortu zen une beretik dauzkan helburuei fideltasunez erantzunez eta azpiegitura zein ezagutza teknologikoez baliatuz landu da.

Gainera, bada gisa honetako egitasmo bat aurrera eraman ahal izateko behar beharrezkoa den hirugarren elementu bat ere. Eusko Ikaskuntza Euskal Herri guztian presentzia eraginkorra duen erakunde independente bat da, mundu guztiko eta mota guztietako Instituzio eta Organismo publiko zein pribatuekin harremanak bideratzeko prest dagoena.

Egun, EuskoSare Eusko Ikaskuntzaren baliabideekin funtzionatzen ari da. Gainera, erakunde honek ahaleginaren errentagarritasuna bermatuko duen gutxieneko finantzaketa kudeatzearen ardura hartu du. Betiere, Euskal Zentroek egun dituzten finantzaketa iturrien independentziaz.

EuskoSare Interneteko tokia al da soilik?

Ez, EuskoSarek dituen helburuak bete ahal izateko tresna pribilegiatua da Internet. Alta, sare honen garapenak Internetetik kanpo dauden programa anitzen egikaritzea dakar (programa hauek guztiak etorkizuneko webgunean aurkituko dute sostengua). Hauetariko programa batzuk abian daude jada.

Nola artikulatzen da sarea?

Munduko gizabanako eta erakunde bakoitzak burutzen duten elkartasun ekintza bakoitza jada EuskoSaren lanean diharduten gainontzeko kolaboratzaileen antzeko ekintzekin integratzen eta osatzen dira. Hemen errotzen da EuskoSareren indarra: lankidetzan oinarritutako ekimena da, ez da zentralizatzailea.

Eusko Ikaskuntzak ez du, zuzenean, proiektu hau gauzatzearen ardura. Aipatu erakundeak, munduko euskaldun guztien eta hauen erakundeen artean modu kooperatiboan egindako ekarpenak bideratuko ditu. Hala, ekarpen hauek guztien zerbitzura izanen dira. Euskaldun guztiena izango den eta euskaldun guztien zerbitzura egongo den proiektua da.

Programa, eduki eta zerbitzuen eskaintza orokorra osatzeko gizabanako eta erakundeen ekarpenei Eusko Ikaskuntzak eskainitako elementu original anitz gaineratzen zaizkie.

Azken finean, sarea sortu eta hau munduko euskaldun bakoitzaren, kultur erakunde bakoitzaren eta euskal komunitate bakoitzaren zerbitzura jarri nahi da. Kolaborazio guztiak artikulatzeko beharrezkoak diren ekintzak gauzatu eta proiektu, pertsona zein erakundeen artean sinergia sortu, Euskal Komunitate Globalari bizia emanez.

Zein da, egun, sarearen hedadura?

EuskoSare Amerika, Europa, Asia eta Ozeaniako 50 hiritan baino gehiago dago jada, mundu mailako kolektibo honi itxura eman ahal izateko laguntzeko prest azaldu diren norbanako eta erakunde askori esker. Sarearen hazkuntza ikusgarri hau, eta Euskal Komunitate Globalaren eratzeari dagokionez, Diasporako euskal komunitate ezberdinek erakutsi duten interesaren erakusgarri da.

Nori dago zuzendua sarea?

Eusko Sare egitasmoak honako hartzaileak hauek barne hartzen ditu: Euskal Herriko euskaldunak, Euskal Herriko erakundeak, Diasporako erakundeak, Diasporako erakundeetako kide diren euskaldunak, erakundeetako kide ez diren Diasporako euskaldunak, munduko edozein tokiko euskaldunen lagunak, eta aurreko taldeen interesa sor dezaketen mota guztietako elkarte eta erakundeak.

Hain ezberdinak diren hartzaileei arreta mailaz maila ezarri beharko zaie, hartzaile posible guztiei zerbitzu eta edukiak eskaini ahal izateko modu egokiena aurkitu arte.

Nola hartu daiteke parte?

Sare honetan interesa duen gizabanako edo erakunde orok gaur bertan izan daiteke bertako partaide. EuskoSarek Interneten duen informazio gunearen bidez (www.euskosare.org), parte hartzeko beharrezkoak diren datu guztiak har daitezke.

EuskoSare bestelako ekimenekin norgehiagoka ari al da? Ez, EuskoSare ez da inolako ekimen edo proiektuekin norgehiagoka ari. Lankidetza da EuskoSareren oinarria eta, zentzu honetan, Euskal Etxeak eta bestelako erakundeak indartzea nahi du, eta baita euskal ekimen guztiak, bai Internet-en barne, eta baita kanpo ere.