248 Zenbakia 2004-03-26 / 2004-04-02
Traducción al español
Itsasoa laino dago
Baionako barraraino
Nik zu zaitut maiteago
Txoriak bere umeak baino
Bazan behin, herri txiki baten,…
Urkiolara joan
zapatak urrutu (bir)
Aita San Antoniok, maitea,
Barriak egingo ditu, ai, ai! (bir)
Eta halan izan zan betiko
Eta halan bazan ez bazan, sartu daitela kalabazan, eta urten (Derio)ko plazan.
H Karl Wilhem von Humboldt
olango zenbat esan eta entzun ete dira gure etxeetan, lo egiteko, beharrean, bazkalostean, sutondoan, erromerian, jokoan, urteko egun seinaladuetan (Santa Ageda, Gabon...).
Eta zer dira holangoak? Ba herri baten adierazpideak, herri horren nortasun eta izakeraren erakusleak, urteak joan urteak etorri bizimodua aldatu eta egokitu arren iraun egiten dabenak. Eta danen artean herri edo ahozko literatura deritzana osatzen dabe.
Nondik gatozen jakitea garrantzitsua da nora joan erabagiteko. Labayru Ikastegiaren ibilbidean jokabide hori izan da nagusi arlo guztietan. Alfabetatzean inguruko euskerea landu eta gero albo euskeretara jotzen da, ‘dagikunetik ez dakigunera’ leloari jarraituta. Etnografian gure herriko jendearen ohiturak, siniskerak, bizimoduak zelangoak izan diran jakiten ahaleginduten gara gure herriaren nortasuna hobeto ezagutu gurean.
Hizkuntzagaz eta etnografiagaz lotuta dago herri edo ahozko literatura, hau da, herrian sortu eta ahoz zabaldu dan literatura. Gure artean, oraintsura arte, ahozko literatura idatzia baino oparoagoa izan da. Baina zer sartzen da kontzeptu horren barruan? Euskerearen eremuan, herri literaturatzat hartzen ditugu ahoz aho zabaldu diren kantuak, ipuinak, errefrau eta esamoldeak, igarkizunak, bertsolaritza eta antzerki mota batzuk, pastoralak adibidez.
Genero bakotxak bere berezitasunak daukaz, jakina, eta batetik bestera aldea dago. Baina orokorrean, ipuin-kantuok mundua ulertzeko modu bat erakusten dabe, gizarte bat antolatzeko modu bat. Gizarte edo giza-talde bakotxak bere erara adierazten ditu halangoak, siniskera, pentsakera eta adierazpideak bere nortasunera egokituta. Ha ta guzti be, ingurukoagaz lotu-lotuta gagoz, eta kulturak be lotuta dagoz, sarritan guk uste doguna baino estuago ganera. Portada de una obra de Humboldt.
Gure herri literatura oso deigarri eta erakargarria izan da aspaldiko garaietatik atzerriko ikerlarientzat. Webster, Humboldt, Vinson dira euskal altxorra batu dabenen artean lehenengotakoak. Geroago etorri dira beste batzuk, euskaldunak, lan handia egin dabenak: Resurrección Mª Azkue, Jose Miguel Barandiaran, Manuel Lekuona, Aita Zavala beste batzuen artean. Azken urteetan zabaldu egin da herri literaturaren ganeko ardura eta hainbat alkarte eta erakundetan lantzen da modu batera edo bestera: Maria Goyri Mintegia, Labayru Ikastegia, Euskaltzaindia, Bertsozale Elkartea, Eusko Ikaskuntza, Xabier Amuriza.
Labayru Ikastegiak, Derioko Udako Euskal Ikastaroaren irakaskuntza adarraren osagarri, lehenengotik eratu ebazan “Mikel Zarate Iker Mintegiak”, hizkuntza eta literaturaren ganeko ikerketak bideratuteko, tartean zirela hizkuntzalaritzaren ganekoa, literatur azterketak egitekoa eta herri literaturaren ganekoa. Azkenengo ikerketa arlo horreri jagokonez, eginkizun bi izan ditugu batez be. Alde batetik ahalik eta gehien eta ahalik eta arinen batu, jaso informazinoa, eta bestetik hori barriro gizarteratzea.
Batu. Bizimodua asko aldatu da denpora gitxian, eta aldaketa horrek trasmisino bideak aldatu eta murriztu ditu. Guraso gazte askok ez dakiez euren gurasoek umeei abesten eutsiezan kantak eta kontetan eutsiezan ipuinak. Ganera, ume asko eta asko ez direnez aitita-amamakaz bizi, gurasoek disko eta ipuin idatzietara joten dabe errepertorio bila. Hori dana dala-ta, preminazkoa da guztiz oraindino bizi diran informanteengandik ahal dan guztia jasotzea.
Horrez ganera, oraindino agertzen dira han-hor-hemen erdi ostonduta erdi galduta egon diran paper, agiri, koaderno eta era askotako testuak, batzutan lore bitxi benetakoak. Iturri biok dira garrantzitsuak errepertorioak osotu eta finkatzeko.
Hona arlorik arlo oraindik eginkizun ditugun beharretako batzuk. Una de las obras de Resurreccion Maria Azkue Aberasturi.
· Euskal baladen corpusa osatzeko dago. Beste kultura batzutan gai nagusiak bereiztu eta haren inguruko aldaerak identifikatu eta zehaztuta dagoz. Gure artean egin dira horretarako ahalegin batzuk, Maria Goyri Mintegikoen Euskal baladak I eta II, Labayru Ikastegiak argitaratutako Mendebaldeko euskal baladak eta Antonio Zavalaren Euskal Erromantzeak adibidez. Baina oindino asko falta da jatorrizko aldaerak ondo finkatu eta alkarren arteko azterketa konparatiboak zehatz egiteko. Esaterako, gure artean Jabier Kalzakortak, Idatz & Mintz aldizkarian argitaratutako artikuluetan, ekarri oso interesgarriak egin ditu zenbait balada-gai finkatzeko, bai bertsio orain arte ezezagunak argitara emon dituelako, bai lehendik ezagunak zirenak zuzentzeko eta hobeto ulertzeko argibide interesgarriak ekarri dituelako.
· Kopla munduan be badagoz hainbat bilduma han-hor-hemen argitaratu diranak. Ha ta guzti be, katalogo zehatzik ez daukagu, ezta sailkapen argirik be.
· Ipuinetan beste kultura batzutan gaikako sailkapen zehatzak egin dira, kultura batetik bestera konparatzeko modukoak ganera. Gure artean holangorik ez da oindino egin, eta oso interesgarria izango litzateke, inguruko beste herri batzuen folkloreagaz zer lotura daukagun eta geure-geurea zer dan jakiteko be.
Gure zeregina, helmuga zein dan ikusita, bide horretan aurrera egiteko pausuak emotea da.
Gizarteratu. Behin materiala batuta, eta corpusak ondo osatuta, hainbat ikerketa bide dagoz. Katalogoak eta sailkapenak ondo egiteko, esaterako, zehatz aztertu behar dira aldaerak hizkuntza aldetik, gaien aldetik eta abar.
Labayru Ikastegiak ikerketa bide eta, ondorioz, gizarteratzeko bide bi ditu arlo honetan. Facsímil de la portada de una de las obras más conocidas de J.M. Barandiarán.
· Bata ikerketak argitaratzea da, eta horretarako maila, esparru eta helburu ezbardineko argitalpenetara bideratuten dira lanak.
Lan batzuk ikerketa moduan argitaratu dira Litterae Vasconicae eta Idatz & Mintz aldizkarietan, biak Labayruk berak argitaratuak. Lehenengoa hizkuntza eta literaturari buruzko lan filologikoak argitaratzeko da, bigarrena literatur aldizkaria da, irakurgaiak emoten dituena, dala sorkuntza lan barriak dala lehenagokoak. Herri literaturako lanek beste erakusleku bat dauke Labayru Ikastegian, Laratz liburu sortan. Bilduma orain arte osatzen daben bost liburuetan euskal balada eta ipuin-sortak eskaintzen dira, jagokezan sailkapen, ohar, azterketa eta abarrakaz horniduta.
· Gaiok gizarteratzeko beste bidea zabalkundea eta didaktika arloagaz lotuta dago. Ibilbide horren lehenengo atala “Katuen testamentua” izenagaz atara zan materialak osatu eban. Erizpide jakin batzuen arabera gure ondaretik kantu batzuk aukeratu eta, kantatzeko modu jatorrizkoari erreparatuta, musika aldetik hornituta atara ziran disko baten, Oskorri taldekoen bitartez. Horregaz batera kantu bakotxaren ganeko ariketak, jokoak, hizkuntz argibideak eta antzekoakaz, eskolan nahiz etxean erabilteko moduko liburu bat atara zan, alderdi didaktikoa lantzeko.
Horren ostean, ez Labayru Ikastegiak berak bultzatuta, baina gure aholkuagaz, Ruper Ordorika buru zala, Hiru Truku taldeak disko ederra atondu eban balada-gaiakaz. Manuel de Lecuona Echabeguren. Foto de 1930.
Eta kateari jarraituta, “Urte-sasoiak” proiektua etorri zan. Egitasmo honetan, Labayru Ikastegiagaz batera, parte hartu eben Ikastolen Elkarteak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Aldundiak. Lau aleko sorta da, bat urte-sasoi bakotxeko. Eta ale bakotxak diskoa, liburua eta bideoa daukaz. Edukirako materiala Labayru Ikastegiaren fondotik atara zan, kasuan kasuan behar dan aukeraketa eginda. Diskoa kantuz osotuta dago, jakina, baina ganerako materialen bitartez kantuok kultura eta etnografia aldetik girotu egiten dira, noiz, zelan, non eta zertarako kantatzen diran azalduz. Sarritan kantuon jatorriak azalpen jakin bat dauka, edo historia edo ziklo bateri lotuta dago. Hori dana jakitea komeni da, eta hori azaltzeko da material didaktiko hori, lehenagoko materialak zabalkunderako bitarteko barriakaz bat eginda.
Kultura baten barruan. Izan be, kultura esparruok guztiok ezin dira bakotxa bere aldetik osotasuna balira moduan aztertu. Siniskerak ipuinekaz lotuta dagoz, ipuinak hizkuntzagaz, hizkuntza soinuagaz eta soinua dantzagaz, eta danak dira giza-talde jakin baten izaeraren adierazle. Herri literaturari ahozko literatura be esaten jako, eta berez, literatura idatziaren aurrez aurre jartzen da. Baina hori be ez da holan guztiz, batetik besterako joan-etorria etengabea da-ta. Ez dago Gabriel Aresti eta Bitoriano Gandiagaren poesia irakurtea baino, izan be, azken baten corpus orokor beretik edaten dabe danak. Baina kultura zertan dan jakin gura izan ezkero, ez dago dudarik ezinbestekoa dogula antzina-antzinatik jatorkun iturri horretatik edatea. Menu GAIAK Inicio > EM 248 > Gaiak -->
2004/03-26/04-02