248 Zenbakia 2004-03-26 / 2004-04-02

Gaiak

Labayru Ikastegia hiztegigintzan

AREJITA, Adolfo ETXEBERRIA, Igone

Labayru Ikastegia hiztegigintzan Adolfo Arejita, Igone Etxebarria

Traducción al español

L Labayru hiztegia. (www.megadenda.com)

abayru Ikastegiaren lan-esparrua batez be Bizkaia izanik, bizkaiereari lehentasuna emon jako beti, euskal hiztunek darabilen euskera mota abiapuntutzat hartu izan dalako. Horrek ez dau kentzen beste euskalkiei be behar daben balioa emotea, eta hori dala-ta, euskeraren batasuna eta dibersidadea buztartzeko ahalegina betidanik egin dau Labayru Ikastegiak, euskera batua eta bizkaiera literarioa biak onartuz eta landuz. Urteetako ibilbide horretan bizkaiera-eredu bat finkatzen joan da, denporearen buruan formalizazino handiagoa emon jakona. Irakasle, idazle eta ikertzaile mordoaren izenak aitatu leitekez, bide horretan lehen urratsen emoile izan ziran Mikel Zarate, Karmelo Etxenagusia, Ander Manterola, Lorentzo Zugazaga eta Jose Mari Irazolarenak kasurako.

Gero, ikerketa, literatura eta didaktika mailan lan asko egin da. Eusko Jaurlaritzak eskatuta, Labayruko kide eta orduan Bilboko Hizkuntza Eskolako irakasle ziran batzuen artean bizkaierazko deklinabidea, aditza eta joskeraren ganeko eskuliburu bi atondu ziran larogeiko hamarkadan. Eta oraindino oraintsuan (2001) ahalegin bat gehiago egin da, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren ekimenez eta Labayru Ikastegiaren ardurapean Bizkai euskeraren jarraibide liburua. Lehenengo pausuak liburuaz bizkaiera idatziaren finkatze-ahalegin horretan. Hiztegigintzako urratsak 3000 hiztegia. (www.megadenda.com)

Aspaldirik ikusten zan, ostera, hiztegi arloko hutsunea: batez be bizkaiera idatziari begira, baina baita bizkaieratik batura egin beharreko ekarriaren aldetik be. Eta hutsune hori beteteko asmoz heldu eutsan Labayru Ikastegiak hiztegi-egitasmoari. Bizkaiera eta batua biak batera eskainiko zituan eskola-hiztegi bat ontzeko egitasmoa 1983an bertan hasi zan lantzen, erispideak finkatzen eta lehenengo urratsak emoten. Harrezkeroko bidea luzea izan da, harik eta Labayru Hiztegia atera arte.

Labayru Ikastegia hiztegigintzan hasi zan orduan ez egoan gaurko beste hiztegi. Asko ez izanez ganera, ez ziran nahikoa gaur egungo beharrizanai erantzuteko. Iturri klasikoa Azkueren hiztegia zan: hiztegi aberatsa eta meritu handikoa egin zan sasoirako. Euskal hitzen corpus ugaria, ahozko eta idatzizko iturrietarik ugaria dakar, eta hitzen esanahiak emoteaz gainera, aldaera asko eta non erabilten diran seinalatzen dau, autoreen lekukotasunak be barne dirala. Plazido Mugikaren hiztegiak be hor ziran, lehenengo gaztelania-euskerakoa eta gero euskera-gaztelaniakoa. Metodologia aldetik izan dituan kritikak gorabehera, guztiz aberatsa, ahoz erabilten diran berba asko, sarritan gitxien uste diranak edo beste inon aurkitzen ez diranak jasorik dakarzana, nahiz ez dinoan ez non ez zelan erabilten diran hitzok. Hor egoan Diccionario Retana de Autoridades, Azkueren lana osotuteko asmoz egina, eta beronetan Aita Lino Akesoloren buru argi eta luma zorrotza ikusten dala. Xabier Kintanaren Hiztegi 2000 be baegoan ordurako, eredu batuaz idazteko hainbat urtetan erreferentzia bihurtu zana. Iparraldeko euskararen lexiko-erreferente nagusia Lhanderena zan gudu aurreko denporetatik.

Labayru Hiztegia eginez joan dan urteetan hiztegi barri asko, modernoak eta dibersifikatuak, argitaratu dira, gaur egun liburudendetan aurkitzen errazak: Elhuyar, 3000 Hiztegia, Sarasolarena, sinonimoenak be bat baino gehiago, txiki-handiak, hizkuntza bikoak eta bakarrekoak... Eta danen ganetik Orotariko Euskal Hiztegia, ganerako guztietarako derrigorrez erabili beharreko erreferentzia. Euskarritan be danetarik dago, paperean inprimatuak edo digitalizatuak, CD-Rom bidez eta Interneten konsultau daitekezanak. Labayru Hiztegia-ren ezaugarriak 2000 hiztegia. (www.megadenda.com)

Labayru Hiztegia egiteko orduan oso gogoan izan da hiztegi bat ez dala berba zerrenda hutsa. Berbak hizkuntzaren barruan dagoz eta testuinguru horretan daukie balioa. Beraz, joskera eta gramatikagaz lotuta ulertu behar dira beti. Horrez ganera, berbak erabilten dituenaren pentsamoldea eta kultura erakusten dabe, hori barik ezin dira aitu be egin sarritan.

Labayru Hiztegiak bizkaierako eta euskalki guztietako berba eta esamoduak batzen ditu. Euskerearen batasunak hogeta hamar urterik gorako bidea eginik daukala eta gure eskolari eta unibertsitari gazteak, asko eta asko, euskera batuan eskolatuak izanik, ezin horreek guztiok baztertuko dituan hiztegi bat egin.

Ha ta guzti be bizkaiera egiten daben euskaldunak aintzat hartu gura ditu batez be Labayru Hiztegiak, preminarik handiena euki dabenak eurok ditugu-eta, baina, gaurko egoereari jagokon lez, eredu idatzi bi jaso ditugu batera: bizkaiera eta batua, eta edonongo berbak daukie sarrerea hiztegian, baina bizkaiera eta baturako bariante diferenteak diranean, ikur bana ipini jake, kodigo bakotxean zein erabili erakusteko.

Eskola-hiztegia dala be esan daiteke zentzunik zabalenean, irakaskuntzako edozein mailatan erabilteko modukoa. Ez dau hartzen, Azkuerenak legez, ondare-hiztegia bakarrik, ahoz zein idatzizko testuetan erabili izan dan hiztegia bakarrik; gaur egungo jakintza eta zientzia arloetan erabilten dan lexiko modernoa be jasorik dakar. Eskolarako hiztegia izateko beste arrazoi bat, hitzak aurkeztu eta azaltzeko dauen metodologia eta erabili dan pedagogia dala esan daiteke.

Ekarririk garrantzitsuena geroari begira, duda barik, bizkaieraren eredu idatzia finkatzea izango da. Hiztegi honek bizkaierazko hiztegiaren normalizazinoa dakar beragaz. Egileek normalizazino hori prozesu historiko eta ebolutibo baten barruan kokatu gura izan dabe: hau da, ahalegin handi bat egin da horri buruz erabilera-erispideetan oinarriturik, baina ez dau horrek esan gura behin betikoa danik hitz guztien forma bakotxean. Bideak ibilian punturen batzuk aldatu edo zuzentzea eskatuko dau denporeaz, baina zimendu nagusiak hemen ipintzen dirala esan daiteke.

Hiztegiaren beste ekarri handi bat da berbaz erabilten diran forma asko, beste inon idatzita nekez topetan diranak, jasotea, eta jasoriko hitz horri idatzizko forma jakin bat emotea. Askotan jazoten jaku gauza bat era batera esango geunkela pentsau eta idatziz zelan emon ez dakigulako beste forma batera jotea. Hiztegi honek era horretako zalantza asko argituko dauzalakoan gagoz. Norentzako hiztegia Elhuyar hiztegia. (www.megadenda.com)

Labayru Hiztegiaren hartzailea edozein euskaldun izan daiteke berez, gaztea nahi heldua, eskolatua nahi eskola gehiegi bakoa. Baina galbahe finagoa erabilita, egia da batzuentzat beste batzuentzat baino aproposagoa gerta daitekela.

Euskerea idatziz erabili edo landu behar dauenari egiten deutsala mesederik gehien esan ginei bildur barik. Labayru Hiztegiak erakusbide aiutuak eskaintzen deutsoz idazle, itzultzaile zein irakasleari, berba batek ze ingurune behar dauen, ze beste berbagaz ondo josten dan, ze sintaxi jagon behar dauen eta halakoetan.

Testu bat euskeraz sortu edo atondu behar dauena zetara ezean egoten da batzuetan, idatzi dauena ondo esanda dagoanentz: esaterako, aditz batek inguruko ze argumentu eskatzen dauen ziur ez dagoala. Zelan esan behar da: Itxaron zeure txandea ala Itxaron zeure txandeari? Oratu sendo alboko hagea ala alboko hageari? Halako zalantzak txitean-pitean sortzen jakuz idatzi orduan euskaldunoi, harabere gehiago euskera endekatua edo erkindua daukanari. Halangoxeari egiten deutso mesede handia Labayru Hiztegiak.

Eta euskaldunbarriai be sekulako mesedea egin legioe, euskaldunbarri izatetik euskaldunzahar izatera bihurtzen. Berbak ezeze berba-kateak be bai Orotariko euskal hiztegia. (www.megadenda.com)

Hiztegigileon asmoa berba baten gaztelaniazko esangurea emotea baino harago joatea izan da. Berba bakotxaren atzean ze berba-kate, esamolde edo lokuzino sortzen dan erakusteari sekulako ardurea hartu deutsagu.

Eta idatzizko zein ahozko euskeran zeintzuk diran erabilienak, hareexek batu eta egokitzen saiatu gara. Berbarako, ilun hitza ‘oscuro’ edo ‘oscuridad’ dala esatea ez da nobedadea. Hemen zein beste edonon topau leiteken informazinoa da hori. Baina sarrera nagusi horren azpian, azpisarrera legez sartu ditugu beste honelango batzuk: ilun egin ‘oscurecer’, ilun egon ‘ser de noche’, ilunetan edota ilunik ‘a oscuras’, ilun-unada ‘deslucimiento’, eta halan beste batzuk.

Berba baten esanda, Labayru Hiztegiaren bidez, hitzen esangurak adierazoteaz ganera, berbak esaldian euskal erara eta ondo josten lagundu gura deutsagu zeregin horretan dabilenari, hitzak hizkuntza egituraren barruan erakutsi kontsultagileari. Aurrerantzean be hiztegigintzan Hiztegigintza eta lexikoaren azterketa inoiz ez da agortzen, hizkuntza bizirik dagoen bitartean aldatzen doa eta beste era bateko beharrak sortzen dira. Horregaitik, eskola-hiztegi honek zabaldutako bideak aurrera egingo dau Labayru Ikastegiaren zereginen artean. Helburua da datu-baseak hornidu, zehaztu, findu eta argitutea, eta gerora beste argitalpen batzuk emotea, orokorrak zein berezituak. Menu GAIAK Inicio > EM 248 > Gaiak -->

2004/03-26/04-02